Huheziko irakasle eta ikertzailea

Letizia Garcia Fernandez: «Kaustro bat osatzen duten kide guztiek ez daukate C1 bera»

Eskolan taxuz euskalduntzeko erronkan irakaslegaien eta irakasleen prestakuntza egokiak duen garrantziari erreparatu dio Letizia Garciak Ikastolen Elkartearen Jardunaldi Pedagogikoetan.

Letizia Garcia. MAIALEN ANDRES / FOKU
Letizia Garcia. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
Donostia
2026ko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasketak hasi eta lau urteren buruan, ikasgela baten aurrean jartzeko trebatzen dira irakaslegaiak: prest egon behar dute egun ikasgeletan dagoen aniztasun aberasgarri eta artegagarria gobernatzeko. Gazte horien bidaide izaten nola ahalegintzen diren azaldu zuen Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoetan, asteazkenean, Mondragon Unibertsitateko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaile Letizia Garcia Fernandezek (Donostia, 1988). Murgiltze eredua berrikusteko oinarriak jartzen hasteko asmoz egin ditu Ikastolen Elkarteak jardunaldiak, eta Garciak gogoratu zuen trebakuntza ezinbesteko giltza dela euskalduntzearen erronkan ez ezik beste arlo askotan ere. Izan ere, argi du irakasleen rola «estrategikoa» dela. 

Nola trebatu behar dira irakasleak gaur egun euskalduntzearen inguruan dauden erronketara begira?

Hainbat urtez, erraza egin zaigu hizkuntza gaitasunean ardaztea irakaskuntza prozesuak, eta horrek ezagutzaren zabalkundeari sekulako ekarpena egin dio. Meritu ikaragarria dauka eskolak, alde horretatik. Baina horrekin bakarrik ezin dugu. Esku artean daukagun erronka itzela da, eta, benetan nahi baditugu euskaraz aktiboak diren hiztun eleaniztunak, beste nonbaitetik ere eragin behar dugu. Guk aspaldian ikusi genuen gaitasun diskurtsibo-linguistikoetan ez ezik gaitasun soziolinguistikoan ere eragin behar dela, eta gaitasun kulturalean. 

Hala ere, egun ja herrenka ari den sistema horretatik heltzen dira unibertsitatera irakaslegaiak, ezta? Ez da gurpil zoro bat?

Unibertsitate moduan ekarpena egin behar diogu eskolari. Batetik, uste dut ikertu egin behar dugula, eta ezagutza hori eraman behar dugu eskolara. Bestetik, iruditzen zait aktibo dabiltzan irakasleei ere prestakuntza eskaini behar diegula, eta egunero sortzen zaizkien gatazka linguistiko edo ez-linguistikoei aurre egiteko estrategietan trebatu behar ditugula. Era berean, daukagun erronka da iristen den profila gero eta askotarikoagoa dela...

«Ematen du behar besteko gaitasuna eta atxikimendua dauzkanak automatikoki egingo duela euskararen aldeko hizkuntza praktika. Bueno, ba ez da lineala»

Zuen ikasgeletara heltzen ari diren irakaslegaien soslaia...

Bai. Praktikan gero eta euskara gutxiago entzuten da. Lau urteko bidean, beste modu batera bidali behar ditugu eskolara. Eta bada zuk esaten duzun gurpil zoroa. Lau urtek ematen dute nahikoa behar dituzten konpetentzia, ezagutza, jarrera eta balio horiek guztiak lantzeko? Hortxe gabiltza. Mudantzarako, badakigu gune erabakigarria direla bai eskolako etapak eta baita unibertsitatea ere. Eragiteko tokia bada, eta eragin dezake. Argi daukagu: atxikimendua lantzea, pertenentzia sentimendua eraikitzea eta hizkuntza gaitasunetan trebatzea gure lana da, baina horrekin bakarrik ez du zertan etorri euskarazko hizkuntza praktikak. Nolabait ematen du lotura lineala dela, baina askotariko faktoreek eragiten dute. 

