Donostiako izkina banatatik abiatuta, Kristinaenea parkearen magalean elkartu dira Ixiar Gonzalez Gurrutxaga, Juan Lorenzo Arrieta Txino, Mohammed M. —ez du abizenik eman nahi izan— eta Samiñe Irigoien Arin. «Pozik» daude asteotan jasotako babesarekin, baina Donostiako Udalak hartutako erabakia «ezin sinetsita». Joan den ostiralean bete zen hilabete Jon Insausti Donostiako alkateak Kaleko Afari Solidarioak egitasmoaren debekuaren berri eman zuenetik, eta, udalak «alternatiba bat» prest zuela agindu arren, oraindik ez dute programa hori martxan jarri. Beraz, kazola eta burruntzalia beratzen utzi, eta erosketa orgatxoak eta ogitartekoak hartu dituzte KASeko kideek; desagertzeko jaio baziren ere, oraindik bizirik irauten baitute.
Bazituzten «susmoak», eta «erne» zeuden, baina, Irigoienen arabera, «traumatikoa» izan zen hala ere. Uztailaren 28ko iluntzean agertu zen Udaltzaingoa Donostiako Plaza Berrian, astelehen buruzuri batez, eta Gonzalez etxean zegoen, «lasai-lasai». Whatsapp bidez izan zuen debekuaren berri, eta ongi akordatzen da horren ondoren egindakoez: «Jantzi eta etxetik irten». Gros auzoko Marruma elkartean bildu ziren hainbat lagun, zer egin erabakitzeko. Amarako taldean aritzen da Txino, eta haiek ere «zur eta lur» zeudela kontatu du: «Ez genekien zer egin, eta lau aste igaro dira ordutik». Irigoienek esan duenez, baina, aise zehaztu zuten zerk izan behar zuen lehentasuna: «Afaltzera etortzen zen jendearen segurtasuna bermatzea».
Horixe egiten baitute KASeko boluntarioek: kalean bizi direnei edo egoera zaurgarrian daudenei afari bero bat kozinatu eta eman. 2020ko azaroan hasi ziren horretan, Plaza Berrian, Ibaetako Infernua gune autogestionatua hustu ondoren Donostiako Parte Zaharrean sortu zen egoerari erantzuteko asmoz. Hasiera horren parte izan zen Irigoien: «Hantxe ikusten genituen Infernutik bota berri zituzten pertsonak lo egiteko prestatzen; oso irudi latza zen. Galdetu genien laguntzeko zer egin genezakeen, eta plater bero bat eskatu ziguten». Hasi eta sei hilabetera, 60 eta 70 pertsona artean ziren boluntarioengana afari bila jotzen zutenak. Egitasmoa Egiara eta Amara Berrira zabaldu zuten gero.
«Badakigu baliabideak mugatuak direla, baina, alkateak dioen bezala, aurrez aurre begiratu, izena jarri eta konponbide bat eman behar zaio egoerari»
IXIAR GONZALEZ Egiako KASeko kidea
Gonzalez pixkanaka-pixkanaka murgildu zen boluntario taldean. Hasieran, bere ahizpak eta haren bikoteak kozinatzen zuten, eta Gonzalezek eta bere aitak postrea eramaten zuten tarteka; hilabete batzuen ostean, hura ere bete-betean batu zen. Txinori, berriz, lagun batek egin zion KASen parte hartzeko gonbita: «Joateko esan zidan, artean nik ez nekien zehazki zertara; 'laguntzera’, esan zidan. Bost urte daramatzat dagoeneko. Denetik ikusi dut, baina egun guztiak izan dira hunkigarriak».
Mendebaldeko Saharakoa da Mohammed, baina Frantziatik iritsi zen Euskal Herrira. Gonzalezen bitartez ezagutu zuen KAS, eta Gipuzkoa plazako lantaldearekin kolaboratzen hasi zen: «Lagundu egin nahi nuen, eta berehala ikusi nuen KASen jende jatorra dagoela, maitasun eta elkartasun handiz lan egiten duena; gainera, horrela euskara eta gaztelania ikasteko aukera izan dut». Aitortu du «eredu eta erreferentziazko» bihurtu dela afari bero baten bila doazen migranteentzat: «Egoera konplexu eta zaurgarrietan daude, eta garrantzitsuena hasieratik aukera bat ematea da: ni haien antzekoa naiz, alaia naiz eta aise hitz egiten dut haiekin».
«
Badakigu egiten dugun honek tirita bat baino ez diola jartzen askoz ere erro sakonagoa duen arazo bati; baina hobe da hori egitea ezer ez egitea baino»
SAMIÑE IRIGOIEN Parte Zaharreko KASeko kidea
Ia sei urte atzera, hamar-hamabost lagun artatzen zituzten; hirurehun pasatxo hurbildu dira azken hilabeteotan. Hain justu, Donostiako Udalak egindako azken zenbaketaren arabera, bostehun lagun inguru bizi dira kalean hirian. Gonzalezen arabera, gorakada hori begi bistakoa da, «baina ez du KASek sortu», eta, kalean bizi den pertsona kopuruak gora egin badu, uste du «beste zerbait» egin beharko litzatekeela. «Badakigu baliabideak mugatuak direla, eta migrazioarena eraldaketa prozesu etengabe bat dela, joan-etorrikoa, baina, alkateak dioen bezala, aurrez aurre begiratu, izena jarri, eta konponbide bat eman behar zaio egoerari».
Ika-mika edo elkarlana
Asmo horrekin bildu ziren KASeko hiru ordezkari Insaustirekin eta Donostiako Gizarte Zerbitzuetako eta Ekintza Komunitarioko zinegotzi Maria Jesus Idoetarekin, uztailaren 30ean. Taldeko kideek kontatu dutenez, alkateak agenda «bete-betea» zuela eta, abuztuaren 10ean ziren biltzekoak, baina, «manifestazioak izan zuen arrakasta ikusi ondoren, aurreratu egin zuten», esan du Txinok. Debekua iragarri eta bi egunera, izan ere, ehunka lagun bildu ziren Plaza Berrian KASi elkartasuna adierazteko.
Bilera hartan izan zen Gonzalez, eta xehe-xehe akordatzen da Insaustiri eta Idoetari egindako proposamenaz: udalak alternatiba bat martxan jarri artean, utz ziezaiotela KASi otorduak banatzen; are, horretarako, udalak eta boluntario taldeak elkarrekin lan egiteko aukera jarri zuten mahai gainean, afari horiek «segurtasunez eta ordenan» banatu ahal izateko. «KAS jarrera kooperatiboarekin joan baitzen, ez ika-mikara». Halere, Insaustiren erantzuna irmoa izan zen: ezetz. «Insaustiren arabera, gure ereduak eta haienak talka egiten dute, baina guk ez dugu eredu izan nahi, afari xume bat banatzen dugu. Nola alderatu dezake udal batek ekintza hori beraiek dituzten tresna, baliabide eta politika horiekin guztiekin?», gehitu du Gonzalezek.
Donostiako Udalaren arabera, abuztuan bertan ziren alternatiba aplikatzekoak; gaur-gaurkoz, ordea, oraindik ez dago abian. Asmoa da Otorduak programa handitzea eta beste ehun otordu banatzea —programa horren bidez 316 otordu banatzen dituzte orain—; funtsean, programa horretan parte hartzen dutenek txartel bat jasoko dute, eta txartel hori hiriko zenbait jatetxetan aurkeztu ahal izango dute, trukean otordu bat jasotzeko. Halere, migratzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte programa horretan parte hartu ahal izateko: hirian erroldatuta egotea, edo gutxienez hiru hilabete bizi izan direla egiaztatzea eta «gizarteratzeko edo lanean hasteko asmoa» izatea.

KASek behin baino gehiagotan salatu du, ordea, udalaren proposamenak «ehunka lagun» utz ditzakeela laguntzarik eta otordu berorik gabe. Hala ohartarazi du Gonzalezek ere: «Halako batean eskainiko diote Mohammedi [hari begiratu dio] leku bat Otorduak programan, eta joango da, eta jarraituko du, eta lanean hasiko da eta baimena lortuko du, zeren eta ezagutzen ditugu sei urte hauetan aurrera egin duten eta adiskidetasun harreman sendoak eraiki dituzten migrante asko; baina badira beste asko eta asko kalean ezerezean dabiltzanak».
Eta, KAS zerbait bada, bidelagun bat da, ibilbide luze batean aurrera segitzeko bultzadatxo bat. «Badakigu egiten dugun honek tirita bat baino ez diola jartzen askoz ere erro sakonagoa duen arazo bati; baina hobe da hori egitea ezer ez egitea baino», esan du Irigoienek. Harekin bat dator Txino: «Otordu bat eskaintzen dugu, baina baita laguntza eta adiskidetasuna ere; ez betirako, ordea, KASen helburua desagertzea baita».
