Lezo, Errenteria eta Pasaiako alkateek portuaren eskumenaren transferentzia eskatu dute

Inbertsio publikoak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari, Pasaiako portua «modernizatu eta herritarren bizi kalitatea erdigunean» jarri ahal izateko.

Errenteria, Pasaia eta Lezoko alkateak, ezkerretik eskuinera: Aizpea Otaegi, Teo Alberro eta Mikel Arruti. GORKA RUBIO / FOKU
Errenteria, Pasaia eta Lezoko alkateak, ezkerretik eskuinera: Aizpea Otaegi, Teo Alberro eta Mikel Arruti. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2026ko ekainaren 4a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lezoko, Errenteriako eta Pasaiako alkateek, Mikel Arrutik, Aizpea Otaegik eta Teo Alberrok, Pasaiako portuari dagozkion eskaera zehatzak egin dituzte gaur, elkarrekin egindako agerraldi batean: Eusko Jaurlaritzak portuaren eskumenaren transferentzia hartzea nahi dute, eta, horrekin batera, Lakuak inbertsio publikoak bideratzea —Berpiztu funtsa berriro aktibatuz, adibidez—, neurri bi horien bidez portua «XXI. mendera eramateko» eta portuaren inguruko «herritarren bizi kalitatea erdigunean» jartzeko.

2023an aurkezturiko Etorkizuneko badia agiriak indarrean jarraitu behar duela helarazi dute EH Bildu ordezkatzen duten hiru alkateek, «aktualitate osoa duelako». Han jasoak daude «badiaren etorkizun sozial eta ekonomikoa bermatzeko» neurriak, baita ingurumenarekin loturikoak ere. «XIX. mendeko logika» ei duen kudeaketa baztertzeko garaia dela uste dute, arlo bi uztartuta: «Deskarbonizazioa eta jarduera ekonomikoaren lehiakortasuna».

«Ezin da jarraitu portuaren trafikoa herritarren bizkar antolatzen. Ez dugu iraganeko errezetarik behar».

MIKEL ARRUTI Lezoko alkatea

Hain zuzen, Lezoko alkate Arrutik kamioien trafikoaren arazoari heldu dio. Gogorarazi du trafiko astuna herriguneetatik bereizteko beharra jasoa dagoela Etorkizuneko badia agirian. Trena zuzenean portura iristea garrantzitsutzat jo du, baina, hori eginda ere, «milaka kamioik herrigunetik igarotzen jarraituko dute», haren arabera. Gaur egun, 9.000 kamioi iristen dira portura egunero, eta 1.400 udalerrien erdiguneetatik pasatzen dira. Horregatik, portuko «sarrerak egokitzeko» eskatu du. Gainera, jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiari proposamen zehatz bat egin diotela eduki horren inguruan. «Lan tresna bat da elkarrekin irteera bat aurkitu ahal izateko».

Kaia elektrifikatu

Lezo, Errenteria eta Pasaiako alkateek egun portuarenak diren eremu batzuk nahi dituzte udalerri horientzat. Trintxerpeko sarrera inguruan egin dutenaren moduko esku hartze gehiago eskatu dituzte, eta, horretarako, «kamioien trafikoa ordenatzea ezinbestekotzat» jo dute. Halaber, berretsi dute Gaintxurizketako Planta Logistikoaren proiektuari ez zitzaiola lehentasunik eman eskualdeko lau udalerrietan; proiektu horren aurka azaldu ziren EAJ, PSE-EE eta EH Bilduko ordezkariak. Arrutiren esanetan: «Ezin da jarraitu portuaren trafikoa herritarren bizkar antolatzen. Ez dugu iraganeko errezetarik behar».

«Modernizazioa ezin da izan propaganda hutsa; herritarren bizi kalitatean benetako eragina izan behar du».

TEO ALBERRO Pasaiako alkatea

Pasaiako alkate Alberrok esan du herritarrek egindako indarra tarteko hasi dela Pasaiako Portua neurri batzuk hartzen; esaterako, kaien elektrifikazioa. «Urrats bat da, deskarbonizaziorako ez ezik, zarata gutxitzeko eta uraren kalitatea neurtzeko sistema iraunkorrak jartzeko ere», azaldu du Alberrok. Hiru udalerri horien ekinaldia izan da hori, eta Pasaiako portuaren plan estrategikoan jaso berri dute. «Modernizazioa ezin da izan propaganda hutsa; herritarren bizi kalitatean benetako eragina izan behar du».

(ID_16149950) (Gorka Rubio/@FOKU) 2026-06-04, Pasaia. Badiako alkateen agerraldia, badiaren etorkizun-proposamenari eta Pasaiako Po...
Hiru alkateen prentsaurrekoa, gaur, Pasaiako kulturgunean. GORKA RUBIO / FOKU

Gobernantza eredua

Portuaren gobernantzaren inguruan aritu da Errenteriako alkate Otaegi. Portuaren Agintaritzak udal eskumenak errespetatu behar dituela esplikatu du; beste portu hiri batzuetan «udalerriek portuaren inguruko erabakietan protagonismo handiagoa» dutela azaldu du, eta Pasaiak ez duela gutxiago merezi. Otaegiren arabera, «portuaren eta herritarren interesak ez daude kontrajarriak». Ziurtatu du portuko langileekin eta operadoreekin egon direla: «Haiek nahi dituzten neurri asko bat datoz herritarrek eskatzen dituztenekin. Portuak bere plan estrategikoan jasotakoaren aurka doaz».

«Portuko operadoreen eta langileen interesak eta herritarrenak ez daude kontrajarriak».

 AIZPEA OTAEGI Errenteriako alkatea

Batera edo bestera, portuaren eskumenaren transferentzia Jaurlaritzara iristea «funtsezkoa» dela uste dute hiru alkateek, «inbertsio publikoak bizkortu ahal izateko». Ez daude ados PSE-EEk desklasifikazioaren inguruan gizarteratu duen arrazoibidearekin. Sozialistek defendatzen dute transferentzia egiteko beharrezkoa dela Pasaiako portuak estatuko interes orokorreko kategoria galtzea, eta desklasifikazio hori kaltegarria izango litzatekeela portuarentzat. «Ez, ez gaude ados horrekin», erantzun du Otaegik; «uste dugu transferentzia egiteak onurak ekarriko dizkigula».

EAJk ere desklasifikazio hori eskatu du, baina, erakunde nagusietan bazkide duen alderdiak ezetz dioela ikusita, ematen du ez atzera ez aurrera geratu dela transferentziaren eskaera. Pasaiako portuaren titulartasuna Jaurlaritzaren esku uzteko proposatu berri du EH Bilduk, Eusko Legebiltzarrean, eta gobernuko bazkide bien arteko desadostasunak ageriegi ez uzteko, EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute proposamena, Gernikako Estatutua osatzen segitzeari buruzko zuzenketa bat onartuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE