Lerro labur batzuk Garaikoetxea lehendakariaz

Begoña Lasagabaster
2026ko maiatzaren 6a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure garai honetan, giza eskubiderik oinarrizkoenak, nazioarteko zuzenbidea, printzipio eta balio etiko unibertsalak etengabe zangopilatzen dituzten garai honetan, Garaikoetxea lehendakaria galtzea erreferente etiko bat galtzea da, erreferente politiko eta, niri dagokidanez, erreferente pertsonal bat galtzea.

Carlos Garaikoetxea gizaki aparta zen. Banakoen eta taldeen giza eskubideen errespetua, etika, zintzotasuna eta eginbeharra ziren haren gogoeta eta erabaki guztien abiaburua. Hankak lurrean zituen, eta burua argi; garbi ikusten zuen bere eginen ondorioak zein izango ziren epe laburrera, erdikora eta, batez ere, luzera begira, eta horren erakusgarri dira lehenbiziko Eusko Jaurlaritza hark hartutako erabakietako asko.

Gogoko zuen zorroztasun intelektualez jardutea, ondo aztertzea, argudiatzea eta guztiak errespetatzea, iritziak zirenak zirela. Asko exijitzen zion bere buruari, eta haren mintzaldiak eredugarriak ziren beti oratoria aldetik, bai edukiz eta bai gaztelaniari eta euskarari zegokienez (adituek esanda dakit ederki aritzen zela euskaraz); gainera, erraz aritzen zen ingelesez eta frantsesez, nahiz eta berak beti esaten zuen hobe izango zuela hitz hau edo beste hura erabili balu.

Nire aita Lurralde Politikako eta Herri Lanetako kontseilari izendatu zutenean ezagutu nuen Garaikoetxea lehendakaria —geroago, Garraioen, Komunikazioen eta Itsas Gaien ardura hartu zuen aitak lehenbiziko Eusko Jaurlaritzan (1980)—. Gobernu hark abiarazi zituen egitura ekonomikoak, fiskalak, irakaskuntzakoak, osasun sistemakoak, azpiegiturak eta abar, denak ere gure gobernuaren oraingo zutabeak. Lehendakariari eta kontseilari haiei esker —batzuk bakarrik aipatuta, nire aita Javier Lasagabasterri, Pedro Luis Uriarteri eta Pedro Miguel Etxenikeri esker— ikasi eta neuretu nuen gizartearen zerbitzuan aritzea dela politika, horixe izan behar duela, interes publikoaren alde jartzea zure dohainak, eta taldean lantzea herritarren ongizate ekonomiko, sozial eta kulturala.

Aurrerago, eurodiputatua zelarik, ukondoz ukondo egin nuen lan Garaikoetxearekin, eta paregabea izan zen. Gogotik lan egin genuen, eta garai interesgarriak bizi izan genituen, elkarlanean arituta Eskoziako, Flandriako, Korsikako, Sardiniako, Galesko eta estaturik gabeko beste nazio batzuetako kideekin. Zuzen-zuzenean ikusi nuen nolako begirune eta maitasun handia zioten gure mugetatik kanpo.

Ausarta zen, sormen handikoa; arazoek ez zuten kikiltzen, eta konponbide bila ibiltzen zen beti. Kemen handia behar zen konponbide haietako asko martxan jartzeko, eta lur labainetan sartzeko prest egotea ere bai, baina horrek ez zion atzera eginarazten baldin eta helburua bazen herriaren arazo handi haietako batzuk konpontzea. Politikan erosotasun pertsonala lortzea ez zitzaion batere interesatzen baldin eta horrek esan nahi bazuen arazoak konpontzen saiatzeari uztea.

Eusko Alkartasunak zuen diputatu bakarra nintzela, hamabi urte eman nituen Kongresuan: bolada bihurri eta zail asko pasatu nituen, eta, askotan, erantzukizuna are handiagoa zen erabakiak hartzeko orduan bakarrik egoteagatik —negoziazioetan aritu ahala erabaki beharra baitago maiz—. Halakoetan, lehendakariak, aitak eta haien kideek erakutsiek asko lagundu zidaten momentu zailetan.

Baina erantsi nahi dut Garaikoetxea lehendakaria beti egon zela prest zernahi kontsultari erantzuteko eta iritziak trukatzeko, Eusko Alkartasuneko presidente gisa ez ezik, alderdikide gisa ere. Nik banekien ondoan nuela eta ez nengoela bakarrik.

Lerro labur hauek bukatzeko, gogora ekarri nahi ditut Garaikoetxea lehendakariaren hitz zuhurrak, Pradales lehendakariak lehenbiziko Eusko Jaurlaritzari merezimendu osoz eginiko omenaldian esanak. «Etorkizunak erronka handiak dakarzkigu, baina handiagoa da haiek gainditzeko dugun gaitasuna. Nazio ausarta gara, sormen handikoa, langilea eta batua. Eta elkarrekin, elkarrekin baino ez, egiazko elkarlanean eta aniztasuna errespetaturik, Euskadi hobea izatea lortuko dugu, justuagoa, oparoagoa eta iraunkorragoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA