Aurtengo otsailean, Gasteizko Mitika dantzalekuaren kanpoaldean, aretoko atezain batek kolpe bat eman zion buruan Kerman Villateri, eta, horren ondorioz, hil egin zen Villate, 31 urte zituela. Ertzaintzak atxilo hartu zuen atezaina, eta Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak erabaki zuen behin-behinean espetxeratzea. Epaile horrek berak azpikeriaz egindako hilketa gisa tipifikatu zuen gertakaria hasieran —10 eta 22 urte artekoa da kartzela zigorra—, baina, Fiskaltzaren irudiko, zuhurtziagabekeriaz egindako hilketa bat izan zen —gehienez lau urteko espetxe zigorra—. Azkenean, epaileak erabaki zuen «homizidio edo hilketa gisa» epaitu behar zela, argudiatuta delitu larri bat izan zelako «zantzu sendoak» daudela.
Bada, asteon, Arabako Probintzia Auzitegiak behin-behinean aske utzi du atezaina, zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delitua egitea edo norbait hiltzea eragin duten lesioak egitea egotzita; hau da, delitu eskaera aldatu du. Horrek «gertakarien larritasuna txikiagotzen» duela salatu dute Roberto Villatek (Bilbo, 1961) eta Arantza Beitiak (Arrasate, Gipuzkoa, 1961), hildakoaren gurasoek. Are, nabarmendu dutenez, autopsian erraten da kolpeak eragin zuela heriotza: «Bi masailezurrak lehertu zizkion, eta behekoa, gainera, inkrustatu; horrek anoxia eragin zion».
Epailearen azken erabakiaren berri jakin eta gero, adierazi duzue frogak baloratzeko orduan «hutsuneak» egon direla. Non sumatu dituzue gabezia horiek?
ARANTZA BEITIA: Lehenik eta behin, garrantzitsua da kasuaren testuingurua ulertzea. Kasua instrukzio epailearen esku zegoenean, irailean, hirugarren fiskala agertu zen, eta inork espero ez zuen jarrera hartu. Izan ere, akusatuaren defentsa egitea hautatu zuen, eta horrek prozesu guztia apurtu du.
ROBERTO VILLATE: Argudio oso esanguratsuak daude. Besteak beste, kolpea zaplazteko gisa izendatzen du behin baino gehiagotan; eta galdetzen du ea atezainak nola pentsa zezakeen Kerman hil zuela, beste askotan jendea jo bai, baina ordura arte ez bazuen inor hila. Kerman jo eta gero, atezainak ihes egin zuen, gainera, eta hori ere justifikatu du, existitzen ez den protokolo bat erabilita argudio gisa.
BEITIA: Hau da, fiskalak aipatzen du erasotzaileak jokabide hori izan zuela Mitikan protokolo bat dagoelako. Atezainen testigantzetan ikus daiteke, ordea, arduradunak berak nola esaten duen ez liokeela protokolo deituko horri: «Besterik gabe, atean bezero baten eta atezain baten arteko liskarrik badago, aholkatzen dugu atezain hori jaitsi eta beste bat igotzea haren partez». Kasu honetan argi geratu dadila ez dela liskarrik egon, baina fiskalak hori hartu du ia-ia lege zehatz bat izango balitz bezala.
Azken autoan ez ezik, lehenbiziko atestatuan ere atzeman zenuten hutsunerik, ezta?
BEITIA: Lehenengo atestatuarekin oso minduta gaude: erasotzailea dantzaleku barruan egon zen hamar minutuz, eta froga guztiak ezabatzeko aukera eman zioten.
VILLATE: Eskuei begiratzea nahikoa zen, markarik ote zuen ikusteko: ahurrean halakorik baldin bazuen, indartzaile bat erabili zuen seinale izango zen, eta, eskugainean baldin bazituen, ikusi ahal izango zuten zer-nolako kolpea eman zuen. Baina ez dago horri buruzko ikerketarik.
Pertsona bakarra epaitzen ari dira, baina zuek behin eta berriz erran duzue erantzukizuna ez dela soilik harena.
VILLATE: Mitikako atea grabatzen duen kamera bat dute, baina zutabe zabal bat dago tartean, eta kontrola zutabe horren beste aldean jartzen dute. Hori jakina da: Ertzaintzak, udaltzaingoak eta udalak bazekiten. Eta ez dute ezer egin. Funtsean, hor herritar bat zegoen, modu baketsuan eta leku publiko batean. Eta atezain bat, administrazioak emandako botereekin. Pertsona horrek, baina, modu arbitrarioan kolpe bakar bat eman zion herritar horri aurpegian, eta hil egin zuen. Nolatan?
«Mitikako atea grabatzen duen kamera bat dute, baina zutabe zabal bat dago tartean, eta kontrola zutabe horren beste aldean jartzen dute. Hori jakina da: Ertzaintzak, udaltzaingoak eta udalak bazekiten. Eta ez dute ezer egin»
ROBERTO VILLATE Kerman Villateren aita
BEITIA: Hori guztia udaletxean salatu dugu, eta esan digute dena ondo dagoela. Udalaren portaera lotsagarria izan da hasieratik: uste dugu udalak hartu behar zuela akusazio partikularraren rola; esan genien, eta ezetz erantzun ziguten.
Udan, gainera, Gasteizko Udaleko segurtasun batzar batean egon ginen, eta ikerketa bat egiteko eskatu, ikusteko ea kontrola ongi zegoen ala ez, salaketak kontuan hartu diren ala ez, eta zergatik; baina ez dute ezer egin; ez omen zegoen ikerketarik egiteko arrazoirik. Baina isun administratiboa jarri diete Mitikakoei eta atezainei: 540 euro ordaindu beharko ditu lokalak, eta 120 euro atezainek.
VILLATE: Semea hil digute, modu ikaragarrian, nahita eta kolpe batez; eta hori egin duen gizona kalean dago, berme bat ordainduta. Familiarentzat oso latza izan da, birrinduta gaude. Baina gizartearentzat ere larria da: zer gizartek onartu eta bultzatzen ditu horrelakoak?
Salatu duzue ez dela kasu bakana. Eraso gehiagoren berri izan duzue?
BEITIA: Bai, guk zazpi ditugu jasoak. Kasu horiek sententzia dutenak edo Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren aurrean jarritako salaketak dituztenak dira, noski. Badakigu askoz gehiago daudela, baina jende asko ez da ausartu salaketa jartzera.
Zer aldaketa behar dira horrelakorik berriz ere ez gertatzeko?
BEITIA: Berez, legea egon badago, baina ez da betetzen eta ez dute haren berririk.
VILLATE: Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea badago, administratiboa da. Familiak borroka asko egin behar izan du administrazioak onartzeko lege hori egon badagoela. Esaten badute ere zigor kodearen arabera lesio arinen delitu bat izan dela, horrek ez du kentzen administratiboki arau hauste oso larri bat izatea; eta horrek zigor oso larriak dakartza.
«Honek ez digu uzten dolua beste modu batera eramaten, eta horrek amorru handia ematen digu»
ARANTZA BEITIA Kerman Villateren ama
Beraz, falta da legea betearazten dela ziurtatzea. Nori dagokio hori?
VILLATE: Hori betearazteko ardura, berez, Eusko Jaurlaritzarena da, baina Jaurlaritzak input bat izan behar du, eta hori udalari dagokio. Udalak ez badu ezer esaten, egoera ez da aldatuko. Hiru arau hauste larri izanda, lokal horrek itxita egon beharko luke: Kerman hara heldu zenerako, itxita egon behar zuen. Horrek argi erakusten du udalaren utzikeria.
Auto hori, baina, ez da behin betikoa. Zein dira hurrengo pausoak?
BEITIA: Badirudi eginbideekin jarraitu dezakegula, eta saiatuko gara froga gehiago biltzen. Eta Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkeztuko dugu. Halere, egoera honek ez digu uzten dolua beste modu batera eramaten, eta horrek amorru handia ematen digu.
VILLATE: Ahal duguna egingo dugu; gure indarrak iraun bitartean, aurrera egingo dugu.