Getxo eta Portugalete arteko itsasadar azpiko autobidearen lanek Artatza parketik (Leioa, Bizkaia) hurbil dauden hezkuntza zentroetan izango duten eraginari buruzko informazio ofizialik ez dago oraindik. Hori salatu dute Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, eta proiektua geldiarazteko eskatu diote berriro Bizkaiko Foru Aldundiari, ikastetxeetako ikasleen eta langileen «osasunean kalteak» eragingo dituelakoan. Sindikatuek eskatu dute egitasmo horren aurrekontua ikastetxeetan inbertitzeko: besteak beste, instalazioak hobetzeko, prestakuntza programa berriak bultzatzeko eta hezkuntza baliabide gehiago eskura jartzeko.
Getxo eta Portugalete arteko itsasadar azpiko autobidearen lanak irailean hastea aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak, ikasturtearen hasierarekin bat eginez. Bada, Artaza-Romo institutuko langile eta ikasle guztien izenean ohar bat plazaratu dute sindikatu horiek. Gogorarazi dutenez, gelak intsonorizatzeko eta aire girotua instalatzeko konpromisoa hartu zuen foru erakundeak, ezin izango baitira leihoak ireki, obren zarata eta hautsa direla eta. «Baina lizitazio horiek ez dira oraindik egin, eta irailean hasiko dira obrak», jakinarazi dute.
Sindikatuen arabera, «horrek ikastetxeko langile eta ikasleen erabateko baztertzea adierazten du, haien osasuna arriskuan jartzen baitu». Beste ikastetxe batera lekualdatzeko aukera ere mahai gainean jarri zuen foru aldundiak.
Obren hasierak «eragin oso larria» izango du Artaza-Romo institutuko irakasle eta ikasleentzat, sindikatuek nabarmendu dutenez, «eta klaseen funtzionamendu normala eragotziko du». Azaldu dutenez, 45 metroko tunel bat zulatuko dute, institutuko leihoetatik 55 metro eskasera eta patioaren zati handi bat hartuz. Haien hitzetan, «85 leherketa baino gehiago» egingo dira Getxo eta Leioa arteko Artatza parkean, nahiz eta «Ingurumen Sailak hasiera batean teknika hori debekatu, eragin akustiko handia duelako».
Leherketei harri zulatzaileak eta zamalanetako kamioiek eragindako zarata eta bibrazioak gehituko zaizkie: «orduan 48 kamioi» sartu eta irtetea aurreikusten da, institutu ondotik eta aurrean dagoen ikastetxe paretik.
Kalteak ikasleen osasunean
Lanak egin artean aireratuko diren hauts partikulen eta gas kutsagarrien «mehatxu larriaz» ere ohartarazi dute sindikatuek, pertsonen eta, batez ere, ikasleen osasunerako «kaltegarriak» izango baitira. Are, nabarmendu dute obrek iraungo duten zazpi urte baino gehiagoan zaratak eta kutsadurak «eragin larria» izan dezaketela ikasleen garapenean. «Handitu egin daiteke alergiak, asma, bihotz-biriketako gaixotasunak eta nahasmendu neurokognitiboak garatzeko arriskua, eta bizitza osoan pairatuko lituzke», gehitu dute.
Baina eragin horiek ez lirateke mugatuko obrek iraungo duten urteetara, amaitu ondoren ere jarraituko bailukete. Foru aldundiak berak egindako txosten baten arabera, institutuaren inguruan zirkulazioa %33 handituko litzateke. «Horrek, ezinbestean, emisio kutsatzaileak areagotzea eta airearen kalitatea okertzea ekarriko du, eta eragina izango du ikasleen eta irakasleen osasunean», salatu dute. Izan ere, itsasadar azpiko autobidea martxan jarriz gero, gas kutsagarrien igorpenek Europako araudiak ezarritako mailak gaindituko dituzte, aldundiaren txostenen arabera.