LABek medikuen diagnostikoa partekatu du, baina ez du babestu haiek negoziazio propio bat izatea

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu dio bere eskumenak balia ditzala, gatazka konpontzeko. Sindikatuak, osasun sistemaren egoera ikusita, gatazka izango dela espero du.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, Osakidetzaren eraldaketarako proposamenak aurkezteko ekitaldi batean, artxiboko irudian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, Osakidetzaren eraldaketarako proposamenak aurkezteko ekitaldi batean, artxiboko irudian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko ekainaren 11
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

LAB medikuen diagnostikoaren alde dago, LAB medikuen eskaeren kontra dago. «Osakidetza inoiz ez bezalako une kritiko batean dago. Egiturazko arazoa da, eta egiturazko neurriak behar ditugu». Hala laburbildu zuten medikuen ordezkariek Osakidetzaren egoera, atzo, Euskal Autonomia Erkidegoko medikuen plataformak eta MUD Beren Eskubideen Alde Batutako Medikuak elkarteak egindako agerraldian. LAB bat dator: «Arazoa egiturazkoa da». 

Sindikatuak, ordea, eragozpen bat jarri die medikuei: «Irtenbidea klase ikuspegiarekin landu behar da». Alegia, osasun sistema publikoko langile guztien lan baldintzak hobetzea babestu du, eta baztertu egin du medikuek haien lan baldintzak bakarrik negoziatzea eta lan baldintzen estatutu propio bat eskatzea. «Horrek langile klasea ahultzen du, zerbitzu publikoa zatitzen du eta ezkutatu egiten du osasun sistema publikoaren arazoa egiturazkoa dela», LABen arabera. Ez hori bakarrik: uste du medikuen ordezkariek eta Osakidetzak elkarrekin negoziatzeak zilegitasuna kentzen diola negoziaziorako eremu ofizialari, mahai sektorialari. Eta Osasun Sailaren «estrategia» indartzen duela: «Langileak zatitzea». Sindikatuak negoziazio kolektibo osoaren eta gardenaren alde egin du, «kategoria eta unitate bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuko dituena eta langile guztien interesei erantzungo diena».

Mediku falta, «egiturazkoa»

LABek bat egin du medikuen zenbait salaketarekin: mediku falta «egiturazkoa» dela, lehen arretaren egoera «kritikoa» dela, lan kargak «jasanezinak» direla, 24 orduko guardien sistema «itogarria» dela, kasu askotan ez direla medikuak ordezkatzen, medikuen neke profesionala eta arrisku psikosozialak «modu kezkagarrian» hazi direla... 

Medikuen ordezkariek aldaketa bat egin zuten atzo haien mezuan eta eskaeretan: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari zuzenean eskatu zioten hobe ditzala Osakidetzako medikuen lan baldintzak, horretarako aukera duelako. LAB ere Osasun Sailari zuzendu zaio. Eskatu dio bere gain har ditzala bere eskumenak, ez dezala erabili Espainiako Gobernua aitzakia gisa eta berritu dezala osasun langile publikoen lan baldintzen Akordio Arautzailea —duela 18 urtetik berritu gabe dago—.

«Dinamika propioak lantzen ari gara, langileen nekea eta haserrea bideratzeko eta kaleetan zein lantokietan beharrezko presioa egiteko»

LAB SINDIKATUA

Osasun Sailak zenbait proposamen egin dizkie medikuei, lan baldintzak hobetzeko: atsedenerako denbora gehiago izatea, produktibitate osagarria hobetzea, garapen profesionala indartzea, guardien ordaina berrikustea eta bi lantalde sortzea, bata medikuek agendak kudeatzea aztertzeko eta bestea guardien berrantolaketa aztertzeko. Osasun Sailak zehaztu egin zuen neurri horiek beharko luketen inbertsioa: 70 milioi euro.

Ordainsariak bakarrik ez

Medikuentzat kopuru hori urteetako gabezien «ordainagiria» da. LABentzat «tranpa hutsa» eta «komunikazio estrategia» dira, egoera «ezkutatzeko»: «Herritarrak engainatzea eta Osakidetza egoera honetara eraman duen eredua bera betikotzea dute helburu». Sindikatuarentzat Osakidetzaren arazoak ez dira konponduko medikuen ordainsariak soilik hobetuta, nahiz eta, salatu duenez, ordainsariak berritu gabe dituzte duela hamarkada bat baino gehiagotik. «Horrelako neurriak ez dira eraginkorrak izango, lan baldintzak hobetzeko neurriak ere onartzen ez badira», LABen iritziz. 

Gogora ekarri du osasun arloko ituna: «Lankidetza publiko-pribatua blindatu egin zuen, eta saihestu langile kopurua handitzea, premiazkoa bada ere». Osasun Sailari egotzi dio gatazka baliatzen ari dela «klinika pribatuak aberasteko». Izan ere, Osasun Sailak itundutako ospitale pribatuetan operatzeko aukera eskaintzen die operatzeko zain 180 egun baino gehiago daramatzaten herritarrei. Grebek itxaron-zerrendak handitu dituzte, eta Osasun Sailak neurri hori hartu du itxaron-zerrendak arintzen saiatzeko. 

Medikuentzat aukera bat da greba mugagabea egitea. LABek, osasun sistema publikoaren egoera ikusita, gatazka izango dela espero du. Jakinarazi du jada hasi dela «dinamika propioak» lantzen, «langileen nekea eta haserrea bideratzeko eta kaleetan zein lantokietan beharrezko presioa egiteko». Osasun sistema publikoa, unibertsala, euskalduna eta komunitarioa nahi du.

LAB-EN PROPOSAMENAK

  • Lanaldia. Langile guztiei urteko lanaldia murriztea. Astean 30 orduko lanaldia litzateke helburua. 
  • Guardiak. Ohiko lanaldiaren barruan sartzea.
  • Antolaketa. Hobetzea eta lanaren antolaketa berritzea.
  • Prestakuntza. Langile gehiago prestatzea, unibertsitateko ikasleen eta BAME barruko mediku egoiliarren lekuen kopurua handituz.
  • Atsedena. Atsedenaldiak bermatzea. Horretarako, profesional guztientzat antzeko lanaldiak ahalbidetzeko txanda sistema bat aztertzea proposatu du.
  • Erretiroa. Erretiro adina aurreratzeko edo lanaldia murrizteko moduak aztertzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE