LABek jakinarazi du langile taldeak esleitzeko akordioa lortu dutela Haurreskolak partzuergoan

Hezitzaileen lan zamak «arintzeko» lagungarria izango dela esan du, eta eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean ere hobekuntzak ekarriko dituela. Urrats bat izan da iazko otsailean lortutako aurreakordioa behin betikoa izan dadin.

Haurreskolak partzuergoko langileen ordezkariak protestan, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Haurreskolak partzuergoko langileen ordezkariak protestan, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2026ko martxoaren 2a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haurreskolak partzuergoan gehiengoa du LAB sindikatuak, eta sektorerako hobekuntza ekarriko duen «mugarri» bat lortu duela jakinarazi du: langile taldeak esleitzeko akordioa. Hezitzaileen «lan zamak» arintzeaz gain zerbitzuaren «kalitatean» ere hobekuntza ekarriko duela esan du. Iaz hainbat greba eta mobilizazio egin zituzten partzuergoko langileek, eta otsailaren 10ean aurreakordio bat hitzartu zuten; urtebeteren ondoren, orain lortu duten akordioarekin abiaputu gisara hitzartutako testu hura «behin betiko hitzarmena» bihurtu da, sindikatuak aurreratu duenez. 

Hilabeteotan administrazioak izan duen jarrera kritikatu egin du LABek; «zentzurik gabeko luzapenetan» jardutea leporatu dio. Orain lortu duten akordioak ekarriko dituen aldaketak onak direla adierazi du, ordea. Ikastetxeetako unitateen araberako ratioak «nabarmen» hobetuko direla azaldu du, eta «baliabide pertsonal gehigarriak» ere izango direla orain lanerako orduan. Era berean, nabarmendu du ahalegina egingo dela «zailtasun handieneko» ikastetxeak zein diren aztertzeko, eta horrek modua emango duela haietan behar diren baliabideak «doitzeko». Datu bat eman du akordioari esker lanpostuetan izango den igoerari neurria hartzen laguntzeko: «Akordio honek 180 kontratu berri ekarriko ditu apirilean».

LABek esan du orain dela urtebete akordioa «bakarrik» izenpetu bazuen ere Steilasen babesa jaso duela orain itundu dutenak. ELAk, berriz, ohar bat plazaratu du akordio horren kontra: «murrizketak» dakartzala esan du. Zerrendatu egin ditu: «Erosahalmenaren galera, behin-behinekotasunari aurre egiteko neurrien falta eta erretiroa aurreratzeko aukerarik eza». Ratio eta baliabideen inguruan hitzartu duten «eranskinak» ere deus berririk ez dakarrela esan du: «Edukiak eskasak dira, eta ikastetxe asko baliabide gehigarririk gabe utziko dituzte». Gogora ekarri du hitzarmena urte bukaera bitartean egongo dela indarrean, eta aurreratu du dagoeneko lantzen ari direla datorren urtetik aurrera «zerbitzuaren beharrak beteko dituen» akordio egokiago bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.