Kontseiluak «kezka» adierazi du euskalgintza soziala Euskararen Aholku Batzordetik «kanpo» utzi dutelako

Aholku batzorde berritua ekainaren 23an batu zen lehen aldiz, eta, Kontseiluaren arabera, ez da ulertzekoa 27 kideen artean gizarte ekimeneko euskalgintzako ordezkaririk ez egotea.

Euskararen Aholku Batzordearen bilera, Euskaltzaindian. BERRIA
Euskararen Aholku Batzordearen bilera, Euskaltzaindian. BERRIA
arantxa iraola
2025eko uztailaren 4a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ohar bat plazaratu du gaur Euskalgintzaren Kontseiluak, eta «harridura eta kezka» azaldu ditu euskalgintza soziala Euskararen Aholku Batzordetik kanpo utzi dutelako. Ekainaren 23an batu zen lehen aldiz aholku batzorde berritua, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, eta Kontseiluarentzat ez da ulertzekoa batzordeko 27 kideen artean gizarte ekimeneko euskalgintzako ordezkaririk ez egotea.

Kontseiluak gogora ekarri du euskalgintza sozialak barne hartzen dituela euskararen biziberritzerako funtsezko alor askotan ari diren eragileak: helduak euskalduntzen eta alfabetatzen, lan mundua euskalduntzen, euskararen erabilera aktibatzen... «Euskalgintzaren Kontseilua horien guztien bilgune eta bateratzaile da hizkuntza politiketan egin beharreko proposamenei dagokienez», azaldu du. «Horrenbestez, Euskararen Aholku Batzordeko kide izan da azken urteetan». Horregatik ez dute ulertzen orain zegatik utzi dituzten batzordetik kanpo.

«Ezinbestekoa da eguneroko jardunean herritarrak euskalduntzen, euskararen erabilerarako espazioak sortzen, sustatzen eta atxikimendua bultzatzen ari diren eragile nagusiak aholku eta erabakiguneetan presente izatea», gogora ekarri du Kontseiluak. «Izan ere, euskalgintza egunero ari da harremanetan gizarteko errealitatearekin». Hain justu ere, jardun horretan sortzen diren «jakintza eta ekarpenak» bideratzea da Kontseiluaren eginkizuna, eta hor ekarpena egin nahi du aurrerantzean ere. «Metatutako ezagutza horren ekarpena egin nahi du orain ere».

Kontseiluak adierazi du egoera «bideratzeko» borondatea duela. «Larrialdi linguistiko betean, guztion ekarpenak ezinbestekoak dira». Eta uste du berriz nabarmendu behar dela hor zer-nolako garrantzia duen bideak irekitzen jarraitzeak instituzioen eta gizarte ekimeneko erakundeen arteko lankidetza joria izan dadin. «Euskalgintzaren ezagutza eta esperientzia metatua eta erakundeen eskumenak erabat bateragarriak dira, eta ezinbestekoa dugu elkarri entzun eta elkarrekin lan egitea».

Ordezkaritza

Euskararen Aholku Batzordean Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, beste erakunde publiko batzuetakoak, adituak eta arloko erreferenteak elkartzen dira. Erakundeei dagokienez, Jaurlaritzak, diputazioek, Euskaltzaindiak, Eudelek eta UEMAk dute ordezkaritza. Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak izendatutako ordezkariak ere badira.

Ekainaren 23ko bilkuran, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek esan zuen gogoetak eta elkarrizketak berebiziko garrantzia dutela euskararen biziberritzea sendotzeko. eta «ahalegin koordinatu eta planifikatua» egin behar dela asmo eta bide berriak aurkitzeko. «Egoerak ez du zerikusirik duela berrogei urtekoarekin. Asko aldatu dira gizartea, gazteen bizimodua, eta komunikazio eta harreman moldeak», aitortu zuen. Nahiz eta adierazi zuen bestelako paradigma baterantz jo behar dela, nabarmendu zuen «konfrontazioa saihestu» beharko dela horra heltzeko egingo diren urratsetan.

Pradalesek lehengo hilean bertan Bilbon egindako beste agerraldi jendetsu batean ere esan zuen euskararen biziberritzea beste fase batera eraman asmo dutela. Topaketa hartantxe iragarri zuen Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra antolatuko dutela 2027an eta horretarako bidea hasiko dutela heldu den udazkenean bertan. Ekitaldi jendetsua egin nahi izan zuten asmo horren berri emateko, eta era horretan nabarmendu abiaraziko duten langintzan gizarteko eragile askok batera jardun beharko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.