Hezkuntza Legea

Kontseiluak dio «euskara ardatz duen sistema» zer den zehaztu behar duela Hezkuntza Legeak

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du Hezkuntza Batzordean, eta jakinarazi du 33 ekarpen aurkeztu dituztela, «hizkuntzaren korapiloa askatzeko». Eskatu dute zehazteko euskara izango dela ikasteko eta irakasteko hizkuntza orokorra.

Eskisabel eta Bilbao, gaur, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2023ko ekainaren 06a
17:59
Entzun

Hezkuntza Lege proiektuaren inguruan eztabaidatzen eta ekarpenak jasotzen ari dira oraindik Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Gaur, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluaren, UGTren eta CCOOren txanda izan da, eta agerraldiak egin dituzte eragile horietako ordezkariek. Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean, idazkari nagusi Idurre Eskisabelek eta idazkari nagusi ohi Paul Bilbaok hartu dute parte. Ohartarazi dute lege proiektuak zehaztasunak falta dituela hizkuntzen arloan, eta, besteak beste, eskatu dute zehazteko zer esan nahi duen «euskara ardatz duen sistemak», proiektuak hori aipatzen baitu.

«Hizkuntzaren korapiloa askatzea». Horixe Euskalgintzaren Kontseiluak lege proiektuari aurkeztu dizkion 33 zuzenketen xedea. Azaldu dutenez, ekarpenak egiterako garaian iaz hezkuntza eragile nagusiekin eta gehiengo sindikalarekin batera adostutako lege proposamena izan dute oinarri. Eskaera nagusi bat dute: «euskara ardatz duen sistema» zer den definitzea nahi dute. Hain zuzen, eskaria da «ahalik eta zehaztasun handienarekin» jasota gera dadila euskara izango dela ikasteko eta irakasteko hizkuntza orokorra. Honela jaso dute zehazki: «Euskararen inguruan artikulatuta egoteak dakar berezko hizkuntza hezkuntza sisteman irakasteko eta ikasteko hizkuntza normalizatua izatea, bai eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izatea ere». Baina ez eskoletan bakarrik. Kontseiluaren irudiko, ikastetxeetan euskararen erabilera «lehenetsi» beharko litzateke barneko eta kanpoko harremanetan, profesionalen arteko harremanetan eta ikasleen eta irakasleen arteko harreman formaletan eta ez-formaletan.

Oraingo testuan, Eskisabelek faltan sumatu du, esaterako, ikasleek DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerako euskaraz lortu beharko duten B2 maila nola erdietsiko duten xehatzea: «Helburua lortzeko bidea ez dugu behar bezala marraztuta ikusten». Helburu horiek lortzeko tresnetako bat izango da hizkuntza proiektua. Eskisabelen esanetan, Kontseiluak hasieratik ikusi du begi onez hizkuntza proiektuen ideia. Ordea, «lausotasunak» kezkatzen ditu kasu horretan ere, eta uste du ezinbestekoa izango dela proiektuok erakunde publikoek gainbegiratzea, legeak jasotzen dituen helburuak betetzeko balekoak ote diren aztertzeko. Idazkari nagusiak erantsi du euskara gutxien dutenei euskara gehiago eman behar zaiela.

Euskararen presentzia bermatzeko eskatzearekin batera, uste dute ezinbestekoa dela ebaluazioari erreparatzea ere. Gaur-gaurkoz, dokumentuan jasota dago ikasleen hizkuntza maila irakasleek ebaluatuko dutela. Kontseiluak, alabaina, kanpo ebaluazioa hobetsi du, benetako emaitzen berri jakiteko baliagarriagoa delakoan: «Egindako ekarpenak ondorengo hau zehazten du: ikastetxeek ebaluazio prozesu zehatza planifikatu beharko dute, eta horietako zenbait kanpo ebaluazioak izango dira».

Eta irakasleei ere begiratu diete. Uste dute irakasleek euskaraz C2 maila lortzeko prestakuntza sustatu behar dela, baita euskal kulturaren «ezagutza» izatea ere, «legebiltzarrean onartutako itunaren espiritua mantenduz». Gainera, euskal curriculuma ere aldarrikatu dute, «euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barnebiltzen dituen ikuspegia duen curriculuma». Erantsi dute irakasleek prestakuntza jaso beharko dutela curriculumaren ulerkera horretaz jabetzeko eta hura garatzeko. Horretaz gainera, iruditzen zaie ikasmaterialak eta ikasteko bestelako baliabideak garatu eta horien erabilera arautu beharko litzatekeela.

Baina hau guztia zertarako? Bilbaok uste du «justizia» dagoela jokoan, herritar guztiek baitute eskubidea bi hizkuntza ofizialak jakiteko: «Oso injustua iruditzen zait ikasle batzuei berezko hizkuntza ezagutzeko aukera ez ematea».

UGT eta CCOO, aurka

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan ordezkaritza txikiena duten sindikatuak ere, UGT eta CCOO, mintzatu dira gaurkoan, biak ala biak lege proiektuaren aurka. CCOOko ordezkari Julen Llanosek, adibidez, argi hitz egin du: «Lege proiektua testu txar bat da». Besteak beste, nabarmendu du ez diela erantzuten hezkuntza publikoaren beharrei, ezta laikotasunari ere.

Bihar jarraituko dute agerraldiekin: Eusko Legebiltzarrean izango dira, besteak beste, Steilas, LAB, ELA eta Ikastolen Elkartea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.