Ekaitzaren erdian itsasontziak badian nola, halaxe ibili dira EAJ eta PSE-EE gaur Eusko Legebiltzarrean, babesleku bila, mami handirik gabeko eskaera orokor eta bateratu batean hartu baitute abaro. Bi gobernu bazkideek modu horretan izkin egin nahi izan diete Pasaiako portuaz dituzten desadostasunei. Batasun irudia eman nahi izan dute, azken hilabeteetako desadostasunetatik aldenduta, eta Jaurlaritzari eskatu diote jarrai dezala Espainiako Gobernuarekin negoziatzen falta diren eskumenak eskualdatzeko. Eztabaidan, ordea, agerian geratu da jeltzaleek eta sozialistek ez dutela iritzi bera portuari buruz.
EH Bilduk eraman du gaia osoko bilkurara. Ander Goikoetxea legebiltzarkideak aurkeztu du mozioa, eta eskatu Pasaiako portuaren titulartasuna «lehenbailehen» Jaurlaritzaren esku uzteko. Argudiatu du horrela «egiturazko geldialditik» aterako luketela azpiegitura, eta haren lehiakortasuna eta hartu beharreko erabakien inguruko «efizientzia» hobetuko liratekeela. Izan ere, iritzi dio Espainiako Gobernuak azken urteetan egindako inbertsioak ez direla nahikoa: «2014tik 2024rako aldian, estatuaren ekarpena inbertsio guztien %2,7 inguru baino ez da izan. Estatuak portua abandonatu du».
Hori dela eta, portuari interes orokorreko izendapena kentzea galdegin du koalizio subiranistak, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburuak proposatu bezala, «bideragarritasun finantzarioa euskal administrazioen bidez bermatzeko». Iritzi dio gaur egun ez dagoela interes orokorrekotzat sailkatzeko arrazoirik edo hala egitea justifikatzen duen baldintzarik. Are, adierazi du erabakigunea gertu izateak kudeaketa hobetuko duela.Â
«Hemen, abertzale espainiarrek diote interes orokorreko izendapena galduz gero nazioarteko trafikoa edo muga zerbitzua galduko liratekeela. Hori gezurra da»
ANDER GOIKOETXEAÂ EH Bilduko legebiltzarkidea
Halaber, ziurtatu du portuak izendapen hori galtzeak ez diola kalterik egingo haren jarduerari, PSE-EEk behin eta berriz esan badu ere baietz; esan du hori «mito» bat dela. «Hemen, abertzale espainiarrek diote interes orokorreko izendapena galduz gero nazioarteko trafikoa edo muga zerbitzua galduko liratekeela. Hori gezurra da», adierazi du. Bada, EAJri eskatu dio «lidergoa hartzeko», eta EH Bilduren mozioa babesteko.
«Eztabaida nazionala»
Jeltzaleek ez dute halakorik egin, ordea. Markel Olanok txalotu egin du EH Bilduk eskumena eskualdatzearen alde egin izana, baina gogorarazi du autogobernua «unez une eta egunez egun» defendatu behar dela. EAJk eta PSE-EEk zuzenketa bateratu bat aurkeztu diote koalizioaren mozioari, zeinak aipatzen baitu falta diren eskumenen transferentzia legebiltzarrak 2017an onartutako txostenaren arabera egitea. Olanoren arabera, txosten horretan beren-beregi jasoa dago izendapena kentzeko eskea, eta, beraz, bide horretan negoziatu behar da Madrilekin: «Hori lortu arte».
EAJko legebiltzarkideak gogorarazi du aurrekariak badaudela, eta posible dela. Are, adierazi du izendapen hori gabe Pasaiako portuak ez lukeela garrantzirik galduko, baizik eta, kontrara, «izugarrizko bultzada» izango lukeela. «Aldaketa eginda, hemendik aurrera ez litzateke estatuarentzako interes orokorreko portu bat izango, Eusko Jaurlaritzarentzako interes estrategikoko portu bat baizik». Esan du kudeaketa «eraginkorragoa» izango litzatekeela, eta finantzaketa, berriz, gaur egun baino bidezkoagoa.Â
«Aldaketa eginda, ez litzateke estatuarentzako interes orokorreko portu bat izango, Eusko Jaurlaritzarentzako interes estrategikoko portu bat baizik»
MARKEL OLANOÂ EAJko legebiltzarkidea
Era berean, azpimarratu du Pasaiako portuaren ingurukoa «eztabaida nazionala» dela, Gipuzkoako ekonomiari ez ezik Euskal Herrikoari ere bete-betean eragiten diolako, baita badiako herriei eta herritarrei ere. «Ezinbestekoa» baita, haren hitzetan, portua eta herriak «bateragarri» izatea. Azaldu du ildo horretan jardun zuela ahaldun nagusi izan zenean, baina salatu du Madrilek zailtasunak besterik ez duela jarri.
Ondorioez kezkatuta
Oso bestelako iritzia azaldu du PSE-EEk, ostera. Jorge Juez legebiltzarkideak salatu du EAJk eta EH Bilduk arlo identitarioetara mugatu nahi dutela eztabaida, eta berretsi du interes orokorreko izendapena galduz gero azpiegitura «ahulduko» dela, lehiakortasuna galduko duelako eta inbertsioak arriskuan jarriko direlako. Eta txartzat jo du ez azaltzea nola ordezkatuko dituzten egun Madrilek egiten dituen inbertsioak: «Portuak anbizioa behar du, baina industriala, ez sinbolikoa».
Iritzi berekoa da Alderdi Popularra ere. Alvaro Gotxi legebiltzarkideak ohartarazi du izendapena kentzeak «ondorio izugarriak» izango lituzkeela, hala nola mugako zerbitzuak galtzea. Inbertsiorik egin ez izana Espainiako Gobernuaren erantzukizuna dela esan du, eta jeltzaleei leporatu die azken hilabeteetan «lau proposamen» aurkeztu izana; azkena, joan den astean. Lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari proposatu zion Jaurlaritzak autonomia handiagoa izatea Pasaiako eta Bilboko portuetan, titulartasuna eskualdatu gabe.
Hain justu ere, Sumarrek nabarmendu du euskal erakundeek jada autonomia handia dutela azpiegitura horietan, haiek aukeratzen dituztelako portuen agintaritzak. Edonola ere, Jon Hernandezek eskatu du arreta portuko langileen eta inguruko herritarren beharretan jartzeko; galdegin du Pasaiako badia biziberritzea, «eskualdean bizi direnen beharrak lehentasuntzat hartuta».
Bozketan, EAJren eta PSE-EEren zuzenketa babestu du EH Bilduk. Koalizioaren mozioaren kontra bozkatu dute, aldiz, jeltzaleek eta sozialistek. Sumar abstenitu egin da bi aldietan. EH Bilduk babesa eman dio Sumarrek aurkeztutako zuzenketari ere.