Lanuzteak iragarri dituzte EHUren «azpifinantzaketa» agerian uzteko

LAB, Steilas, ELA eta CGT-LKN sindikatuek deituta, ordubeteko lanuzteak eginen dituzte abenduaren 1ean Leioan, 2an Donostian, eta 3an Gasteizen. «Unibertsitate publikoarekin utzikeriaz» jardutea leporatu diote Eusko Jaurlaritzari.

EHUko sindikatuen agerraldia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
EHUko sindikatuen agerraldia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko azaroaren 21a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

LAB, Steilas, ELA eta CGT-LKN sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen «azpifinantzaketa» salatzeko. Zehazki, ordubeteko lanuzteak eginen dituzte unibertsitateko campus guztietan, eta elkarretaratzeak ere eginen dituzte, lan baldintza duinak galdegiteko. 11:00etatik 12:00etara eginen dituzte lanuzte eta protesta guztiak: abenduaren 1ean Leioan (Bizkaia), abenduaren 2an Donostian, eta 3an Gasteizen. Horrez gain, abenduaren 4an elkarretaratzea eginen dute Bilbon, 11:15ean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean.

Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontuen gaineko eztabaida baliatu nahi dute sindikatuek, unibertsitate publikoaren finantzaketa eskasa agerian uzteko: «EHUrako diru saila zertxobait igotzea aurreikusten dute 2026rako, baina EHUren beharrak betetzetik oso urrun egongo da oraindik». Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak helburutzat jarria du BPG barne produktu gordinaren %1 erabiltzea unibertsitate publikoa finantzatzeko, baina, sindikatuen arabera, egungo aurrekontu proiektuan ere ez dago jasota helburu hori betetzea: «Jaurlaritzak EHUri ematen dion dirua gutxiegi da oraindik, eta, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuaren adierazpenen arabera, ez dago legeak esaten duen horretara gerturatzeko asmorik». LAB, Steilas, ELA eta CGT-LKN sindikatuen ustez, «unibertsitate publikoarekiko utzikeria interesatua» da.

Lan baldintza prekarioak

Finantzaketa urri horren ondorioz, unibertsitateko irakasleen eta gainerako langileen lan baldintzak «oso prekarioak» dira, sindikatuen esanetan: «EHUko irakasle-ikertzaileon oinarrizko soldatak bigarren hezkuntzako irakasleenak baino baxuagoak dira, eta galera nabarmena jasan dugu erosahalmenean». Datu zehatzak ere aipatu dituzte: «2008tik gaurdaino, KPIa %46,6 igo da, baina irakasle elkartuen eta titularren soldatek %24,3ko galera izan dute ordutik. Horrez gain, soldata osagarriak izoztuta daude 2006tik».

Sindikatuek gaineratu dute lanaldi partzialeko irakasleek 400 eta 800 euro arteko soldata dutela, eta ez zaizkiela aintzat hartzen egunero egiten dituzten zenbait lan. Horren guztiaren ondorioz unibertsitateko irakasle lanbidea erakargarritasuna galtzen ari dela salatu dute: «Gero eta lanpostu gehiago geratzen dira hutsik; epe ertainean, horrek berekin ekar lezake sail batzuetan irakasle nahikoa ez egotea». Teknikariei eta administrazioko langileei dagokienez, LAB, Steilas, ELA eta CGT-LKNk adierazi dute sektore horien erosahalmenaren galera %18,2koa izan dela azken hamabost urteetan.

Uste dute unibertsitate publikoak «ezinbesteko» duela lan baldintza duinak, lantalde egoki bat eta promozionatzeko eskubidea zaintzea, bere helburuak beteko baditu; hala nola «euskal jendartearen formakuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia». Horregatik uste dute Jaurlaritza «kontzienteki» ari dela unibertsitatearen «oraina eta geroa kolokan jartzen», eta, aldi berean, «alfonbra gorria» jartzen diela unibertsitate pribatuei: «Instituzioak dira unibertsitate pribatuen goranzkoaren erantzule zuzenak; EHUri ez bezala, azken horiei erraztasun guztiak ematen baitizkiete zuzenean edo zeharka finantzatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.