Legebiltzarrera eraman dituzte Lamiakoko itsasadarraren azpiko errepidearen kontrako kexak

Salatu dute kutsadurak gora egingo duela tunela egiteko lanak hasi bezain laster, eta gogorarazi autoaren erabilera sustatuko dela errepidea martxan jartzean.

Itsasadarreko tunelaren aurkako bizikleta martxa, apirilaren 28an, Subflubiala Ez plataformak deituta. SUBFLUBIALA EZ
Itsasadarreko tunelaren aurkako bizikleta martxa, apirilaren 28an, Subflubiala Ez plataformak deituta. SUBFLUBIALA EZ
inaut matauko rada
2026ko apirilaren 14a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lamiakoko itsasadarraren azpiko errepidea egiten hasi aurretik, azpiegitura berri horren kontrako plataformak Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur, beren kexak azaltzeko. Subflubiala Ez eta Arpa plataformen bozeramaile Tomas Etxeandia izan da legebiltzarrean hitz egin duena, eta uste du beste modurik badela Bilbo Handiko inguru horretan egunero izaten den auto pilaketen arazoa konpontzeko. Bide horretan, azaldu du garraio jasangarria bultzatzeko plan integral bat beharrezkoa dela eguneroko buxadurak «errotik amaitzeko»; eta hori dena «isuriak handitu gabe, Artaza parkea suntsitu gabe eta milaka ikasleri eta bizilaguni kalterik sortu gabe».

Denbora daramate proiektuaren kontrakoek beren argudioak aurkezten, baina Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera segitzen du proiektuarekin. Hori dela eta, Etxeandiak gogorarazi du kalte horiek «saihetsezintzat» hartzen dituela aldundiak.

Euskal Herriko eskualderik jendetsuena eta trafikorik handiena duena da Bilbo Handia, baina Etxeandiak azaldu du bertan dauden trafiko arazoak ez direla azpiegituren faltaren emaitza, baizik eta garraioa ez delako eraginkorra; hori dela eta, pertsona bakarra doan auto mordoa ibiltzen dira haren esanetan, eta uste du horiek murriztean dagoela trafikoaren arazoa gainditzeko gakoa. «Hobeto mugitu behar dugu, eta, horretarako, garraio publiko eta bizikleta gehiago behar ditugu».

Proiektuaren kontrako plataformek uste dute tunel berriak ez duela arazoa gainditzen lagunduko, baizik eta iraunarazten eta betikotzen. Eta argudio hori Bizkaiko Foru Aldundiak berak berresten duela gogorarazi dute behin baino gehiagotan; izan ere, 2023an aldundiak txosten bat egin zuen, non aitortzen zuen tunela egin eta hamar urtera autoen trafikoa %21 handituko dela, eta azpiegiturak berak autoaren erabilera sustatuko duela, erakartze efektua dela eta.

Datorren asteko astebururako, apirilaren 25erako, mobilizazioa antolatu dute tunelaren kontrako plataformek. 18:00etan hasiko da protesta, Getxoko Xake plazan (Bizkaia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA