LAB eta ELA prest azaldu dira «Euskal Herritik eta Euskal Herrirako» greba orokor bat adosteko

LABen arabera, lanuztearen eskakizun nagusiak dira «soldatak hobetzea eta herritar guztiek etxebizitza bat eskuratzeko modua ziurtatua izatea». ELAk esan du grebara deituko duela eta beste eragile batzuekin negoziatzen ari dela.

Hainbat lagun LABek larunbatean Donostian antolatutako manifestazioan. GORKA RUBIO / FOKU
Hainbat lagun LABek larunbatean Donostian antolatutako manifestazioan. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko urriaren 6a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxebizitzaren arazoa ardatz gisa hartuta, Euskal Herrirako greba orokor bat antolatzeko prestatzen ari dira LAB eta ELA sindikatuak. Lanuzte horren helburua izango da «soldatak hobetzea eta herritar guztiek etxebizitzarako sarbidea ziurtatua izatea», LABek gaur adierazi duenez. ELAk ere ziurtzat jo du greba orokorrera joko duela, eta lanean ari da «etxebizitzako sindikatuekin eta gainerako eragile sozial eta sindikalekin», erakundeen gaineko presioa handitzeko, «batez ere EAEn eta Nafarroan, hemengo gobernuek arlo horretan eskumen zabalak baitituzte».

Izan ere, ELAk eta LABek «Euskal Herritik eta Euskal Herrirako» egin nahi dute deialdia. CCOO eta UGT Espainiako sindikatuek greba orokorra egingo dute Espainiako Gorteetarako bozak baino lehen —azaroaren 29an izango dira—; oraindik ez dute argitu noiz egingo duten zehazki, baina litekeena da, Euskal Herrian ere deialdia egiten bada, egun berean ez izatea. Ikusi beharko da zer jarrera hartzen duten Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak ere —ostiralean mobilizazio jendetsuak antolatu zituzten—.

Ohar bidez, LABek adierazi du etxebizitzarena «lehen mailako kezka soziala» dela Euskal Herrian, langile guztiei eragiten diela, eta etxebizitzaren garestitzea eta espekulazioa «langileak pobretzeko eta haien arteko arrakaletan sakontzeko arrazoi nagusietako bat» direla.

Sindikatuak aberastasuna banatzeko politikak eskatu ditu, eta etxebizitzaren larrialdiari aurre egiteko, zehazki, egiturazko neurriak exijitu ditu: «Ardura du Espainiako Gobernuak, baita Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere. Asteburuan maizterrekin batera antolatutako mobilizazioetan esan bezala, kalean, lantokietan eta instituzioetan presioa areagotzeko garaia da».

Neurri zehatzak

LABek kritika zorrotzak egin dizkio EAJri, eta egotzi dio Madrilen «higiezinen patronalaren eta, finean, espekulatzaileen alde» aritzea. Hego Euskal Herrian, berriz, etxebizitza eskubidearen eta gutxieneko soldata propioaren aldeko neurriei bizkarra ematea aurpegiratu dio. 

Dena den, LABek uste du Euskal Herrian posible dela «Madrilen ezinezkoak diren aldaketak» lortzea, eta neurri zehatzak eskatu dizkie Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: alokairu mugagabeak ezartzea eta prezioak jaisteko esku hartzea; etxegabetze guztiak gelditzea; putre funtsen esku dauden etxeak berreskuratzeko neurriak hartzea; eta «errentismoa elikatzen duten politika publikoak amaitzea», «banketxeen eskuetan amaitzen duten» diru laguntzarik ez ematea, politika fiskal progresiboak ezartzea eta parke publiko indartsu bat eratzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA