Legealdi batek askotariko gaiak jorratzeko beta ematen die instituzio publikoetan ordezkaritza duten alderdiei, eta, agenda politikoko lehentasunek unearen arabera batera edo bestera egiten badute ere, ez dira parlamentuetako eztabaidak eta prozesu legegileak horra mugatzen. Kanpainetan ere halako zerbait gertatzen da. Mitin nagusietan herritarren ahotan dauden gaiek eta alderdien arteko xextrek pisu nabarmena hartzen badute ere, ezin bi aste gai beraren inguruan aritzeko baliatu. Eta lehen eguna horren adibide izan da. Etxebizitzaren auzia ez da inondik inora desagertu, baina bestelako gai batzuk ere azaleratu dira: industria, gutxieneko soldata, segurtasuna... hizpide izan dituzte. Eta noski, etxebizitza ere bai.
Auzi horiei guztiei erreparatzeko, baina, arratsaldeetan egin ohi dituzten mitin ponpoxoagoetatik urrundu, eta eguerdi parteko ekitaldi txikiagoetara jo behar da, eta horietan ekonomia izan da gaur protagonista. Hain zuzen, lan merkatuari lotutakoak baitira euskal herritarren kezka iturri nagusien artean bigarrenak; azken Soziometroaren arabera, herritarren %40k kokatzen dute hura gizarte arazo nagusien artean.
Horiek hala, Gorka Urtaran Kongresurako EAJren Arabako zerrendaburuak industria eta garapen ekonomikoa izan ditu hizpide, non eta Amurrion, Aiaraldean. Bertan, defendatu du industria «aurrera egitearen, kalitatezko enpleguaren eta soldata duinen» sinonimo dela, eta, ondorioz, baita EAJk Madrilen duen agendaren lehentasunetako bat ere. Hain zuzen, aukera baliatu du Espainiako Gobernuak sare elektrikoaren potentzia %50 handitzeko proposamena egin izana jeltzaleen garaipen gisa saltzeko. «EAJk Madrilen egindako lanari esker izan da; gure ahaleginik gabe ez zitekeen lortuko», adierazi du.
Enpleguaren auziari beste begirada batetik erreparatu dio, berriz, EH Bilduk. Basaurin (Bizkaia) eta Iruñean egindako ekitaldi banatan, Euskal Herrirako gutxieneko soldata propio baten defentsa egin du. Prezioen gorakadaren aurrean, «balantza orekatzeko» unea dela esan du Oskar Matute Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak. Batetik, hain zuzen, soldata igoerekin; eta bestetik, «milaka milioiko irabaziak iragartzen dituzten energia eta elikagai enpresa handiek» kostuen gorakada euren gain hartuta.

PSE-EE ere ez da gaitik gehiegi urrundu. Rafaela Romero sozialisten Gipuzkoako zerrendaburua Arrasaten (Gipuzkoa) izan da. Eta kokaleku hori baliatu du kooperatibismoaren eta ekonomia sozialaren garrantzia azpimarratu eta balizko PP-Vox gobernu batekin talkan jartzeko. Izan ere, Madrilen eta Gasteizen arteko akordioei eta, horrekin batera, «euskal herritarren eskubide sozialei» eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresei «boikot egitea» egotzi die alderdi horiei.
Kontrako norabidean, berriz, PPk bere aldeko «boto erabilgarria» eskatu du, hain zuzen, PSOE gobernutik ateratzeko. Horretarako, baina, ekonomia ez, Iñaki Oiartzabal Arabako zerrendaburuak segurtasunaren auzia mahai gaineratu du, Gasteizen. Baliabide gehiago Poliziarentzat, zigor luzeagoak delitu egileentzat eta «okupazioaren kontrako lege bat». Horiek izan dira PPko ordezkariak plazaratutako gako nagusiak.
Xede bera du UPNk ere, PPrekin koalizioan aurkeztu baita. Hala, tandem horren Senaturako Nafarroako zerrendaburu Javier Esparzak ere Sanchezen gobernua arbuiatu du; zehazki, hark EH Bildurekin duen harremana: «EH Bilduren eskutik doan gobernu sozialista baten eskutik, ez lirateke sekula Itoizko urtegia eta Nafarroako kanala egingo».
Hipokrisia deserosoa
Halere, greba orokorraren ostean, etxebizitzaren auzia ez da inondik ere agendatik desagertu. EAJko Gipuzkoako zerrendaburu Maribel Vaquerok horren inguruan hitz egin du goizean zein arratsaldean; Errenterian (Gipuzkoa) eta Bilbon. Azken ekitaldi horretan, EGIko kideen aurrean egin du, eta EH Bilduren «hipokrisiarekin» tentuz aritzeko eskatu die: «Gazteak defendatzeko ez da nahikoa etxebizitza eskubide bat dela esatea edo diskurtso politiko politak egitea; gazteak benetan defendatzea erabakiak hartzea da, emantzipatu ahal izateko, hemen, gure herrian zuen bizitza proiektua aurrera eramateko aukera izateko».

Ez dute jeltzaleen ikuspegiarekin bat egiten, ordea, ezkerreko alderdiek. Eibarren (Gipuzkoa) egindako agerraldian, EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxebarrietak esan gabe esan du jeltzaleak «deseroso» ikusten dituela auziaz hitz egitean, eta gogora ekarri du Diputazio Iraunkorrean etxebizitza dekretuen inguruan egindako bozketa. Hala, botoa eskatu du parlamentu hartan indar korrelazioa aldatzeko xedez: «Etxebizitza oinarrizko eskubidea izan beharrean, negozio itzela bilakatzen ari da batzuentzat, baina guk printzipioak oso argi ditugu: etxebizitza bizitzeko da, eta ez espekulatzeko».
Antzera mintzatu dira Espainiako ezker konfederaleko bi indarrak ere. Fronte Zabalaren Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu Lander Martinezek «eskuinarekin batera» eta «euskal agendaren kontra» bozkatzea egotzi die jeltzaleei, eta gehitu euren aldekoa dela halakoen kontra egiteko boto eraginkorrena. Nafarroatik, berriz, Ahal Dugu-ko Virginia Alonsok etxebizitza eskubide bat dela defendatu du, eta ez «finantza produktu bat».Â
Ez ekonomia, ezta etxebizitza ere. Geroa Baik osasungintzari erreparatu dio gaur. Pablo Azkona Kongresurako zerrendaburuak Fernando Dominguez Osasun kontseilariarekin batera egin du agerraldia, eta adierazi du osasungintza publikoaren defentsa ezinbestekoa dela «berdintasuna, kohesioa eta pertsonen babesa» ziurtatzeko. Horretarako, «egiturazko aldaketak» behar direla esan du.