Lanbide Heziketa dualaren «ezarpen kaotikoa» salatu dute Iruñean

Lanbide Heziketa publikoko irakasle asanbladak eta ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek deitu dute manifestaziora, eta ehunka lagunek bat egin dute. Nafarroako Gobernuari inbertsio handiagoa galdegin diote.

Lanbide Heziketako langileen protesta, gaur, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Lanbide Heziketako langileen protesta, gaur, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko otsailaren 28a
15:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Lanbide Heziketak hilabeteak daramatza protestan, eta gaur beste pauso bat eman dute: manifestazioa egin dute Iruñean, Lanbide Heziketa publikoko irakasle asanbladak eta ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek deituta; ehunka lagunek bat egin dute, eta Lanbide Heziketa dualaren —ikasleek ordu batzuk ikastetxean pasatzen dituzte, eta beste batzuk, enpresetan lanean— «ezarpen kaotikoa» salatu dute, baita baliabide gehiago eskatu ere.

Manifestazioa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren ataritik abiatu da, Lanbide Heziketa publikoa borrokan. Inbertsio handiagoa lelopean. Protesta hasterako, LABeko Hodei Tapiak eta Steilaseko Ithri Elbouyafrourik idazki bat irakurri dute. Nabarmendu dute hala Lanbide Heziketak nola sare publiko osoak finantzaketa handiagoa behar duela, baita «planteamendu politiko eta pedagogiko serioak eta ausartak» ere, egungo «arazo estrukturalei» aurre egiteko.

Arazo horietako bat aipatu dute beren-beregi: Lanbide Heziketa duala. «Irakasleak eta ikasleak ari dira jasaten planifikazio txarraren eta baliabide faltaren ondorioak. Irakasleak aspertuta gaude, eta, egoeraren jakitun, mobilizatzea erabaki dugu». Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamendua egin dute erantzule: «Beste aldera begiratzen du, eta ez du ardurarik bere gain hartzen». Zehaztu dutenez, Lanbide Heziketa dualaren bidez, gero eta ikasle gehiago dituzte enpresetan lanean; alta, ez dute baliabide nahikorik horien guztien beharrei erantzuteko: enpresa gehiago aurkitzeko eta ikasleen jarraipenerako eta ebaluaziorako. «Lan karga hori guztia irakasleen gain uzten dute».

Horiek horrela, kaleak hartzea erabaki dute, eta, sindikatuen ordezkarien esanetan, jendearen erantzunak erakusten du «arazoaren tamaina»: «Ez gara geldituko lanbide heziketaren aldeko gure aldarriak lortu arte, ezta hezkuntza sistema duina, kalitatezkoa eta baliabideak dituena erdietsi arte ere».

Lanbide Heziketa, gain behera

Lanbide Heziketa publikoko irakasle asanbladak ere hartu du hitza; Izaskun Martinez eta Vanesa Menjibar mintzatu dira horien izenean. Haien esanetan, Nafarroako Lanbide Heziketa «okertzen» ari da, eta zerbitzuak, pribatizatzen. Lanbide Heziketa dualaren inguruan, sindikatuek bezala, kritikak egin dituzte: «Ezarpena kaotikoa izan da, azkarregi egin dute, eta ez dute baliabide nahikorik jarri».

Halaber, gogorarazi dute Nafarroako Lanbide Heziketako hamazazpi ikastetxe publikoetatik hamabostek eta irakasleen %84k bat egin dutela zenbait aldarrikapenekin: besteak beste, eskatu dute Lanbide Heziketa duala ezartzeko erabakietan irakasleek «aktiboki» parte hartu ahal izatea, dualaren kudeaketa eta jarraipena ikastetxeko bertako irakasleek egitea eta lan horietarako orduak ematea irakasleei. Borrokan jarraituko dutela ohartarazi dute: «Hainbat greba, elkarretaratzea eta itxialdi egin ditugu. Agian, gure ekintzak indartzeko momentua da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.