Eskuina eta «jazarpena»
Ideologia, genero, adin, erlijio, jatorri eta maila ekonomiko askotariko jendea biltzen da Kaleko Afari Solidarioak egitasmoan. Hori «sekulakoa» dela uste du Irigoienek; are gehiago Donostiaren gisako «hiri garesti eta turistiko» batean. «Udalak eta erakundeek, halako elkartasun ekintza bat saritu eta probestu beharrean, zigortu egiten dute», gaitzetsi du. Izan ere, oraingoa ez da KASek debeku bati aurre egin behar izan dion lehenengo aldia; hots, Donostiako Udalak Egian afariak banatzea debekatu zuen 2024ko urrian, «segurtasun arazoak» eragiten zituela argudiatuta.
«Presioa alde guztietatik iritsi zen, Alderdi Popularra ere oso aktiboki batu baitzen kanpainara», gogoratu du Irigoienek. Izan dira bestelako bizipenak ere, ordea. Txinok kontatu du, adibidez, Amaran ez dutela inoiz izan Egian edo Plaza Berrian jasan duten «presioa»; akaso, «momentu arraro bat» bizi izan zutelako: «Maliarrek Amarara jo zutenean, herriak asko lagundu gintuen, baina baita udaletxeak ere; babes handia jaso genuen». Horren erakusgarri da, hain justu, Amarako bizilagunek eman ziotela hasiera Donostiako Aste Nagusiari iaz, Eneko Goia alkate ohia alboan zutela.
«Otordu bat eskaintzen dugu, baina baita laguntza eta adiskidetasuna ere; ez betirako, ordea, KASen helburua desagertzea baita»
JUAN LORENZO ARRIETA 'TXINO' Amarako KASeko kidea
Urtebete baino ez da igaro ordutik, eta «udaltzain patruilak» dituzte atzetik orain. Uztail hondarrean agindutako debekuaren ondoren, boluntario talde bat ogitartekoak banatzen hasi da, kalean bizi direnek zer jan izan dezaten. Bada, KASek salatu izan du boluntarioak «jazartzen eta identifikatzen» aritu dela Donostiako Udaltzaingoa. Horren inguruan galdetuta, bizitakoa kontatu du Irigoienek: «Arratsaldero sei bat udaltzain izaten ditugu segika; baina ez dugu espazio publikoa okupatzen, zeren eta gu kalean paseatzen goaz».
Hain justu, Udaltzaingoaren jazarpena salatzea helburu, Donostiako Parte Zaharrean erosketa orgatxoekin ibiltzeko deia egin zuen KASek joan den astean, eta, manifestazioa bezalaxe, ekintza hura ere jendetsua izan zen. Babes adina gorroto jaso ohi dute boluntarioek, ordea. Irigoienen arabera, eskuin muturreko zenbait kidek eta taldek —kasurako, Lo que no te cuentan de Donosti taldeak— KASeko boluntarioen argazkiak eta izen-abizenak argitaratu izan dituzte sare sozialetan. «Uste dugu sektore horien presioa dagoela debekuaren atzean; eta, nire ustez, aintzat hartzekoa da hauteskundeak laster direla, eta boto guztiak direla kontagarriak eta garrantzitsuak».
«Nik KASi eskaintzen diot nire denboraren zati handi bat, baina, gaua iristean, bizitzeko moduan ez dagoen leku batera itzultzen naiz»
MOHAMMED KASeko boluntarioa eta erabiltzailea
Mohammedek ere argitu du ez dela gauza bera ogitarteko bat jan edo, demagun, porru-patata plater bero bat jan: «Tripa zorriak baretuko dizkizu, noski, baina otordu bero batek fisikoki ez ezik psikologikoki ere hobeto egoteko aukera ematen dizu; jendeak, gainera, lasai jan ahal izateko leku seguru bat behar du». Erabiltzaile gutxik baitute lasai eta seguru egoteko aukera. Esaterako, Mohammedek berak. «Nik KASi eskaintzen diot nire denboraren zati handi bat, baina, gaua iristean, bizitzeko moduan ez dagoen leku batera itzultzen naiz», kontatu du. Eta gehitu: «Inork ezingo luke ni bizi naizen baldintzetan duinki bizi; ez da gauza bera etxetik garbi edo zikin irtetea; jendea ez da zurekin berdin mintzatzen». Halere, haren esanetan, gizaki guztiak berdintzat jotzean datza gakoa, eta, KASek egin duen bezalaxe, «familia bat» eratu behar da horretarako; betirako desagertu artean, bizitza zaintzeko.