Nafarroako Jauregiko aretorik dotoreenean egin dute zina, Tronuen aretoan. Javier Remirezek ele bitan egin du, eta dagoeneko Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordea da, baita bozeramailea eta Presidentetza eta Berdintasun Departamentuko arduraduna ere. Inma Juriok, berriz, gazteleraz egin du zina, eta Barne, Funtzio Publiko eta Justizia arloko kontseilari kargua hartu du. Biek krisia dagoela ukatu dute, eta azpimarratu «normaltasunez» hartu behar dela gobernuan izandako aldaketa.
Kargua hartzeko ekitaldia xumea bezain laburra izan da. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak bezperan egindako diskurtsoa errepikatu du, eta onartu die «zaila» dela lehendik abian den tren batera igotzea; baina promes egin die behar dutenean laguntzeko prest dagoela. Aldi berean, unea «gozatzeko» eskatu die, aurki galtzak bete lan ibiliko direlako.
Ikusi gehiago
Aretoaren alde batean, senideek ikusi dute ekitaldia, bai eta gobernuko gainerako kontseilariek, parlamentu taldeetako ordezkariek —besteak beste, Geroa Baiko Pablo Azkonak, EH Bilduko Laura Aznalek eta Adolfo Araizek, UPNko Juan Luis Sanchez de Muniainek, Zurekin Nafarroako Miguel Garridok— eta erakundeetako ordezkariak —hala nola Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eta Maria Iraburu Nafarroako Unibertsitateko errektoreak—. Ekitaldiari amaiera emateko, Joaquin Gaztanbide konpositore nafarraren pieza bat interpretatu dute Alvaro Iborra klarinete joleak eta Maitane Ezpeleta gitarra jotzaileak.
«Hau ez da krisi bat. PSNk koadroak ditu, taldea du, eta batzuetan beharrezkoa da aurpegiak aldatzea»
JAVIER REMIREZ Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordea eta bozeramailea
Jarraian, gobernuko bozeramaile gisa, lehen hitzak izan ditu Remirezek. Krisi hitza saihestu du, eta gogora ekarri du aurreko legealdiko esperientzia: «COVID-19aren pandemiari aurre egin behar izan genion, eta hura bai izan zela egiturazko krisia. Orain nazioarteak markatutako beste testuinguru batean gaude. Europan zein maila nazionalean, demokrazian sinesten ez duten indarrak daude, eta, zoritxarrez, PPk eta UPNk bat egin dute haiekin».
Aldi berean, ukatu egin du aldaketak PSNren estrategia baten parte izatea. «Gobernu aldaketak ohikoak dira Nafarroan eta Espainian». Txibitek aurreratutakoarekin bat eginez, adierazi du «bultzada politikoa» behar dutela legealdiko azken txanpa hartzeko. «Krisia Gazakoa da, eta Estatu Batuetan eta Venezuelan gertatzen ari dena. Hau ez da krisi bat. PSNk koadroak ditu, taldea du, eta batzuetan beharrezkoa da aurpegiak aldatzea. Nik neuk aurreko legealdian ardura bat izan nuen, eta gero beste bat egokitu zitzaidan».
Beste behin ere, Nafarroako Gobernuaren egonkortasuna nabarmendu du, eta gizarteari begira horrek balio politikoa duela aldarrikatu. Espainiarantz begiratu du jarraian. «Begiratu besterik ez dago eskuineko alderdiek zer ikuskizun sortu duten Extremaduran, Aragoin eta Valentzian. Herritarren esku utzi nahi dute arduradun politikoei dagokien erantzukizuna». Hori ikusirik, Nafarroa aurrerantz doala iritzi dio. «PPk eta Voxek erakundeen ezegonkortasuna eragin nahi dute; gu, berriz, ez gaude estrategia alderdikoiak jarraitzeko».
Hala ere, ukaezina da Cerdan auziak azken sei hilabeteetan herritarren artean piztutako ezinegonek eta susmoek zerikusi zuzena dutela gobernu aldaketarekin, eta horri buruz galdetu zaio Remirezi. Eledun berriak gogora ekarri du gobernuak «jarrera proaktiboa» izan duela auzi horretan, eta kanpoko zein barneko ikuskaritzak egin dituela Acciona eta Servinabarrekin hitzartutako kontratu publikoak aztertzeko. «Gobernuaren ekinaldi bat bera ere ez da auzitan jarri judizialki».
Felix Tabernari eskerrak eman dizkio aldaketan laguntzeagatik. Berdintasun politikak bultzatzen jarraituko dutela adierazi du. Gainera, esan du aurrera aterako dituztela boluntariotzako legeak eta gardentasun legea.

Erronka handiak
Remirez senataria zen Maria Txibiteren deia jaso zuenean, baina Inma Juriok utzia zuen politikaren lehen lerroa, estatuko funtzionario lanetan ari baitzen. Orain, baiezkoa eman dio abian den tren batera igotzeko eskaintzari. 2011-2012 aldian, Justizia eta Barne zuzendari izan zen UPNren eta PSNren gobernuan, baina orain koska bat igo da gobernu egituran. Bi erronka nagusi izango ditu: trafiko eskumena guztiz burutzea eta funtzio publikoko estatutua aurrera ateratzea.
Hamabost hilabete baino ez dira falta horretarako, baina hasieratik bere burua «indartsu» ikusten duela esan die kazetariei. Trafikoari dagokionez, Iruñeko eta Madrilgo gobernuek auzi teknikoak eztabaidatzen jarraitzen dute. Juriok aurreratu duenez, Nafarroako lantaldea «atsedenik gabe» ari da lanean.
Funtzio publikoko estatutuari dagokionez, negoziazioei berrekin zieten apirileko grebaren ondotik, eta urte amaieran beste proposamen bat aurkeztu zuen gobernuak. Aurki, bilkura bat egingo dute. Ez du gauza handirik aurreratu. «Sindikatuek alegazioak aurkez ditzakete». Legealdiaren amaiera begi bistan izanik, «epeak» ezarriko dituztela onartu du.