Labrazako parke eolikoa gelditzeko eskatu du Arabako Mendiak Aske taldeak

Oiongo alkateari aldebakarrez jokatzea eta herritarren mandatuari «entzungor egitea» egotzi dio elkarteak.

Haize errotak Olletan (Nafarroa). JESUS DIGES / EFE
Haize errotak Olletan (Nafarroa). JESUS DIGES / EFE
aitor biain
2025eko urriaren 28a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Mendiak Aske taldeak Labrazako parke eolikoa gelditzeko eskatu du berriro. Taldeak Oiongo alkateari eskatu dio ez dezala baimendu haize errotak jartzeko lanak abiatzea, proiektuaren aurkako helegiteak ebatzi gabe daudelako. Izan ere, parke eolikoak Eusko Jaurlaritzaren oniritzia badu ere, Labrazako kontzejuak proiektuari lotutako irregulartasunak salatu zituen, eta bi helegite aurkeztu. Horiek argitu artean lanak ez hasteko eskatu dio EH Bilduren udal gobernuari.

Arabako Mendiak Aske taldearen arabera, «egoera oso larria» da, Oiongo alkate Jose Manuel Villanuevak berriki esan baitu lanak hasteko baimena emango duela. Bada, taldeak alkateari egotzi dio aldebakarrez jokatu eta herritarren eskariei entzungor egitea. «Duintasun demokratiko apur bat izango balu, Labrazako kontzejuaren mandatuari jarraitu beharko lioke, proiektuaren aurkako ezezko irmoa adierazi baitu», nabarmendu dute ohar bidez.

Eusko Jaurlaritzak iazko abuztuan eman zion eraikitzeko baimen administratiboa Labraza proiektu eolikoari.

Itsaraz, betiko baztertuta

Beste proiektu eoliko bati, Itsaraz izenekoari, azken atea itxi dio Espainiako Gobernuak. Proiektu horren arabera, Norvegiako Statkraft enpresak zortzi haize errota eraikitzeko asmoa zuen Aramaion (Araba) eta Eskoriatzan (Gipuzkoa), baina egitasmoari kolpe handia eman zioten aurtengo urtarrilean, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ingurumenaren gaineko eraginari buruzko txosten negatiboa plazaratu baitzuen. Ministerioaren iritziz, proiektuak kalte handiak ekarriko lizkieke babestutako hegazti espezieei eta gune naturalei.

Hori ikusita, enpresak uko egin zion proiektua aurrera ateratzeari, eta berme gisa jarritako dirua itzultzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari. Orain, erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, betiko bazterturik gelditu da egitasmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.