Etxebizitzaren eremuan lan sindikala egiteko erabakia berretsi du LABek. Sindikatuak 2025eko urtarrilean eman zuen erabaki horren berri, eta gaur, urte eta erdi geroago, geroztik egindako borrokei buruzko txostena aurkeztu du, LABekin antolatuta dauden zenbait maizterrekin batera. Nabarmendu dutenez, euren jardunari esker argi ikusi dute Euskal Herria etxe larrialdi betean dagoela, gero eta herritar gehiagok dutela arazo hori, etxebizitzak duen funtzio soziala alboratu eta merkatuaren esku utzi dela, eta, gainera, hori guztia «generoagatik, jatorriagatik edo adinagatik arrakalak areagotzen dituen ereduaren beste adibide bat» dela.
Hori ikusirik, LABek bi egiteko nagusi dituela adierazi du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak: batetik, etxebizitzarekin arazoak dituzten langileak antolatzea, eta, bestetik, «etxebizitza politika eraginkorren alde» borroka egitea. Horregatik, eskatu du «neurri zehatz urgenteak» hartzeko eta etxebizitza «merkatuaren espekulazio logikatik» askatzeko.
«Egungo gobernuek errentismoa zilegiztatu eta elikatzen dute, ez baitute oinarrizko neurri sakonik hartzen eskubideak bermatzeko»
GARBIÑE ARANBURU LABeko idazkari nagusia
«Egungo gobernuak» askotariko neurriak iragartzen ari direla azaldu du idazkari nagusiak, baina «etekin ekonomikoaren asmoa» bere horretan uzten dutela guztiek: «Errentismoa zilegiztatu eta elikatzen dute, ez baitute oinarrizko eskubideak bermatzeko neurri sakonik hartzen».
Besteak beste, salatu du «ideia interesatu bat» indartzen ari direla erakunde horiek, «eskaintzaren eta eskariaren artean omen dagoen desorekarena». Hori baliatuta beste eraikuntza ziklo bat sustatzen aritzea gaitzetsi du LABek, baita etxejabeen onurarako diru laguntza politikak ere. Era berean, parke publikoa handitzeko, behar besteko apusturik ez dutela egiten salatu du. «Norabide aldaketa bat behar dugu», amaitu du Aranburuk.
Gatazka sindikal ugari
Jarraian, Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak txostena laburtu du, eta LABek esku artean dituen gatazka kolektiboez mintzatu da. Lehenik, Bilbon turistifikazioaren aurka hiru ataritako maizterrek egindako borroka aipatu du; horri esker, eragotzi egin zuten eraikin horietan etxe turistikoak jartzea.
Orain, Gasteizen eta Iruñerrian babes ofizialeko izendapena galtzear diren etxeetako maizterrekin dabiltza lanean. Denera 900 etxebizitza inguru dira, eta, kasu bakoitzak ezaugarri bereziak dituen arren, oinarri bera dute, Perezen aburuz: «Diru publikoarekin eraiki eta babestutako etxeak dira, eta pribatizatzeko arriskuan daude. Alokairuen prezioak igo dizkiete, eta etxegabetu egin nahi dituzte».
Maizterrak Alquiler Seguro higiezin enpresaren aurka antolatzen jarraitzen du LABek, «enpresaren abusuzko praktikak eta klausulak salatzeko eta maizterrei lapurtutako dirua berreskuratzeko». Horretarako, alokairu greba bat egitea da sindikatuaren asmoa, eta Perezek kontatu du dozenaka maizterrek bat egin dutela kanpainarekin.
«Arazo konkretu asko gatazka sindikal bihurtzen dira»
ENDIKA PEREZ LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna
Aipatutakoak dira etxebizitzaren alorrean LABek egun dituen borrokarik handienak, baina Perezek azaldu du hamaika kontsulta jasotzen dituztela, eta, haiei kasu egiteko, sindikatuak aholkularitza kolektiboak egiten dituela Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Donostian eta Debarroan: «Arazo konkretu asko gatazka sindikal bihurtzen dira, etxejabeekin negoziazio bide bat irekitzen dugunean eta akordioak lortzeko ekintza sindikala aktibatzen dugunean».
Amaitzeko, zenbait datu eman ditu. Gatazka sindikalak aktibatu dituztenen erdiak migratzaileak dira, eta hirutik batek arazoak izan ditu logelen alokairuarekin edo erroldarekin. Artatuen erdiak emakumeak dira, eta gatazken %60 bost etxebizitza baino gutxiago dituzten jabeekin izan dituzte.
Gehitu du bi direla kasurik ohikoenak. %30ek zerikusia dute maizterrari fidantza ez itzultzearekin eta etxejabeak dagozkion gastuak ez ordaintzearekin. Ohikoa da maizterrei kontratuak luzatu ez eta etxetik kaleratu nahi izatea ere, «izan etxejabeak gehiago irabazi nahi duelako edo etxea aldi baterako alokairuan jarri nahi duelako». Azken kasu horietako bederatzitan, maizterrek etxean geratzea erabaki dute, eta jabearekin akordioak erdietsi dituzte.