Lehen bilera egin du Osakidetzaren txertoen kudeaketa aztertzeko batzordeak

Txertaketa prozesu guztia aztertu behar du, eta txerto iraungien kasuan zerk huts egin duen zehaztu.

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, herenegun, Agurainen. ADRIAN RUIZ-HIERRO / FOKU
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, herenegun, Agurainen. ADRIAN RUIZ-HIERRO / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko urtarrilaren 30a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sortutako Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordeak lehen bilera egin du. Hala zehaztu du Koldo Berganzo Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak. Batzorde horrek argitu beharko du zer gertatu den Osakidetzak txerto iraungiak jartzeko eta zer neurri hartu behar diren, ez bakarrik berriro txerto iraungiak ez jartzeko, baizik eta baita osasun zerbitzuaren datu baseetan pazienteei jarritako txertoei buruzko informazio zuzena izateko ere.

Batzorde horri lau helburu jarri dizkio Osasun Sailak: txertoen kudeaketa eta trazabilitate prozesu guztia ebaluatzea eta aztertzea, erosten dituztenetik jartzen dituzten arte; egindako hutsen arrazoiak eta etorkizuneko arriskuak zehaztea; hutsegiteak nola eta zer testuingurutan gertatu ziren argitzea; eta neurri zuzentzaileak proposatzea, «pazienteen segurtasuna areagotzeko eta sistemaren kontrolak indartzeko».

«Ezin diogu uko egin pazienteen segurtasunari»

«Ezin diogu uko egin pazienteen segurtasunari», esan du Berganzok Onda Vasca irratian. «Datu guztiak berriro aztertzen ari gara, jakiteko bestelako gorabeheraren bat izan ote den». Osasun Sailaren jokabidea babestu du: «Lehen kasuen berri izan orduko abiarazi genuen ikerketa. Kaltetuak nor izan zitezkeen identifikatzea, adituekin arriskuak neurtzea, eta azkar eta zorrotz jokatzea zen lehentasuna».

Osakidetzak txerto hexabalente iraungiak jarri dizkie hainbat herritarri, gehienak umeak. Hasieran uste zuten 253 pertsona zirela, baina atzo zehaztu zuten bazitekeela 30 bat izatea. Gero jakin dute beste txerto iraungi batzuk ere jarri dituztela: baliteke 78 kasu izatea, 49 kasu txerto tetrabalenteari lotutakoak, eta beste 29 txerto hirukoitz birikoarenak, Osasun Sailaren kalkuluen arabera.

Aplikazio informatikoaren arazoak

Baina bada beste arazo bat. Osasun Saila iazko martxoan konturatu zen arazoak zituztela jarritako txertoak erregistratzeko aplikazio informatikoan; izan ere, dosi bat baino gehiagoko txertoetan, sistemak lehen dosiari buruzko informazioa gordetzen zuen hurrengo dosiei zegokien atalean ere, eta berdin gertatzen zen lotearen zenbakiarekin eta iraungitze datarekin. Horregatik, batzuetan, lehen txertoaren iraungitze data agertzen zen hurrengo dosiei zegozkien datuetan ere, nahiz eta pazienteak iraungi gabeko dosi bat hartu.

Sistema aldatu egin zuten. Baina, aldaketa gorabehera, sistemak lehen txertoaren informazioa berreskuratzen zuen, eta kasu batzuetan hutsuneak bete ere bai, txertoei buruzko informazio zaharrarekin. Beraz, Osasun Sailak adierazi du aplikazioan bestela agertzen bada ere txerto gehienak ondo jarrita daudela, eta ez dira iraungiak jarri. Nolanahi ere, informazio iturririk fidagarriena pazienteen txertaketa liburuxkak dira, eta liburuxketako informazioa datu baseetakoarekin alderatzen ari dira orain.

Sumarrek azalpenak eskatu ditu

Eusko Legebiltzarreko Sumar Mugimenduko ordezkariek Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari eskatu diote azalpenak emateko eta «erantzukizuna hartzeko». «Ez da huts soil bat, kudeaketa arazo bat baizik», nabarmendu dute Jon Hernandez legebiltzarkideak eta Alba Garcia EAEko idazkari nagusiak. Haien iritziz, Martinezek emandako azalpenak ez dira nahikoa.

Martinezek, herenegun eta atzo egindako agerraldietan, EH Bilduren jokabidea salatu zuen, Rebeka Ubera legebiltzarkidearena bereziki. EH Bilduk txerto iraungien berri izan eta informazioa kontrastatu zuen, eta, gero, Uberak Martinezi deitu zion, zekiten hori baieztatzeko. Martinezek Uberari baieztatu zion txerto iraungiak jarri zituztela, eta, Uberak, osasun publikoko arazoak zirela ikusita, gaiari buruzko galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean. Txerto iraungien berri jakin zen horrela.   

Martinezen antzera, Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak «alarma piztea» egotzi dio EH Bilduri, Euskadi Irratiko Faktoria saioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.