LABen iritziz, euskararen «kalterako» da hizkuntza eskakizunen inguruan jeltzaleek egin duten proposamena

Sindikatuak uste du EAJk lehengo astean egindako proposamenak nekez lagun dezakeela: «Derrigortasun indizea kentzeak ez du ezer konponduko, eta ez ditu epaitegien kolpe judizialak mugatuko».

Hizkuntza eskubideen aldeko mobilizazio bat, Gipuzkoako Diputazioaren parean, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Hizkuntza eskubideen aldeko mobilizazio bat, Gipuzkoako Diputazioaren parean, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2025eko ekainaren 23a
17:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Funtzio publikoan jarduteko ezartzen diren hizkuntza eskakizunen kontrako epai asko eman dituzte aurreko hilabeteotan, eta bizi-bizi daude halakoak eragozteko egin daitezkeen lege aldaketen inguruko gogoeta prozesuak. Ekainaren 10ean, EH Bilduk EAEko Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko proposamena erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean. Aldaketaren helburua, hauxe: «Bi hizkuntza ofizialak jakitea irizpide orokorra izatea enplegu publikorako sarbidean». Lehengo astean, EAJk bere proposamena aurkeztu zuen. Haren ustez, euskara eskakizunak eskatzeko derrigortasun indizea ezabatzea da egin beharreko aldaketa, eta erakunde bakoitzaren esku geratzea eskakizunak finkatzea. Gaur, LAB sindikatuak ohar bat atera du jeltzaleen proposamenaren kontra dagoela esateko.

Sindikatuak adierazi du proposamen horrek nekez lagun dezakeela euskara biziberritzen, eta hizkuntza eskubideen kontrakoa ere badela uste du: «Derrigortasun indizea kentzeak ez du ezer konponduko, ezta epaitegien kolpe judizialak mugatuko ere». Jeltzaleek argudiatu dute «segurtasun juridikoa» ekarriko duela aldaketa horrek, baina, LABen iritziz, ez da horrela izango. «Neurri politikoak ezartzea euskara normalizatzeko inolako borondaterik ez duten eragileen esku inolako mugapenik gabe uzten denean, euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen kalterako izaten da», ohartarazi du.

Enplegu Publikoaren Legea erreformatzea ezinbestekoa da LABentzat ere, baina beste bide batean. «Erreforma hori norabide egokian egin behar da, ez edozein erreforma». Uste du EH Bilduk egindako aldaketa proposamena egokiagoa dela, eta horren alde egin behar dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.