Gazteen erabilera mugatzen dute askotan faktore horiek...

Bai, ematen du behar besteko gaitasuna eta atxikimendua daukanak automatikoki egingo duela euskararen aldeko hizkuntza praktika. Bueno, ba, ez da lineala. Eta gero erabilera eremuetan dago gakoa. Non aritzeko gaitasunak ari gara lantzen? Haserreak kudeatzeko? Maitasunerako? Whatsapp erabiltzeko? Eguneroko funtzioetarako hizkuntza horretan ari gara trebatzen, edo soilik hizkuntza akademikoan ari gara trebatzen? Aurreikusten genuen hizkuntza akademikoak ekarriko zuela automatikoki eguneroko funtzioetarako hizkuntza, baina egin dugun bideak erakutsi digu hori ez dela horren erraza. 

Gaitasuna hizpide, C1 egiaztagiria aipatu duzu hitzaldian. Langa hori gainditu behar dute zuenean graduatu nahi dutenek. Hala ere, horrekin bakarrik ez da aski, ezta?

Ez da aski. Bai, gurean graduatu ahal izateko gainditu egin behar dute C1 azterketa: hori erabaki politiko bat izan zen. Eta denak behartzen ditugu gainditzera. Hori da sistemara sartzeko daukagun bidea. Hori bai. Nolako C1a? Klaustro bat osatzen duten kide guztiek ez daukate C1 bera. Eta C1a zertarako? Irakasle izateak zer-nolako gaitasunak eskatzen ditu? C1a eskatzen du, baina, baita bestelakoak ere, balioak eta jarrerak. 

Badira bidean lagungarriak diren tresnak. Hitzaldian aipatu dituzu, adibidez, Eusle eta Berbalapiko programak. Bada nora begiratua, ezta?

Ari dira bidea egiten. Uste dut Eusle metodologia bera zabaldu beharko litzatekeela. Uste dut alde horretatik badaukagula bidetxo bat oraindik egiteko. Idatzizkoan oso errotuta egon da tradizioz eskola. Behar genuen hori. Baina uste dut beharrak asko aldatu direla. Niri zalantza handia sortzen dit: zertarako nahi dugu gela barruan euskaraz egitea gero kanpoan egingo ez badute?

«Idatzizkoan oso errotuta egon da tradizioz eskola. Behar genuen hori. Baina uste dut beharrak asko aldatu direla»

Gela barruan erdaraz orduan?

Ez, ez, inondik inora ere ez. Gela barruan demostratzen jarraitu behar dugu euskaraz ikas daitekeela, euskara dela beste edozein hizkuntza bezain zientifikoa...  Baina ikasleei lagundu behar diegu gelatik kanpo ere egin dezaten, zeren eta automatiko aurreikusten genuen bidea ez da gertatu. Hor estrategiak askotarikoak izan daitezke. 

Ahozkoa gehiago lantzea, adibidez?

Uste dut ahozkoa landu esatean dugunean elkarrekintzari buruz ari garela neurri batean, esanahiak elkarrekin eraikitzeaz... Niri halakoetan etortzen zait burura beti Elbira Zipitriaren argazki klasiko horietako bat. Zer egiten zuen? Eserita dago, ikasleekin dago...

Umeak biribilean ditu argazki horretan...

Umeak biribilean ditu, eta ari da ume bakoitzak esan nahi duen hori entzuten, eta beraiekin diskurtsoa eraikitzen eta osatzen. Uste dut interesa azaltzen duela ikasleek esan nahi duten horrekiko. Oso iraultzailea izan zen bere garaian, eta uste dut gaur ere oso iraultzaileak izango ginatekeela horrela.

Egungo erronkei ekiteko prest egote aldera irakaslegaiak trebatzeko orduan, zerk funtzionatzen du?

Egunerokoan txertatuta egon behar dute hizkuntzak eta hizkuntzaren didaktikak, zuzenki edo zeharka. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA