Osasunbideko eta Osakidetzako medikuek, azken orduko aldaketarik ez bada, greba egingo dute hurrengo astean. Espainiako Osasun Ministerioak hitzartutako eta onartutako esparru estatutuaren kontra daude, eta medikuen oinarrizko lan baldintzak arautzeko estatutu propio bat eskatzen diote. Gero uda etorriko da. Eta udaren ondoren, agian, medikuen greba mugagabea. Hala iradoki dute EAEko medikuen plataformaren eta MUD Beren Eskubideen Alde Batutako Medikuak elkarteko ordezkariek, gaur arratsaldean, Donostian: «Medikuen greba mugagabea hementxe dugu».
Zehaztu dute, hori bai, halako erabaki bat hartzea ez dela erraza, eta erabaki aurretik jende askorekin hitz egin behar dela. Baina benetako aukera da: «Negoziazioetan aurrerapausorik ez badago, greba mugagabeaz gain, ez dago alternatiba askoz gehiagorik». Ohartarazi dute medikuen artean «giroa oso bero» dagoela, denbora asko daramatela beren lan baldintzak aldatzeko eskatzen.
Konponbidea, bertan
Gaurko agerraldian izan da aldaketa bat: orain arte, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako medikuak Espainiako Osasun Ministerioari zuzendu zaizkio batez ere, estatutu propio bat eskatzeko; gaur, ordea, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari egin dizkiote eskaerak, esparru estatutua edo estatutu propioa aintzat hartu gabe ere medikuen lan baldintzak nabarmen hobetu ditzakeelako: «Gure eskaera nagusiak hemen konpondu daitezke, eta hemen konpondu behar dira. Haiek badakite». Osasun Sailak egin behar duela esan dute. Ardura horri uko egin diola salatu dute, ordea.
EAEko medikuen plataformako Sara Lizeagak eta MUDeko Elena del Valek eta Javier Fernandezek hitz egin dute medikuen izenean. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari erantzun nahi izan diote. Martinezek medikuen lan baldintzak hobetzeko sindikatuei egin dizkien proposamen batzuk jakinarazi zituen atzo: atsedenerako denbora gehiago izatea, produktibitate osagarria hobetzea, garapen profesionala indartzea, guardien ordaina berrikustea eta bi lantalde sortzea, bata medikuek agendak kudeatzea aztertzeko eta bestea guardien berrantolaketa aztertzeko. 70 milioi euroko inbertsioa litzateke urtero.
Bokazioen mende
Medikuentzat, Eusko Jaurlaritzaren eskaintzak ez du konponduko benetako arazoa: «Kudeaketa eredua zaharkituta dago, eta medikuen bokazioaren eta gainkargaren mende dago funtzionatzen jarraitu ahal izateko». Argitu nahi izan dute diru horren parte handi bat lanaldi osagarriak, guardiak gehiago ordaintzeko eta ezohiko jarduera gehiago egiteko izango liratekeela: «Alegia, onartzen du berez gainkarga hori badagoela, beste behin medikuen bizkar. Ez du planteatzen sistema berrantolatzea, medikuek administrazio publikoko gainerako kategoria profesionalen pareko lanaldiak izateko».
Medikuek ordainsari hobeak eskatzen dituzte, baina herritarrei eta pazienteei nabarmendu nahi izan diete negoziazioaren «marra gorriak» ez direla ordainsariei buruzkoak, beste batzuk baizik: langileak hobeto antolatzea, atsedenak kudeatzea, medikuek beren agendak kudeatzea, guardiak kentzeko —«batez ere 24 ordukoak»— azterketa bat eta plan bat egitea , ezohiko lanaldien kudeaketa, garapen profesionala onartzea, kontziliazioa...
Argitu nahi izan dute beren eskaera nagusiak ez direla soldatari edo ordainei buruzkoak. «Eztabaida sakonagoa da», azaldu dute: «Euskal osasun sistema publikoaren biziraupena dago jokoan». Etorkizuneko medikuak ere bai: «Bide honetatik jarraituz gero, gero eta mediku gutxiago daude eta gero eta gutxiago egongo dira baldintza hauetan lan egiteko prest».
«Ordainagiria»
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako ezohiko inbertsioa «ordainagiria» dela diote, «urteetan planifikazio faltagatik eta baliabideen kudeaketa desegokiagatik pilatutako ordainagiria». «Bokazioa ez da esplotazioa», ohartarazi dute. Osakidetzaren tripak ezagutzen dituzte, eta egoera larria dela uste dute: «Osakidetza inoiz ez bezalako une kritiko batean dago. Egiturazko arazoa da, eta egiturazko neurriak behar ditugu». Egoera horrek guztiak eragina du pazienteengan. «Haiek dira gure kezka nagusia», adierazi dute. Baina Eusko Jaurlaritza benetan garrantzitsua dena ahazten ari dela uste dute: «Asistentziaren kalitatea».
Medikuen greba eragin nabarmena izaten ari da Hego Euskal Herrian. Itxaron-zerrendak luzatzen ari dira. Espezialistekin lehen kontsulta izateko epeak, luzatzen. Ondorioak beste leku batzuetan baino handiagoak dira. Zergatik? Mediku batek erantzun du, entzuleen artetik: «Lan asko egiten delako ohiko lanorduetatik kanpo. Langile arruntek baino gehiago kobratzen dugu, bai, baina ordu asko lan egiten dugulako. Hor dago misterioa».