Salhaketa Nafarroako koordinatzailea eta abokatua

Libertad Frances: «Kanporatze aginduarekin, beldurrez bizitzera kondenatuta daude»

Polizia «alarma soziala» pizten saiatzen ari da migratzaileen kanporatze espedienteak arrazoitzeko. Hori salatu dute Nafarroako Salhaketak eta Nafarroako SOS Arrazakeriak.

Libertad Frances Salhaketa Nafarroako koordinatzailea eta abokatua. IÑIGO URIZ / FOKU
Libertad Frances Nafarroako Salhaketako koordinatzailea eta abokatua. IÑIGO URIZ / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Kanporatzerik ez erantzunik gabe iritzi artikulua zabaldu zuten hainbat hedabidetan Nafarroako Salhaketa eta SOS Arrazakeria elkarteek. Duela gutxi, hiru migratzaile kanporatu zituzten Euskal Herritik, eta, horren harira idatzi zuten, kanporatze espediente horien egoera salatzeko. Adierazi zuten Espainiako Poliziak «gizartearen ongizatea babesteko aitzakiarekin» egiten dituela kanporatze horiek guztiak. Salhaketa elkarteak Nafarroan duen koordinatzailea eta abokatua da Libertad Frances (Buñuel, Nafarroa, 1985). Kanporatze prozesuen nondik norakoak azaldu ditu.

Urtarrilaren erdialdean hiru pertsona kanporatu dituzte Euskal Herritik. Zein izan da migratzaile hauen kasua?

Hainbat polizia aurrekari zituzten hiru pertsona horiek; ez zen aipatzen, ordea, aurrekari polizialez gain, aurrekari penalik ote zuten. Espainiako Poliziak, gaizki gogoratzen ez banaiz, delitu guztien artean bakarra aipatzen zuen: genero indarkeria. Horrelako kasuetan, alarma sozial handiagoa sortzen duten delituak soilik aipatzen dituzte. Ezin ditugu legitimatu praktika jakin batzuk, nahiz eta oso legezkoak izan.

Zer neurri hartzen dituzte kanporatze prozedura martxan jartzeko? Zein izaten da prozesua?

Espainiako Polizia arduratzen da atzerritarren eta mugen kontrolaz. Egoera irregularrean dauden pertsonen bila ibiltzen da une oro. Bestalde, Espainiako Polizia lankidetzan aritzen da autonomia erkidego bakoitzeko Poliziarekin.

Lehenik, administrazio egoera irregularrean dauden pertsonak hautematen dituzte; gero, Poliziak proposatzen du detektatutako pertsona hori herrialdetik kanporatzea. Orduan, martxan jartzen da prozedura administratiboa. Kanporatzeko espedientea jaso duten pertsonek aukera dute alegazioak egiteko eta dokumentazioa aurkezteko, kanporatuak ez izateko eskatuz. Azkenean, dagokion gobernuaren ordezkaritzak ematen duen ebazpenarekin amaitzen da prozedura, eta bertan erabakitzen da kanporatu ala ez.

Zer gertatzen da kanporatze agindua onartzen denean?

Kanporatzeko administrazio ebazpen hori eginda dagoenean, betearaz daiteke. Ondorioz, Polizia saiatzen da kanporatze agindua duen pertsona aurkitzen. Kasu batzuetan, kanporatze espedientea ireki dioten pertsona derrigortu egiten da astero polizia etxera joatera —aurkitzeko moduan egoteko—; beste batzuetan, berriz, pasaportea kentzen zaio. Horregatik, gomendatzen diegu pasaporte fisikoarekin ez joateko, hau da, kopia batekin joateko, babes moduan.

«Hemengo gaizkileak onartzen ditugu espetxetik ateratzean, baina atzerritarrak ez ditugu gure artean eduki nahi».

Kanporatzeak egitean errespetatzen dira migratzaileen eskubideak?

