«Utz iezaiozue odolez bustitako merkataritza harremanak koipeztatzeari». Modu horretan, Israelgo Estatuarekin eta herrialde horretako eragile ekonomikoekin dituzten loturak eta aliantzak hausteko eskatu die Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei; baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gainontzeko erakunde publikoei ere. «Ez dago aitzakiarik», aurpegira bota diete, ekintzaileen ustez, harreman horiek «genozidioaren ekonomia elikatzen» baitute.
Euskal Herriko hainbat sindikatuk, alderdi politikok eta gizarte mugimenduk osatutako plataforma bat da Euskal Herriak Kapitalari Planto: ELA, LAB, EH Bildu, Ahal Dugu, Mugarik Gabe eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa daude horien artean. Bere helburu nagusia da botere korporatiboen eta sistema kapitalistaren oldarraldiari aurre egitea, pertsonen ongizatea, bizitza eta burujabetza erdigunean jarriz. Gaur, besteak beste, BDZ, Gernika Palestina, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Global Sumud Euskal Herria eragileak batu zaizkie, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean.
Kapitalari Plantok salatu duenez, EAE Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek ibilbide luzea dute Israelgo Estatuarekin eta herrialde horretako eragile ekonomikoekin loturak eta aliantzak sustatzen: «Eusko Jaurlaritzatik hasi eta foru aldundietatik jarraituz, urteak daramatzate aldebiko harreman ekonomiko eta diplomatikoak sendotzeko ahalegin sistematikoak egiten, Gazan eta Zisjordanian okupaziopean dagoen populazio palestinarrak bizi duen apartheid egoeraren gainetik», gaitzetsi du Janire Landaluze plataformako kideak.
«Gure lurraldeko hainbat enpresa Israelgo eragile ekonomiko eta instituzionalekin aliantzan eta salerosketan dabiltza. Funts publikoetatik diru kopuru izugarriak jasotzen dituzte erakunde autonomikoek eta foralek ondo zaindutako enpresa horiek»
ENEKO MARIN Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformako kidea
Hala ere, haren taldekide Eneko Marinek ohartarazi duenez, 2023ko urrian Israelek palestinarren kontrako genozidioa areagotu zituenetik, besteak beste lehen industria planetan eta nazioartekotze estrategietan desagertu dira ohikoak ziren zenbait izendapen, hala nola Israel herrialde, merkatu edo bazkide gisa identifikatzen zutenak. Kapitalari Plantoren ustez, «euskal gizartearen kritika saihesteko» egin dute hori. «Baina horrek ez du esan nahi lotura horiek desagertu direnik», azpimarratu du Marinek.
31 proiektu
Lankidetza publiko-pribatua «eremu emankorra» da aliantza horietarako: Kapitalari Plantok jakinarazi duenez, gaur egun indarrean dauden 31 proiektutan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako hainbat sailek eta Gasteizko gobernua haien patronatuetako kide den zenbait erakundek, Israelgo erakunde publiko eta pribatuekin batera. «Horiek guztiek dituzte lotura handia industria militarrarekin», nabarmendu du Landaluzek.
Ertzaintzaren eta Israelgo erakundeen arteko lankidetza ibilbide luzea ahaztu gabe, ekintzaileen arabera, Israelgo teknologia hauetarako erabiltzen du Jaurlaritzak: presoen kontrol telematikorako, Lehendakaritzaren segurtasun arkuen eskaner sistemen zerbitzurako, eta EITBren zibersegurtasun zerbitzuetarako.
«Ugariak dira Euskadiko teknologia eta ikerketa zentroen eta Israelgo enpresa eta unibertsitateen arteko lankidetza akordioak, ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako aliantzen bidez»
JANIRE LANDALUZE Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformako kidea
Adibide gutxi batzuk baino ez lirateke horiek. Osakidetzari dagokienez, Teva enpresa farmazeutikoa litzateke euskal osasun zerbitzuaren hornitzaile garrantzitsuenetako bat, Marinen hitzetan, «2023tik 5,5 milioi euro baino gehiagoko erosketak egiten baitizkio, 54 sendagai eskuratzeko». Bitartean, taupada markagailuak, desfibriladoreak eta nabigazio kirurgikoko ekipoak Medtronic enpresa israeldarrari erosten dizkio Osakidetzak, Kapitalari Plantok ziurtatu duenez.
«Era berean, ugariak dira Euskadiko teknologia eta ikerketa zentroen eta Israelgo enpresa eta unibertsitateen arteko lankidetza akordioak, ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako aliantzen bidez», gehitu du Landaluzek. Israelgo eragile ekonomiko eta instituzionalekin «aliantzan eta salerosketan» dabiltzan lehen mailako enpresak ere ez dituzte ahaztu nahi izan: «Funts publikoetatik diru kopuru izugarriak jasotzen dituzte erakunde autonomikoek eta foralek ondo zaindutako enpresa horiek».
«Proiektu supremazista»
Kapitalari Plantok ohartarazi duenez, «beharrezkoa» da edozein motatako lotura ekonomiko eta politikoa haustea Israelekin: «Palestinako herritarrekiko bokazio genozidari eusteaz gain, dinamika hori lurralde berrietara zabaltzen ari da estatu hori, hala nola Libanora, gerra eskualde mailan hedatzeko saiakera argian Israel Handiaren proiektu supremazista sustatzeko». Ohartarazi dutenez, «edozein motatako lankidetza konplizitate aktiboa da».