Osasun sistema eraberritzeko asmoz, irailean abiarazi zuen Eusko Jaurlaritzak osasun itun bat hitzartzeko prozesu zabala, eragile askoren parte hartzearekin. Eta izan dira aurrerabideak; ekainaren 27an amaitu zen osasun itunaren hirugarren fasea, etorkizuneko lerro estrategiko nagusiak eta ekintzak eztabaidatu dituena: mahaia osatu duten 24 lantaldeen behin betiko txostenak bozkatu zituzten, eta denak onartu. Izan dira, hala ere, desadostasunak bidean; Sumar, LAB, CCOO, UGT, SATSE eta SME eragileek, adibidez, ez dute babestu ituna. Eta gaur euskalgintzak egin du kritika. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ohar bat atera dute esateko itun horrek ez duela osasungintza euskaldunduko, eta ondorioz ez dituela hizkuntza eskubideen urraketak konponduko ere.
Osasun ituna lantzeko prozesua bera kritikatu dute bi eragileek. «Euskalgintzaren ahotsa eta ekarpena ez dira aintzat hartu», gogora ekarri dute. Hain justu ere, salatu dute euskararen normalizazioa lantzeko lantaldean ez dela euskalgintzako eragilerik egon, eta horren ondorioa agerikoa dela: «Hizkuntza eskubideen begiradatik txostenak hainbat gabezia ditu, diagnostikotik bertatik hasita». Gogora ekarri dute Kontseiluak eskari jakin batzuk egin zituela, Behatokiak ere hizkuntza eskubideen urraketen gaineko txosten bat helarazi zuela, baina uste dute horiek ez direla «kontuan» hartu hilabeteotan egin den lanketan. «Ondorioz, ez zaie konponbiderik eman egun Osakidetzak eta zer esanik ez osasungintza pribatuak hizkuntza eskubideen alorrean dauzkaten hutsune ugariei», abisu eman dute. Nahigabez adierazi dute «salto kualitatiborik» ez dela egin nahi izan.
«Aurrera urrats edo norabidetze egokirik jaso bada ere, hala nola historia klinikoen euskaratzean eta langileak euskalduntzeko erraztasunetan, oro har, ez dakar osasungintzan euskararen normalizazioan aurrera egin eta langile eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri esanguratsurik, ez egiturazko aldaketarik, ez jauzirik», ondorioztatu dute. Uste dute horrek dituen arriskuez jabetu beharra dagoela, eta horien berri eman behar dela. Zerrendatu egin dituzte: «Estres linguistikoa, diagnostiko erratuak, diskriminazio egoerak eta pertsonen duintasunaren aurkako jarrerak». Izan ere, hizkuntzak josten ditu, hein handi batean, harreman klinikoaren oinarriak.
«Urrun» oraindik
Eta hor bide luzea dago egiteko. «Zoritxarrez, Osakidetza urrun dago oraindik euskaldunen hizkuntza eskubideak eta osasun zerbitzu egokia berdintasunez jasotzeko aukera bermatzetik», gogora ekarri dute. Eta neurri eraginkorrak eskatu dituzte, profesional gazteen trebakuntzara begira, bereziki. Hor ere hutsuneak agerikoak baitira: «Partxe eta neurri koiunturaletatik harago, beharrezkoa da unibertsitateari eta osasungintzari lotutako irakaskuntza zentroak elikatuz epe zehatz batean euskaldunei berdintasunezko arta bermatuko dien osasun sistemaren zutoin sendoak ezartzea».
Bide horretan, Eusko Jaurlaritzari esan diote «ausardiaz eta anbizioz» jokatu behar duela, eta politika egokiak abiarazi behar dituela herritar guztiei osasun zerbitzuak gaztelaniaz ematen zaizkien bezala euskaraz ematea ere bermatzeko.