Orokorrean, legezko urrats guztiak errespetatzen dira prozedura guztian: guardian dagoen abokatuen elkargoko abokatuari deitu ohi zaio; itzultzailearen beharra badago, sarrerako asistentziak bermatzen du eskubide hori. Kalera irtetean, ordea, ez dute inolako laguntzarik izaten. Kanporatze prozesua martxan badago, eta Poliziak lokalizatzen baditu, 72 orduko epea dute kanporatze hori exekutatzeko. Normalean, prozesu horretan gertatzen dira eskubide urraketa gehienak.

Pertsona horiek atxilotu egiten dituzte, eta maleta bat soilik eramaten uzten diete senideei; agur esateko aukerarik ere ez dute izaten. Nahiko baldintza traumatikoetan joaten dira. Hortik dator, era berean, Salhaketa elkartean ere izaten dugun zalantza: benetan uste dugu praktika horiek, oso legezkoak izanda ere, duinak direla? Gizarte gisa gure legearen barruan nahi ditugu praktika horiek?

Atzerritartasunari buruzko legedia eta Zigor Kodea bat datoz, urte batetik gorako espetxe zigorrera kondenatutako pertsonen kanporaketak justifikatzean. Zuek zer diozue honetaz?

Horrelako erregulazioekin bi aldiz kondenatzen da pertsona arrazoi beragatik. Iruiditzen zaigu diskriminazio izugarria dela. Gainera, sistemak berak ere ez du bere zigor sisteman sinesten; Espainiako Konstituzioak 25. artikuluan esaten du zigor espetxeak ahalbideratu behar duela pertsonaren birgizarteratzea.

Pertsona bat espetxe zigorrera kondenatzen ari bazara, jakinda, lehenago ala beranduago kanporatua izango dela, ez duzu benetan sinesten ematen diozun nazionalitatean. Arrazakeria instituzionalaz ere hitz egin behar dugu, egoera arrazistak sortzen ditu sistema berak, kontuan hartzen du eta delitua egiten duen pertsonaren jatorria edo nazionalitatea.

Horrek guztiak agerian uzten du diskriminazio bikoitz hori, atzerritarra izateagatik, gertakari bera bi aldiz modu desberdinetan gaitzesten baitu. Hemengo gaizkileak onartzen ditugu espetxetik ateratzean, baina atzerritarrak ez ditugu gure artean eduki nahi.

«Zerbait txarra egin dezakeen jendea zigortzen dute, gizartea babesteko aitzakiarekin»

Zenbat pertsona kanporatzen dituzte?

Egia da oso txikia dela kanporatze agindua duten eta azkenean kanporatzen dituzten pertsonen kopurua. Ehunekotan hitz eginda, ehuneko bat esatearren, kanporatze aginduak dituzten pertsona guztien %30 kanporatzen dituzte. Baina, noski, agindu horrekin, beldurrez bizitzera kondenatuta daude; ezkutatuta ibili behar dira bizitza osoan, egoera erregularizatzea lortu arte detektatu ez ditzaten.

«Gizartearen ongizatea babesteko aitzakiarekin egindako praktika basatia» dela diozue iritzi artikuluan...

Hori da arriskutsuena. Gure segurtasuna bermatzeagatik egiten dutela saltzen diguten arren, ez digute esaten, era berean, %30 bakarrik kanporatzen ari direla; sistemari ez zaio interesatzen, nahiago du beldurraren eta izuaren diskurtsoarekin jarraitzea. Sistemak saltzen du egiten dituzten kanporaketa guztiak herritarrak babesteko direla: «Begira zein funtzio ona egiten ari garen, jende gaiztoa kanporatzen ari gara zu babesteko». Diskurtso sozial bat ere eraikitzen da segurtasunaren diskurtso horren mendean; eta, jakina, zabaldu egiten da diskurtso arrazista. Horrelako diskurtsoek, aukera ematen die oso zigortzailea den kultura elikatzeko eta hedatzeko. Izan ere, zerbait txarra egin dezakeen jendea zigortzen baitute, gizartea babesteko aitzakiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.