Lekuko batek auzitegian berretsi du Amaya Zabarteri ostiko bat jo ziola ertzain batek

Emakume batek ziurtatu du, epailearen aurrean, ikusi egin zuela nola Zabarteri ostikoa ematen zioten Ertzaintzaren oldarraldian, Anoeta inguruan. Gaztea negarrez geratu da epailearen «itaunketa oldarkorraren ondoren», abokatuak salatu duenez.

Amaya Zabarteren senar Joseba Novoa eta Iker Sarriegi abokatua, Donostiako epaitegira sartzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaya Zabarteren senar Joseba Novoa eta Iker Sarriegi abokatua, Donostiako epaitegira sartzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2026ko urtarrilaren 23a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurrera jarraitzen dute epaitegian Amaya Zabarteren auziarekin lotutako deklarazioek. 2024ko martxoaren 5ean, Donostian, Realaren eta PSGren arteko Txapeldunen Ligako partida jokatzen hasi aurretik, Ertzaintza oldartu egin zen Anoetako estadioaren inguruan, eta zenbait emakume zauritu zituen, horietako bat larri: Amaya Zabarte. Foam jaurtigai batek jo zuen Zabarte, eta ospitalera eraman behar izan zuten; ZIUan zenbait egun egin zituen. Buruan hartutako kolpeak betiko utzi dizkio ondorio neurologikoak, eta familiak beti defendatu du foam jaurtigaiaz emateaz gain ostiko bat ere jo ziotela Zabarteri: ertzain batek haren albotik lasterka igaro zenean eman zion ostikoa, sarritan salatu dutenez.

Bada, arratsalde hartan gertakarien lekuko izan zen emakume batek ziurtatu du epailearen aurrean ikusi egin zuela nola ertzain batek ostikoa jotzen zion Zabarteri. Grabatutako zenbait iruditan ere ostiko horren zantzu argiak daude, eta, orain, lekuko batek deklaratu du baietz, Zabarteri buruan eman ziotela ostiko hori. Hala azaldu dio Iker Sarriegi familiaren abokatuak BERRIAri.

Ostikoa nola izan zen ikusi zuen emakumea beste lagun batekin zegoen Anoetara sartu aurretik; biak beste neska baten zain zeudela gertatu zen oldarraldia. Anoetako Topoaren geltokiaren inguruan tiro hots handia entzun zuela esan du, eta segidan emakume bat lurrera erortzen ikusi zutela. Amaya Zabarte zen: sakelako telefonoarekin seinalearen bila zebilen Errondo pasealekuan, Ertzaintzaren oldarraldiak harrapatu zuenean.

«Ostikoa eman zioten»

Zabarte jaiki egin zen lurretik, eta bi neskengana hurbildu zen, «zorabiaturik edo»; lurrera erori zen berriro, lekukoak azaldu duenez; eta, orduan, ertzainak iritsi ziren: «Bultzatu egin zuten, eta ostikoa eman zioten», esan du lekukoak, Sarriegik kontatu duenez. Hori ikusita, lekukoa eta harekin zegoen laguna Zabarterengana joan ziren, «laguntza eskaintzera», eta 44 urteko emakumeak esan zien «buruan pilotakada bat» jaso zuela. «Burualdearen ezkerraldea» seinalatu zuen Zabartek, zauriak izan zituen eremua alegia.

Ana Isabel Perez Asenjo epailea «oso zorrotz eta erasokor» aritu da lekuko gaztearekin, Sarriegik ziurtatu duenez, «xehetasun txikiei buruz» ere galdezka. Duela bi urte eskatu zioten epaileari lekukoaren deklarazioa hartzeko, eta gaur, berriz, xehetasunez jakin nahi izan du ostiko bat zer den harentzat, esaterako, «oso hestu hartuz». Testigantza amaitzerakoan, hemeretzi urteko gazteak negarrez atera behar izan omen du, aretoan sentitu duen tentsioagatik.

Lekuko hori ez da izan gaur deklaratu duen bakarra. Sei ertzain ere aritu dira deklaratzen, baina ikertu moduan. Sei polizia horiek, ordea, Anoetako oldarraldi berean egondako beste emakume zauritu baten salaketaren harira aritu dira, Maria Martinen auziarekin loturik, hain zuzen. Emakume hori ere foam jaurtigai batez jo zuten, Olaeta kalean, eta ikusmenean ondorioak utzi dizkio kolpeak.

Sarriegi abokatuak azaldu duenez, sei ertzain horiek Anoetako oldarraldian jaurtigaiak botatzeko ardura izan zutenak dira. Horietako batzuek esan diote epaileari ez direla gogoratzen non jaurti zituzten foam balak, eta beste batzuek ziurtatu dute Olaeta kalean ez zituztela jaurti. Ertzainekin oso bestelako jarrera izan du epaileak, abokatuak salatu duenez: «Alfonbra gorria jarri die».

Ertzaintza Anoetan.
Ertzaintza Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Epailearen zain

Batera edo bestera, Sarriegik azpimarratu du Zabarte auziaren harira deklaratu duen lekukoaren testigantza «oso garrantzitsua» dela, «oinarrizkoa» auzia argitu dadin. Halaber, gogoratu du Zabarteri emandako ostikoaren inguruko «froga eta zantzu» gehiago daudela. Bideo grabazioak ere bai baitaude. Horiek horrela, bukatu dira Zabarteren salaketaren inguruko testigantzak, eta Perez Asenjo instrukzio epailearen ondorioak zein diren jakitea baizik ez da geratzen.

Gogoratu behar da familiak jarritako lehenengo salaketak ez zuela aurrera egin, epaile berak salaketa artxibatu egin zuelako. Gero, ordea, auziak bigarren aukera izan du, epaileak ikerketa bat abiarazi behar izan zuelako, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hala aginduta.

Bigarren emakume zaurituaren auzian, berriz, beste ertzain baten deklarazioa hartu beharko du epaile berak. Gaur bertan deklaratu behar zuen polizia horrek, baina ezin izan da azaldu, eta otsailean agertu beharko du epailearen aurrean.

Bi auzi horiez gain, Perez Asenjo epaileak hirugarren salaketa bat ere badu mahai gainean, Anoetako Ertzaintzaren oldarraldi horrekin loturik. Iazko hondarrean jakin zen Realaren eta PSGren arteko Txapeldunen Ligako partidaren atarian Ertzaintzaren SIR-X jaurtigai batek lepoan jo zuela beste emakume bat, eta hark gordeta daukala jaurtigaia. Hark hasieran salaketa bat jarri zuen Donostiako Udaltzaingoan, baina kontua auzitara iritsi zenean, Perez Asenjo epaileak hura artxibatzea agindu zuen, eta abenduan biktimak beste salaketa bat jarri zuen Donostiako epaitegian, auzibidea atzera zabal zedin; hark ere Iker Sarriegi abokatuaren esku utzi du auzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.