Sare Herritarrak begiak 2027ko urtarrilaren 9an ditu. Manifestazio nazionalera deitu dute ordurako, eta asteon Helmuga Ibiltaria bira antolatu du, ahalik eta mobilizazio jendetsuena lortzeko eta haren garrantziaz ohartarazteko. Bilbon, Baionan, Gasteizen, Iruñean eta Donostian izan dira, zenbait eragile sozial, sindikal eta politikorekin.
Beñat Uribe-Etxeberria Sare Herritarreko kideak azaldu du ekinaldi honen bidez irudikatu nahi izan dutela hamabi urtean hainbat eragilerekin erdietsitako akordioak eta jasotako babesa: «Uste dugu lortu dugula akordio horiek irudikatzea egin ditugun ekitaldi hauetan». Sare Herritarreko kideak azaldu du ordezkariez gain herritarrak ere egon direla deialdietan, eta haien parte hartzea espero bezalakoa izan dela: «Oso balorazio positiboa egiten dugu».
«
Euskal Herriak fasez aldatu behar duen ideiarekin ados dagoen eragile eta norbanakoekin elkartzea, horixe izan da Sareren tresna
»
BEÑAT URIBE-ETXEBERRIA Sare Herritarreko kidea
Urtarrileko manifestazioari etxeko lanak eginda heldu nahi diote, eta haien helburua da eragile sozial, sindikal eta politikoekin egindako akordio horien azken irudikapen bat egitea Bilbon. Eta alderdi, sindikatu, elkarte eta eragile horietako bakoitzari esker ona adierazi die Uribe-Etxeberriak: «Eskertzen diegu beti ondoan egon izana».
Euskal gizartean gehiengo zabala ordezkatzen duten eragileak direla azaldu du, eta haien bitartez interpelatu dutela euskal gizartearen gehiengoa. «Sarek hamabi urte hauetan salbuespena salatzeko eta euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko erabili duen tresna horixe izan da: Euskal Herriak fasez aldatu behar duen ideiarekin ados dagoen eragile eta norbanakoekin elkartzea».
Iruditzen zaie atxikimendu horiek ere badirela hamabi urtean egindako lanak emandako fruituen adierazle. Urtarrilaren 9ra bitarte, manifestaziorako deia egiten jardungo dute.
«Jendetsuena» eta «azkena»
Sare Herritarraren asmoa da eragileekin egindako akordio horien azken irudikapen bat egitea urtarrilean. Helmuga ibiltaria biraren lehen agerraldian, Bilbon, adierazi zuten nahi dutela urtarrileko manifestazioa «orain arteko jendetsuena» eta «modu iraunkorrean antolatzen den azkena» izatea. Hala, Uribe-Etxeberriaren esanetan, hiriburuetan egindako agerraldietan tokian tokiko eta askotariko jende eta eragile ugari batu dira, baina denek badute ezaugarri komun bat: «Jendartean eta eragileen artean ilusio berezi bat piztu du 2027ko urtarrilaren 9ko manifestazioak».
Ilusioa, zergatik? «Benetan ikusten delako aukera fase berri bati hasiera emateko eta, bereziki, iraganeko fase bati itxiera partzial bat emateko». Nabarmendu du horrek «sufrimenduaren parte bat amaiaraziko» duela. «Urtarrileko urteroko manifestazioa historiko bihurtu da, ibilbide luzea izan duelako». Sareko kideak azpimarratu du manifestazio nazionala urtero izan dela ezinbesteko bultzada, eta aurtengoak «bereziki» eman beharko lukeela indar hori.
Aldi berean, «modu iraunkorrean antolatu nahi den azken» manifestazioa izatea nahi du plataformak, eta horretarako arrazoia eman du Uribe-Etxeberriak: «Azken hilabeteetan bizi izan den egoeraren bilakaera, eta datozen hilabeteetan espero dena». Iritzi diote asko aurreratu dela, adibidez, presoak etxerako bidea egiteko prozesuan; halere, oraindik badituzte «zenbait korapilo askatzeko». «Izango dira iheslari eta deportatuen auziekin eginbeharrak, baita beste zenbait kasu konkreturekin ere», azaldu du. Hain zuzen, hamahiru iheslari eta hiru deportatu daude, eta etxera itzultzeko oztopoak dituztela ziurtatu zuen Bego Atxak asteartean. Alde horretatik, aztertzen ari dira urtarrileko manifestazioren ondoren Sare Herritarrak zer lan egingo duen.
Joseba Azkarragak Bilbon esan zuenez, preso gehienek jada etxean egoteko baldintzak betetzen dituzte: «Aintzat hartuta espetxean zenbat denbora bete duten, erantzukizun zibila ordaindu dutela eta kartzelan zer portaera izan duten, gehienek etxean egon beharko lukete». 112 presoetatik 73 hirugarren edo bigarren gradu arinduan daude; beste 39, ordea, kalera atera gabe daude oraindik.
Urtarrilaren 9ko manifestazioaren goiburua Helmuga, denak etxera izango da, eta mugimenduak elkarretaratzearen bidez lortu nahi duen xedea islatzen du: preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko amaiera ematea.
'helmuga ibiltaria' biran egon diren eragileak
Alderdiak:
EH Bildu (Sortu, Eusko Alkartasuna eta Alternatiba) eta EH Bai.Eragileak eta elkarteak:
Sindikatuak:
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxalde.
40 Minutu Rock, AEK, Aske Jaialdia, Bilgune Feminista, Eraiki, Ernai, Etxerat, Gazte Abertzaleak, Gernika-Palestina, Gure Esku, Harrera elkartea, Ikama, Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoiak, Martxoak 3, Manu Robles Arangiz fundazioa, Oneka, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Pentsionistak Martxan, Salhaketa, 78ko Sanferminak Gogoan, Sasoia eta Yala Nafarroa.