Larrialdi deia Urruñan: herriko etxearen murrizketen ondorioz, ikastola «arriskuan» da

Ikastolako gurasoek «kezka» agertu dute abenduaren 7an herriko etxean «murrizketak» bozkatuko dituztela eta. Mobilizatzera deitu dituzte euskaltzaleak.

Ikastolako ordezkariek agerraldia egin dute, gaur arratsaldean, Urruñako plazan. NATHALIE GUIRONNET
Ikastolako ordezkariek agerraldia egin dute, gaur arratsaldean, Urruñako plazan. NATHALIE GUIRONNET
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko azaroaren 10a
19:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Abenduaren 7a Urruñan euskararen heriotza agiria sinatuko den eguna izanen ote da?». Gordin egin dute galdera Urruñako (Lapurdi) ikastolako gurasoek haien hitzetan herriko etxeak aurreikusi dituen murrizketen harira. «Kezkatuak» agertu dira, udalak helarazi dizkien aurreikuspenen arabera ondoko bi urteetan milaka euro gutxiago eskuratuko dituztelako. Zehazki, gaur egun ematen dieten izaera sozialeko dirulaguntza hiru urteko epean progresiboki desagerraraztea aurreikusi dute. «Bistan da, murrizketa horiek zuzenean eraginen diete ikastolaren jardunari, hezkuntzaren kalitateari, haurren ongizateari eta euskararen transmisioari», adierazi dute. Ikastolaren etorkizuna bera kolokan dagoela uste dute. Abenduaren 7an eginen dute ondoko herriko kontseilua, eta euskaltzaleei dei egin diete herriko etxearen aitzinean protesta egitera joan daitezen.

Prentsaurrekoa egin dute ikastolako ordezkariek Urruñako plazan, egoeraren larriaz abisua emateko. Oroitarazi dute hauteskunde kanpainan Sebastien Etxebarne gaur egungo auzapezak «argi» adierazi zuela herriko etxeak euskararen irakaskuntzaren aldeko «babes handia» emanen zuela. «Bere politika euskararen transmisioan eta ikaskuntzan ardaztuko zela ere argi utzi zuen», oroitu dute. «Hitza hitz: nola uler daiteke euskararen transmisioa eta irakaskuntza lehenestea aldarrikatzea eta, aldi berean, ikastolari gero eta baliabide gutxiago ematea?», asaldatu dira. 

Ikastolako gurasoen hitzetan, inor gutxik jartzen du zalantzan gaur egun euskaldun osoak formatzen dituen sistemarik eraginkorrena ikastolakoa dela. Ipar Euskal Herrian, ama eskolatik lizeoraino euskarazko murgiltze bidezko irakaskuntza proposatzen duen eredu bakarra da. «Nola segurtatuko dugu Urruñako haurrek merezi duten kalitatezko hezkuntza duina, horretarako beharrezkoak ditugun baliabideak kentzen badizkigute?», galdetu dute. Lehenago ere salatu izan dute herriko etxeak euskalgintzari dirua kendu diola. Hainbat erabakik polemika sortu zuten hauteskunde biharamunean, gerora Etxebarnek gezurtatu bazituen ere. Argi mintzatu dira ikastolako gurasoak: «Gure seme-alaben etorkizuna ez da aurrezkiak egiteko aldagaia».

Ikastolen ekarpena

Urruñako plazan egin duten agerraldian, euskarak urteetan jasandako zapalkuntza ekarri dute gogora. «Botere publikoek biziki luzaz zapaldu, gaizki tratatu, debekatu eta gutxietsi dute gure hizkuntza, euskara, heriotzara kondenatzeraino, benetako linguizidio bat gauzatuz», adierazi dute. «Denok dugu gogoan ikastetxeetan haur euskaldunek jasan zituzten trufak, mehatxuak eta zigorrak, euskaraz mintzatu zirelako».

Oroitarazi dute egoera horren erdian sortu zituztela ikastolak «adorez beteriko dozenaka gurasok», beren haurrek euskara eta euskaraz ikas zezaten. «Basamortuan bizitzera kondenatu nahi gintuzten, baina kimuak landatu genituen, etorkizunean euskal eskola publikoa izateko bokazioa duen lorategi koloretsu eta alaia osatuz».

Hala, baieztatu dute ikastolek oraindik ere «ekarpen baliotsua» egiten dutela euskararen biziberritzean, benetako «funtzio publiko» bat betez. «Horregatik, gure hizkuntzaren transmisioan duten funtsezko eginkizuna osoki aitortu eta babestu behar da. Botere publikoak ere zorretan dira euskararekin eta gure haurrekin: euskarari aitortza eta erreparazioa zor zaizkio, eta herriz herri hizkuntza politika duinak eta ausartak plantan eman behar dituzte». Ondoko egun eta asteetan antolatu dituzten mobilizazioei adi egotera deitu dute: «Ikastola bati kalte egiten zaionean, komunitate oso bat arriskuan ezartzen da».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA