Statkraftek asmoa zuen Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean (Gipuzkoa) Piaspe zentral eolikoa egiteko, baina abuztuan Eusko Jaurlaritzak ukatu egin zion ingurumen baimena, haize errotek ingurumenean izango luketen kaltea dela eta. Bada, oraingoan, prozedurari jarraituz, aurretiazko administrazio baimena ukatu dio, gaur Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu dutenaren arabera.
Hala ere, Norvegiako enpresa publikoak aukera du erabaki horri helegitea aurkezteko; hilabete du horretarako multinazionalak. Gogoratu dutenez, proiektuaren haize errotak Natura 2000 Sareko hiru gune garrantzitsuren tartean ziren jartzekoak, eta ondorioztatu zuten errotek kalte egingo liekeela hainbat hegazti espezieri.
Gainera, gaur Gipuzkoako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak azaldu du enpresak kalteak gutxitzeko aurkeztutako neurriak kontuan hartuta ere kaltea handia izango litzatekeela. Hori dela eta, sailak ondorioztatu du proiektua «bideraezina» izango litzatekeela ingurumenari dagokionez.