Epaileak absolbitu egin ditu Raimundo el Canasteroko kideak

'Beef D'Alda' kantuan Lizarrako alkate Maria Ruiz de Aldari buruz esandakoetan deliturik ez dagoela ebatzi du epaileak, kideak adierazpen askatasunerako eskubidearen babesean direla argudiatuta.

Raimundo el Canastero musika taldeko kideak, artixiboko irudi batean.
Raimundo el Canastero musika taldeko kideak, artxiboko irudi batean.
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko irailaren 30a
12:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihurgunez beteriko bide batean eta luzez ez atzera ez aurrera ibili ondotik, Lizarrako (Nafarroa) Raimundo el Canastero musika taldeko bost kideren kontrako auzibidea helmugara ailegatu da, eta argitu da emaitza azkenerako: absoluzioa erdietsi dute musikariek. Lizarrako epaitegiko epaileak ebatzi du taldeak iazko abuztuan kaleratutako Beef D'Alda abestian Lizarrako alkate Maria Ruiz de Aldari (UPN) buruz esandakoak ez direla irainezko eta mehatxuzko delituak. Adierazpen askatasunerako eskubidearen babesean, kargurik gabe libre dira aurrerantzean.

Zehazki, 2024ko Lizarrako festetan du sorburua Raimundo el Canasteroren kontrako prozesuak. Lizarrako Udalak —UPNko Maria Ruiz de Alda buru izanik— txosnak tokiz aldatzea erabaki zuen, baita peña bati festetan izan ohi zuen tokia hartzea debekatu ere. Erabaki horien kontra, erantzun eta kritika ugari izan ziren herrian, eta, hain zuzen, haietako bat izan zen musika taldearen Beef D’Alda kantua ere. Lizarrako UPNk taldearen kontrako salaketa jarri zuen handik gutxira, argudiatuta abestian alkatearen kontrako «irainak» eta «mehatxuak» zeudela. Hasieran, auziak bide penala har zezan saiatu zen UPN, eta gorroto delitu gisara epai zezatela kasua. Ordea, aurtengo apirilean jakinarazi zuten Lizarrako epaitegiak hartuko zuela auzia, eta delitu arinengatik epaituko zituztela azkenerako. Ordutik, jakina zen justiziak gehienez ere hiru hilabeteko zigorra ezartzen ahal ziola akusatuetako bakoitzari.

Epaileak absoluzioaren alde egin du azkenerako. Abestiaren hitzak «zoritxarrekoak» direla esan du, zehazki, baina argitu du adierazpen askatasunerako eskubidea gailentzen zaiola horri. Gainera, beste ñabardura hau ere argitu dute sententzian. Akusazioaren arabera, Raimundo el Canasteroko kideen kantuak eragin zuzena izan zuen iazko festetan Puyko jaitsieran izandako tentsioan —Puyko Andre Maria basilikatik udaletxeraino udalbatzak musikari eta dantzariekin egin ohi duen kalejira tradizionala ezin izan zen bukaerara ailegatu, hainbat herritarrek kalea moztu zutelako, protestan— eta, taldekideek «sortutako giroaren ondorioz», alkateak bizkartzainekin ibili behar izan zuen, «mehatxatuta sentitzen zelako». Orain, epaileak esan du ezin dela frogatu ekintza horiek soilik Beef D'Alda abestiaren eraginez gertatu zirenik, aurrez eta «bestela ere» giroa «nahasia» zegoelako.

Taldeko kideek ere gaur bertan izan dute epaiaren berri, eta poza azaldu dute sare sozialetan. «Musika eta protesta ez dira delitua. Amarru judizial eta mediatikoek ezin dute estali udal honen autoritarismoa, eta guk haizea bezain libre kantatzen segitzen dugu. [...] Mila esker hau guztia hain mingotsa izan ez zedin lagundu diguzuen guztiei», idatzi dute kideek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.