Kaleko saltzaileek Bilboko Udalari exijitu diote udaltzainen eraso «arrazistak» ikertzeko eta halakoak amaiarazteko

Udaltzainak gogor oldartu zitzaizkion kaleko saltzaile bati astelehenean, Bilboko Goienkalen. Hori salatzeko, elkarretaratze bat egin dute Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole taldeek.

Kaleko saltzaileen aldeko elkarretaratzea gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Kaleko saltzaileen aldeko elkarretaratzea gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
14789412 kepa
2026ko abuztuaren 13a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez da bidezkoa gu horrela tratatzea, bizirik irauteko saltzen aritzeagatik; bizimodua ateratzeko lan egiteagatik, alegia». Hitz horiek erabiliz, Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak irmo kritikatu dute Bilboko udaltzainak kaleko saltzaile bati gogor oldartu izana, abuztuaren 10ean, Zazpikaleetako Goienkalen. Are, «arrazakeria instituzionaltzat» jo dute eraso hori, Bilboko Udaleko arduradunei ari zitzaiela. Hori ikusirik, «arrazaren araberako jazarpenari eta mota guztietako abusuei amaiera emateko» exijitu diete agintariei, baita eraso horiek ikertzeko ere.

Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole taldeek deituta, dozenaka lagunek egin dute elkarretaratzea gaur arratsaldean, Bilboko Zamudioko Atean: abuztuaren 10ean udaltzainak kaleko saltzaile bati oldartu izana salatzeko batu dira, Manteroen aurkako jazarpenik ez. Bizirautea ez da delitua irakur zitekeen pankarta baten atzean.

«Lau udaltzainen artean bortizki atxiki zuten lurrean, eta salgaiak konfiskatu zizkioten. Gero, atxilotu, Poliziaren autoan sartu, eta komisariara eraman zuten. Han zenbait orduz eduki eta gero, aske utzi zuten», esplikatu dute deitzaileek. Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole taldeetako ordezkariek aitortu dute «ulertezinak» egiten zaizkiela poliziek egun horretarako prestatutako operazioa eta egindako esku hartze bortitza. Hala ere, argi daukate: «zalantzarik gabe, [jarduketa] arrazistak» izan ziren.

Izan ere, kaleko saltzaileek nabarmendu dute asteleheneko erasoa ez dela «bakana»; haien hitzetan, «egunero» jasaten baitituzte horrelako jokabide bortitzak udaltzainen aldetik. «Etengabe, gure gorputzen eta gure bizitzen kontrako bortizkeria eta arrazakeria instituzional eta polizial larria pairatzen ditugu», salatu dute.

«Udalak inoiz ez du inolako asmorik agertu amaiera emateko Poliziaren eraso arrazista etengabe horiei»

MANTEROEKIN BAT PLATAFORMA

Gainera, bi taldeek ohartarazi dute horrelako jokabideek «oso ondorio kaltegarriak» dituztela, hala nola isunak, prozesu judizial amaigabeak eta ondorio penal larriak.

Uztailaren 4an esplikatu zutenez, «200 espediente baino gehiago» ireki ditu Ertzaintzak kaleko saltzaileen aurka, eta, orain, «ondorio oso-oso larriei» egin beharko diete aurre akusatuek. «Ez gara multa txikiez ari; kartzelari buruz ari gara hitz egiten, eta mila eurotik gorako kalte ordainez», salatu zuten. Marka handiek eskatzen dizkiete, hain justu, kalte ordain horiek. 95 euro kamiseta bakoitzeko, «edo 5.700 euro manta bakoitzeko», azaldu zuten.

Bide batez, kaleko saltzaileek aldarrikatu dute beraiek ere Bilbon bizitzeko eskubidea dutela, «herritar guztiek bezalaxe»: «Instituzioei axola dien bakarra turistak eta hiriaren irudia badira, jakin dezatela gu ere hiri honen parte garela».

Mezua agintariei

Sarekada eta atxiloketa arrazista horien «arduradun politikoei» ere ozen eta argi mintzatu zaizkie: «Ez da bidezkoa gu horrela tratatzea bizirik irauteko saltzen aritzeagatik; bizimodua ateratzeko lan egiteagatik, alegia». Kale saltzaileen ustez, «ezerk ez du justifikatzen Poliziak horrela jokatzea, gure kontra indarkeria erabiltzea eta gure gauzak eta salgaiak kentzea».

Areago, Bilboko Udalari aurpegiratu diote «inoiz inolako asmorik agertu ez izana» Poliziaren «eraso arrazista etengabe horiei» amaiera emateko. Arrazaren araberako jazarpena eta mota guztietako abusuak amaitzeko exijitu dute Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole taldeek. Eraso horiek ikertzeko eskatu dute.

Bukatzeko, eskerrak eman dizkiete haien alde egiten duten auzokide guztiei, eta modu batera edo bestera bizitzak zaintzen dituzten herritar guztiei; bereziki, Bilboko Zazpikaleetako Adaxka kultur elkarteko kideei, haiek izan baitziren asteleheneko erasoa salatu zuten lehenengoak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA