Eusko Jaurlaritzak klima larrialdiaren eraginetara egokitzeko bost proiektu sustatuko ditu, eta, helburu horretarako, 27,5 milioi euroko diru sail bat onartu du gaurko gobernu kontseiluan. Hala jakinarazi du Mikel Jauregi Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun sailburuak, bilkuraren osteko agerraldian.
Jauregik iragarri duenez, klima aldaketara egokitzeko proiektuak Zarauzko malekoian (Gipuzkoa), Bakioko paduran (Bizkaia), Gasteizko Aztegietako meandroan, Bilboko itsasadarrean eta Txingudiko badian (Gipuzkoa) garatuko dituzte. «Horretarako, sailen arteko koordinazio mahai bat eratu dugu, Kaia izenekoa», azaldu du.
Mahai hori Natura Ondarea eta Klima Aldaketara Egokitzeko Zuzendaritzak koordinatuko du, Ihobe sozietate publikoaren bidez. Lantalde horretako kide izango dira Uraren Euskal Agentzia, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritza, eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza. Azti zientzia eta ikerketa zentroak aholkularitza emango die. Kaiaren eginkizun nagusia zera izango da: eredugarri izan asmo duten bost proiektu horien diseinua, definizioa eta ezarpena bultzatzea.
Zarauzko proiektuaren kasuan, kostaldeko aurrealdea egokituko dute,Narros-Munoa aldea birmoldatuta. Mendebaldeko hondartzako sarbideak birmoldatzeko aukera aztertuko du Jaurlaritzak, baita duna sistemaren ingurumen baldintzak hobetzea ere. 2028ra arteko proiektua da, eta 4,5 milioi euroko aurrekontua izango du.
Bakion, hiriko padura eta urpean gera daitekeen baso bat sustatuko ditu gobernuak, herria Estepona ibaiaren goraldietatik besteko. Egitasmoak hiru milioi euro jasoko ditu, eta 2026 bukaera arte luzatuko da.
Hezeguneak indartuko dituzte Txingudiko badian ere. San Lorentzoko paduratik kirol azpiegiturak kendu, eta padura hori eta Jaizubikoa handitzea aurreikusten dute, 2028 bukaera arte iraungo duen esku hartzearen bidez. 10,5 milioi euro jarriko dituzte horretarako.
Gasteizko Aztegietako meandro artifizializatua berreskuratzeko proiektuak, berriz, 4,1 milioi jasoko ditu, eta uholde arriskua murriztea izango du xede.
Bilboko itsasadarrean, klima aldaketaren eragina hobeto ezagutzeko gobernantza eredu «konplexu bat» sortzea da helburua, «eragile guztiekin epe ertain eta luzera hartu beharreko neurriak» aztertzeko. Horrez gain, naturan oinarritutako konponbideak ezarriko dituzte Kaiku eta Zorrotza puntetan. 2030 amaiera arte, 5,9 milioi jarriko dira egitasmo horiek aurrera eramateko.
«Proiektu horiek guztiek, lurraldearen erresilientzia handitzeaz gain, hobekuntza nabarmena ekarriko dute herritarren bizi kalitateari eta eremu birsortuetako biodibertsitatea hobetzeari dagokienez», nabarmendu du sailburuak.
Ekoetxea Añanan
Gobernu Kontseiluak ohiko tokitik kanpo egin du gaur bilera. Añanako gatzagan elkartu da, ostegunean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izango dela eta. Jaurlaritzak azaldu du eremu horretan handituko duela ekoetxeen sarea. Añanako Sobrongo zentroa osatzeko, beste eraikin bat egingo dute gatzagako biltegi zaharraren gainean. Hala, Añanako ekoetxeak bi egoitza izango ditu.
Egoitza berriak sotoa, erdisotoa, beheko solairua eta lehen solairua izango ditu, eta 640 metro karratuko azalera erabilgarria. Gobernuak aurreratu du ekainaren amaieran esleituko dituela egoitza eraikitzeko lanak, eta 2026an hasiko direla obrak. 2,7 milioi euroko aurrekontua izango du. Jaurlaritzaren iritziz, Añanako gatzaga «leku paregabea» da ekoetxeen sarea hedatzeko, «bertako naturak, kulturak eta paisaiak balio handia dutelako eta urtean 90.000 bisitari izaten dituelako».