Raimundo el Canastero musika taldeko kideen auzian bezala, iazko Lizarrako (Nafarroa) Puyko jaitsieran Marta Ruiz de Alda alkatearen kontra protesta egin zutenen kontrako auzia artxibatu du epaileak. Denera, 27 lagunen aurka ireki zuten auzi judiziala, eta fiskalak desordena publikoko delituak egotzi zizkien. Epaileak, baina, ebatzi du ez dela frogatu protestetan indarkeria erabili izana.
Ikusi gehiago
Ebazpenean, epaileak gogoratu du iazko abuztuaren 2an, protestak izan zirela Lizarrako festetan, udalak txosnek ohiko lekua hartzea debekatu zuela eta. Horietako batek Puyko jaitsiera oztopatu zuen, hain zuzen, txosnei ezarritako debekua salatzeko. Poliziak manifestarien jarrera oldarkorra nabarmendu zuen atestatuan, baina, epailearen esanetan, protesta horiek ez zuten «ordena publikoaren nahasmendu larririk» eragin. Foruzaingoak hala gomendatuta, udal gobernuko ordezkariek bertan behera utzi zuen ekitaldia, baina epaileak argudiatu du ordezkari instituzionalak ez zirela iritsi ikertutako gazteak zeuden eremura, eta bertatik igaro zirenak arazorik gabe pasatu zirela. Era berean, azaldu du ez dela argi geratu «zehazki» zer egozten zaion ikertutako gazte horietako bakoitzari. Horrekin batera, gogoratu du jaitsiera autoritateari protesta egiteko une bat izan dela tradizionalki.
Raimundo el Canastero taldearen kontrako auziaren inguruan ebatzi zuen epaile bera da erabakia hartu duena. Orduan, epaileak argudiatu zuen Beef D’Alda kantuan alkateari buruz esandakoetan ez dagoela deliturik eta, «zoritxarrekoak» izan arren, adierazpen askatasunerako eskubideak babesten dituela.
Ohar batean, EH Bilduk ontzat jo ditu bi ebazpen judizialak: «Auzipetuentzat albiste ona izateaz gain, UPNren eredu autoritarioak gure hirian izan duen porrota erakusten dute», adierazi du koalizio subiranistak. Hark «baztertzailetzat» jo du UPNren udal gobernuak txosnen inguruan hartutako erabakia, eta protesten harira auzitara jo izana kritikatu du.