LABek, Steilasek eta ELAk egun osoko grebara deitu dute hezkuntzan urriaren 15erako, Palestinaren alde

Hego Euskal Herriko hezkuntza sistema osorako da deialdia, haur eskoletatik unibertsitateetara. ELAk bere aldetik egin du deialdia.

Ikasgela bat hutsik, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Ikasgela bat hutsik, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko urriaren 8a
10:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk, LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiruk, hiru orduko lanuzteetara deitu dute urriaren 15erako —ELAk bere aldetik egin du deialdia—, Palestinari elkartasuna adierazteko. Alta, lanuztea indartsuagoa izango da hezkuntzan: LABek eta Steilasek deituta, greba egun osokoa izango da.

Hasi haur eskoletatik eta unibertsitateetara bitarteko langileak deitu dituzte grebarekin bat egitera. Horrez gainera, zera ere eskatu diete: lantokietan mobilizatzeko, pikete informatiboak egiteko, eta 12:30ean Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean antolatutako manifestazioetan parte hartzeko. LABek eta Steilasek nabarmendu dutenez, hezkuntza komunitateak hasiera-hasieratik salatu du «Israelek Palestinako herriaren aurka egindako eraso basatia», eta, are, hainbat mobilizazio ere egin dituzte.

Orain, baina, harago joateko unea da. «Inork ez du zalantzan jartzen gaur egun gertatzen ari dena genozidio bat dela, Israelgo Estatuak eta hura sostengatzen duten gobernu eta interes ekonomikoek salbu». Horiek horrela, LABek eta Steilasek bata bestearen atzetik zerrendatu dituzte hilaren 15ean greba egiteko arrazoiak: «Langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriari; Israel —AEBetako Gobernuaren babesarekin— Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea; Palestinako Zisjordania lurraldearen etengabeko kolonizazioa eta horrek Palestinako langile klasearen lan eta bizi baldintzetan dituen ondorio larriak salatzea; Gazan genozidioa berehala amaitzea eta Palestinaren okupazioa nahiz kolonizazioa amaitzeko irtenbide integrala aldarrikatzea, palestinar herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatuta; hezkuntzako langileak garen heinean, hildako adin txikikoen basakeria salatzea; patronalari eta bertako eta nazioarteko instituzioei exijitzea Israelgo Estatuarekin duen merkataritza harreman oro bertan behera utz dezatela, ez baita onargarria genozidio baten kontura negozioak egiten jarraitzea; eta Europako Batasunaren eta Israelgo Estatuaren arteko Elkartze Hitzarmena bere osotasunean eten dezaten eskatzea».

ELA, bere aldetik

ELAk bereiz atera du oharra. Azaldu duenez, sare sozialen bidez izan dute LABen eta Steilasen deialdiaren berri, eta beraiek ere erabaki dute egun osoko grebara deitzea: «Eskolak itxi eta eskualdeetan eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ELAk antolatuko eta babestuko dituen ekimen subiranista eta antibelizistetan parte hartzera deitzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.