Ez medikuek, ez osasun sistema publikoen kudeatzaileek ez dute itxaropenik Espainiako Osasun Ministerioaren jarrera aldatzeko. Medikuek eutsi egin diete mobilizazioei eta grebei, eta horrek eragin nabarmena du Osakidetzaren eta Osasunbidearen funtzionamenduan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Osasun Departamentuak proposamenak egin dizkiete medikuei, haien lan baldintzak hobetzeko asmoz eta greba bertan behera uzteko itxaropenean. Sindikatuek, ordea, esana dute halako akordioak lortuta ere ez dutela greba bertan behera utziko. Aste osoko greba egingo dute hurrengo astelehenetik ostiralera, bosgarrenez.
Eusko Jaurlaritzak hiru hobekuntza proposatu dizkie medikuei, «entzute prozesu luze baten ondoren»: atsedenerako denbora gehiago izatea, guardien ordaina berrikustea eta medikuek agendak kudeatzea aztertzeko lantalde bat sortzea. Alberto Martinez Osasun sailburuak zehaztu du neurri horiek indarrean jartzeko zenbat diru behar den: 70 milioi euro. Martinezek, baina, ez du proposamen horiei buruzko xehetasunik eman: «Proposamen bat lantzen ari gara, eta uste dugu hori dela bidea». Hori bai, zehaztu du hitz egiten ari dela SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin, ESI erakunde sanitario integratuetako profesionalekin eta espezialitate desberdinetako medikuekin. 140 zerbitzubururekin bildu zen atzo.
«Zubi guztiak hautsita daude»
Berez, Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak autonomia erkidegoetako osasun arduradunekin bildu nahi du bihar. Ez dirudi, baina, bilera hori egingo denik. Martinezen arabera, bilera horrek «ez du zentzurik». Ministerioarekin esparru estatutuari buruz hitz egiteko «zubi guztiak hautsita daude». Osasun sailburuak zehaztu duenez, autonomia erkidegoetako arduradunak egoerari buruz hitz egiten eta iritzia bateratzen ari dira gaur, eta Garciari helarazteko asmoa dute.
Ikusi gehiago
Espainiako Osasun Ministerioak zenbait sindikaturekin hitzartu zuen osasun langile publikoen esparru estatutua, urtarrilaren amaieran: CCOO, UGT, SATSE —erizainak— eta CSIF —funtzionarioak—. Estatutu horrek zehazten ditu osasun sistema publikoetako langileen gutxieneko lan baldintzak. Medikuek, ordea, araudi propio bat eskatu dute, uste dutelako estatutu horrek ez dituela jasotzen haien prestakuntza luzea —hamar urtetik gorakoa—, lana eta ardura. Mobilizazioak eta grebak egiten ari dira: aste osoko grebak hilero, otsailetik ekainera. Esparru estatutuak zehazten ditu gutxieneko lan baldintzak, baina autonomia erkidegoek baldintza horietako batzuk hobetu ditzakete.
«Adarjotzea»
Ministroen Kontseiluak iragan astean onartu zuen esparru estatutuaren lege aurreproiektua. Prozedura parlamentario osoa falta du: zuzenketak, negoziazioak... Martinezek Osasun Ministerioaren jokabidea salatu du, lege aurreproiektua lehenago eraman zelako Ministroen Kontseilura, autonomia erkidegoetako osasun arduradunen bilerara baino. Lege aurreproiektua tramitatzea «hutsegitetzat» jo dute.
Berez, CCOO, UGT, SATSE eta CSIF sindikatuek onartu zuten esparru estatutua, baina SATSEk salatu du sindikatuekin hitzartutakoa eta Ministroen Kontseiluak onartutako testuak desberdinak direla, «azken orduan» aldaketak egin dizkiolako. Aldaketa horiek baztertu egin ditu, urtarrilean hitzartutako neurriekin alderatuta «atzerakada larria» direlako. Erizainen sindikatuak zehaztu du onartutako testuan jada ez dagoela erretiro aurreratua arautu ahal izateko aukera, osasun zerbitzuetako lana neketsua delako. Ezta gainerako langileen baldintza beretan erretiro partziala hartzeko aukera ere.
Aldaketak «traizio instituzionala» eta «adarjotzea» iruditu zaizkio. «Hitzartutako eskubideak eta aurrerapenak murriztu dituzte, eta ez dugu onartuko», ohartarazi dio SATSEk Espainiako Gobernuari. Aztertzen ari dira zer neurri hartu aldaketei erantzuteko.
SATSE haserre dago, biharko bilera egiten bada, autonomia erkidegoetako osasun arduradunek eta ministerioak medikuen lan baldintzei buruz hitz egingo dutelako. Gobernuei gogorarazi die ezarritako negoziazio eremuetan egin behar direla osasun langile publikoen lanaldiei, sailkapen profesionalei, ordainsariei eta lanaren antolaketari buruzko negoziazioak. Arauak urratzea eta sindikatuak gutxiestea egotzi die. Eskatu die ez hartzeko konponbide «korporatiboak edo baztertzaileak», hau da, medikuen lan baldintzei soilik dagozkienak. Halako erabakiren bat hartuz gero, erizainak erreakzionatzeko prest daude.