Koofizialtasun «adeitsua» alde batean; sustapen neurriak bestean

Espainiako Gorteak ere badira hizkuntza koofizialen aldeko neurriak bultzatzeko tokia. Bloke biren arteko aldea agerikoa da hauteskundeotan, eta hizkuntza politiketarako egiten dituzten proposamenetan ere agerikoa da banaketa hori.

Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albares, eskakizuna aurkezteko agerraldira bidean, 2023ko irailaren 19an, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albares euskara, galegoa eta katalana EBn ofizial izateko lehen aldiz eskatu zuenean, 2023ko irailaren 19an. OLIVIER HOSLET / EFE
arantxa iraola
2026ko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkuntza eskubideak eta hizkuntza gutxiagotuen garapena babeste eta sustatze aldera, Espainiako Gorteetan ere egin daiteke bultza. Igande honetako bozetarako talde politikoek ondu dituzten programetara begira, gai honetan ere, agerikoa da eratu diren bi blokeen arteko aldea. Eskuinean, horra: Voxen programan aipatu ere ez dira egiten hizkuntza koofizialak; aipamen bakarra egiten zaie hizkuntzei: hezkuntza gaztelaniaz egin ahal izatea «bermatuko» dela esateko. PPk aipatzen ditu «hizkuntza koofizialak», baina «hizkuntza komunaren» —alegia, espainieraren— eta «hizkuntza koofizialen» arteko hartu-eman «adeitsua» ipini du helburu gisara. Gainerako talde politikoek hizkuntza gutxituak sustatzeko neurriak proposatu dituzte. 

Euskal Herrian aurkeztu diren indarren artean, neurri gehien proposatu dituztenak EH Bildu eta EAJ izan dira. Berezko atal bat eskaini dio gaiari programan EH Bilduk. Propio jasota dago Euskal Herriaren nazio aitortza eta autogobernua deitu duten atalaren barruan: «Euskal herritarren hizkuntza eskubideak eremu guztietan errespeta eta berma daitezen lan egingo dugu, estatuko egitura eta administrazio desberdinek mantentzen duten bazterkeria eta diskriminazioa amaituz». Eta helburu zabal horren barruan hainbat xede jaso dituzte. Lehena da, hain justu ere, estatuaren administrazioaren ardurapean dauden erakunde publikoetan euskarazko arta ere bermatzeko urratsak egitea. «Horretarako, Estatuko administrazioaren funtzionamendurako, aukeraketarako eta sarbiderako irizpideak ezartzen dituzten legeak aldatu beharko dira», azaldu dute. Eta gogoratu gainerako talde subiranistekin batera idatzia dutela horretarako aurrerabideak egiteko lege proposamen bat. 

Europako Batasunera begira

EH Bilduk programan jaso ditu, era berean, «eremu digitalean eta ikus-entzunezkoetan» euskara zabaltzeko neurriak sustatzea, eta lanean jarraitzea euskararen, katalanaren eta galegoaren ofizialtasuna lortzeko EB Europako Batasunean. Horretarako bidea abiatua du, hain justu ere, Espainiako Gobernuak. Legealdi honen hasieran Junts per Catalunyarekin izan zituen hartu-emanen ondorioz abiarazi zuen prozesua, 2023ko irailetik hainbatetan egin du eskea, baina oraindik ez du lortu aski babes aldaketa hori gauzatzeko. Kultura produkziora begirako proposamenetan ere EH Bilduk hartu du aintzat hizkuntzaren aldagaia. Besteak beste,  Zinematografia Babesteko Funtsaren aurrekontuaren %15, gutxienez, «gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialetako proiektuetarako erabiltzea» jarri dute helburu moduan: «Euskarazko zinemaren finantzaketa eta garapena ziurtatzeko».

EAJk beste gai bati ere erreparatu dio bere programan: osasun profesionalei begirako hizkuntza eskakizunak lortzeko ahalegina egingo du Madrilen. Horra jeltzaleen helburua: «Osasun prestakuntza espezializatua eskuratzeko orduan, hizkuntza ofizialen ezagutza baloratzeko aukera ematea hizkuntza ofizial bat baino gehiago dituzten lurraldeetan». Horretarako eskea egina du aurrez ere. Migrazioaren gaian ere propio txertatu dute hizkuntzaren aldagaia: «Migrazioa Euskaditik kudeatu nahi dugu, erabakitzeko gaitasun handiagoarekin, baliabide nahikoekin eta arau argiekin. Harrera egiteak eta integratzeak eskubideak bermatzea, enplegurako sarbidea erraztea, euskara ikasten laguntzea eta partekatzen ditugun arauak betetzea eskatzen dute». Konpromisoen artean jaso dute, gainera, euskara, katalana eta galegoa EBn ofizial egiteko prozesua sustatzen jarraitzea.

PSOEren programan, hizkuntza gutxituei egiten zaien aipamen bakarra xede horren inguruan eginda dago. Horra konpromisoa: «Katalana, euskara eta galegoa Europar Batasuneko hizkuntza ofizial izatea bultzatzen segitzea, eta haien irakaskuntza sustatzea katedra, lektoratu eta atzerriko unibertsitateekin hitzartutako akordioen bidez». Fronte Zabalak, berriz, hiru konpromiso jaso ditu. Baga: «Hezkuntzarako estatu plan bat» bultzatuko dute estatu osoan hizkuntza koofizialen «ikaskuntza eta dibulgazioa» sustatzeko. Biga: mugak jarri nahi zaizkio Katalunian murgiltzeari, eta hezkuntza eredu hori «bermatzeko» urratsak agindu dituzte. Higa: laguntza «berriak» bultzatuko dituzte hizkuntza koofizialetan eduki digitalak sortzeko. Podemosek aipamen bakarra du: «Bermatuko dugu hizkuntza koofizialen eta propioen sustapena eta irakaskuntza Estatuko herri ezberdinetan, eta hezkuntza eskaintza nahikoa ziurtatuko dugu legezko aitortza duten hizkuntza guztiak ikasteko».

Gaztelaniaren alde

PPk arlo horretan egiten duen lehen-lehen proposamenak, berriz, espainieraren alde egiteko helburua du. «Irakaskuntza gaztelaniaz jasotzeko eskubidea bermatuko dugu Espainia osoan». Izan ere, espainiera gainerako hizkuntzen gainetik dagoela argi jaso dute programan: «Gaztelania espainiarren hizkuntza komuna da, hura ezagutzeko betebehar konstituzionala dute, eta erabiltzeko eskubidea». Gainerako hizkuntzak babestu beharreko «kultura ondarea» direla zehaztu dute. Eta hizkuntzen arteko harreman «adeitsua» dute helburu: «Hizkuntza komunaren eta hizkuntza koofizialaren arteko adeitasuna defendatuko dugu». Horiek horrela, hizkuntza eskakizunek «guztion askatasunak oinarrizko eskubideak» errespetatu beharko dituztela jaso dute. Zehaztapen horren atzetik jaso dute hizkuntza koofizialak dituzten lurraldeetako administrazioak herritarrek «aukeratzen duten» hizkuntzan mintzatuko zaizkiela haiei.

 

 

 

  

 

 

 

 

 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA