Lizarrako festetan bertan behera geratu da Puyko jaitsiera, bigarren urtez

UPNko eta PPko hautetsiek autoz egin dute jaitsiera Puyko basilikatik, eta gainerako hautetsiek, berriz, oinez. UPNren udalak herritik urrun kokatu ditu txosnak aurten ere, eta herritar ugarik horren aurka protesta egin dute.

Lizarrako festen hasiera. GEROA BAI
Lizarrako festen hasiera. GEROA BAI
joxerra senar
2025eko abuztuaren 1a
19:48
Entzun 00:00:0000:00:00

Hasi dira festak Lizarran (Nafarroa), baina iazko tentsioak bere hartan dirau. Tradizioz, udalbatzak musikari eta dantzariekin egin ohi du Andre Maria Puykoaren basilikatik udaletxerainoko kalejira, baina, hasi orduko, udaleko hainbat ordezkarik ezin izan dute aurrera egin. Alde Zaharrean, ehunka lagun zain zituzten, txosnen aurkako erabaki politikoei gaitzespena adierazteko gertu. Horregatik, aurten bigarren urtez jarraian, Puyko jaitsiera bertan behera uztea erabaki du Marta Ruiz de Alda alkateak. UPNko eta PPko hautetsiak autoan jaitsi dira, eta gainerakoak, oinez.

Orain gutxi arte, Lizarraren erdigunean egon ohi ziren txosnak, autobus geltokiaren ondoan. Haatik, iaz bezala, UPNren udalak herritik urrun den eremu batean kokatu ditu. Hala, iragan urtean ere Puyko jaitsiera bertan behera geratu zen, herritar askoren protesten artean. Iragan astean, berriz, elkarretaratze bat egin zuten konponbide eske.

Atzo, festen atarian, desobedientzia ekintza bat egin zuten, autobus geltokiaren alboko aparkalekuan, txosnen ohiko eremuan. Festak hasi balira bezala jokatu zuen gazte talde batek. Aldarrikatu zuten espazio hori «herriarena» dela eta alderdiek ez dietela kenduko. «Eremu honetan elkartu gara kendu nahi digutena ospatzeko: kalea, festa eta poz herrikoia», esan zuten. Eta gogoratu zuten txosnak beti izan direla «jaien erdigunea».

Egoera horretan egin da Puyko jaitsiera gaur. Festei begira udalbatzako ordezkariek hartutako jokabidea salatzeko, Alde Zaharreko kaleetan Txosni izeneko pertsonaia erabili dute, txosnekin gertatutakoa salatzeko lizarratarrek sortu duten pertsonaia. 

Festen hasiera

Ordu batzuk lehenago piztu da festen suziria, eguerdian. Ker Kali ijito elkarteak eman die hasiera aurtengo jaiei. Ekitaldi horretan ere ozen entzun dira txosnen aldeko aldarriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.