Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko sarearen zatirik handiena greban da egunotan: lanuztea egiten ari dira ikastetxe erlijioso ugaritan. ELA, Steilas, CCOO, LAB ta UGT sindikatuek deituta, 5.000 lagun inguru bildu dira Bilbon, gaur goizean. Kristau Eskolako eta IZEA patronaletako langileen lan baldintzak hobetzeko antolatu dute sindikatuek greba, gaurko, biharko eta etziko; beste hiru egunetarako ere deitu dute lanuztera: abenduaren 11tik 15era.
Sindikatuen eskakizun nagusiak hauek dira: lan karga arintzeko neurriak hartzea, sektore feminizatu eta prekarizatuetan hobekuntzak egitea, KPI kontsumoko prezioen indizea ziurtatuz soldatak igotzea, Lanbide Heziketan hobekuntzak egitea eta lanpostuak mantentzeko neurriak hartzea.
Kristau Eskola eta IZEA patronalekin bildu dira sindikatuak behin baino gehiagotan, baina aldiro egin du porrot negoziazioak. 2018-2019ko ikasturtean ere greba egin zuen itunpeko sareak, baina Kristau Eskolak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion erantzunkizuna bere gain har zezala. Gaur egun, sindikatuek diote patronalak ez daudela «benetan» negoziatzeko prest. Patronalek, ordea, adierazi dute sindikatuek ez dituztela onartzen «egindako proposamenak».
2022ko maiatzean hasi ziren hitzarmen kolektibo berri bat negoziatzen. Hura adosteko azken batzarra, baina, 2023ko otsailaren 2an egin zen. Horiek horrela, apirilean negoziazioa «blokeatu» zela salatzeko greba antolatu zuten sindikatuek. Bost hilabete geroago, esan dute ez dutela jaso patronalen erantzunik, eta ez dagoela «greba egitea ez den beste erremediorik». Patronalen erantzunik jaso ezean urtarrilean grebak «indartuko» direla aurreratu dute, gainera.