«Greba egun handia» antolatu dute lizeotarrek eta sindikatuek urriaren 13rako

Baionako Cassin, Louis-de-Foix eta Paul Bert lizeoetan izan dira gaurko protestak. Fakultateak hetsirik segitzen du atzo goizeko blokeoaz geroztik. Lecornu Frantziako Lehen ministroak irakasle eskasia konpentsatzeko «urgentziazko plana» iragarri du.

Lizeotarren mobilizazioa, asteartean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Lizeotarren mobilizazioa, asteartean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko urriaren 8a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste osoa pasatu da Frantziako lizeotarren mugimendua hasi zenetik; ikasleen mobilizazioa bilakatua da geroztik, fakultateetakoak ere batu baitzaizkie mobilizazioei. Ipar Euskal Herrian, bosgarren mobilizazio eguna izan da gaur: arratsalde hasieran, Louis-de-Foix lizeo aitzinean, 500 bat pertsona bildu dira lizeoa berriz ireki dela salatzeko. Dozenaka polizia ukan dituzte parean, baina nahiko anple egon da giroa.

Ikasleen eta langileen intersindikalek arratsaldean iragarri dutenez, «greba egun handia» antolatu dute heldu den astearterako, hots, urriaren 13rako. Kasik iduri luke erritmo bati jarraikitzen diotela orain: irailaren 29an funtzio publikoaren greba izan zen; aste bat berantago, herenegun, sindikatuak ikasleei batu zitzaizkien hala Baionan nola Frantzian; heldu den asteartean, berrituko dute mobilizazio bateratua. Gauza berak salatzen eta aldarrikatzen baitituzte, funtsean, horien artean ikastetxeetako irakasle eskasia.

Izan ere, Sebastien Lecornu Frantziako Lehen ministroak gaur bertan iragarri duenez, Eddouard Geffray Hezkuntza ministroak «urgentziazko plan» bat aurkeztekoa du «ondoko ordu edo egunetan» irakasleen ordezkapenari dagokionez, eskakizun horren nolabait asetzeko.

Halere, ikasleek argi dute «aldaketarik ez dela», ez behintzat seriorik, beti irakasle postu gehiago kentzen baitituzte. Kezka hori adierazi du Louis-de-Foix ikastetxeko terminaleko lagun talde batek, arratsaldeko blokeoaren barnean zeudela.

Kasurako, lizeotarren mobilizazioak abiatu eta bi egunera, 1.500 bat irakasle postu gehiagoren kentzea iragarri zuen Frantziako gobernuak 2027ko; ez dute zehaztu, mementoko, horietarik zenbat lizeoetarik kenduko lituzketen.

Dena dela ere, ikasle eskubideen «errespetarazteko» segitzen dute karrikan, orduan halako iragarpenak «onartezinak» iruditzen zaizkio lagun taldeari. «Entzunak izan gaitezen gara hemen. Zeren geldituko bagenu uste ukanen bailukete deusetarako ez duela balio, baina ez dute entzuten: segitu behar dugu».

Artean, atxiloketek ez dute etenik hala Ipar Euskal Herrian nola Frantzian gaindi. Gaur, hain zuzen ere, gazte bat atxilotu dute poliziek Louis-de-Foix ikastetxeko mobilizazioan. Frantziako Barne ministerioak atzo arratsean komunikatu zituen datuen arabera, 6.600 gazte baino gehiago atxiki dituzte mobilizazioak abiatu direnetik.

Fakultateak sostengu

Louis-de-Foix lizeoaren aitzinean Baionako fakultateko zenbait ikasle ere bildu dira, lizeotarren mobilizazioei batzeko asmoz. Halako profilak borrokari juntatzen ikusten dira aste hasieratik, eta gisa horretan segitu behar luke, Baionako fakultatea atzo blokeatu baitzuten, hain justu. Anonimotasunean babestu nahi izan du emazte gazte batek nabarmentzeko «lizeotarren sostengatzera» etorri zirela hatsarrean: «Erran digute mugimendua akitzen ari zela, orduan lotzen gatzaizkie idazten digutelarik. Atzo goizean fakultatea blokeatu genuen guk ere, eta segidan hetsi zuten, 08:00etan. Gaur zuzendaritzak berriz hetsi du, Pauen (Okzitania) gertatutako istiluen ondorioz. Berrien zain gaude biharko».

Gero fakultatea berriz irekiko balute ere, ikasleak argi utzi «heldu den astean berriz blokeatzeko asmoa». Eta lizeotarren bide beretik egitea aurreikusten dute, tartean astearteko greba egun orokorra.

Badaude ere kurtsoetara itzultzeko gogoz dauden ikasleak, blokeoekin bat egiten ez dutenak. «Baxoa dugu aurten; nik baxoari buruz pentsatzen dut», erran du batek, aserik, Louis-de-Foix aitzinean. Gaur, halere, kurtsoetara joateko aukera izan dute, blokeoa bera ikasleen mugimenduak ezin izan baitu egin: ezarritako polizia operazioak klasera joan nahi zuten ikasleak filtratu ditu, eta blokeatzera etorri zirenak polizien aitzinean geratu dira mobilizazio estatikoan, pankartan eskuetan beti. Paul Bert lizeora buruz abiatu dira gero.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA