«Ikasle, altxa, hasi da iraultza!». Eskuak gora igo eta txalo eginez, oihua bere egin dute ikasle andanak Baionako karriketan. Ostegunean abiatu zen ikasleen protesta Ipar Euskal Herrian, eta ordutik ez du etenik. Ikastetxe gehienak itxiak dira, zuzendariek hala erabakita; prefetak horien aitzinean protestak antolatzeko debekua eman du; hala ere, ehunka ikasle atera dira mobilizatzera, eta manifestazioa egin dute Lapurdiko hiriburuan barna. Langile sindikatuek ikasleei babesa adieraztera deitu dute, eta manifestazioa egin dute denek elkarrekin arratsaldean, Baionako herriko etxetik abiaturik.Â
Ikusi gehiago
Jendea emeki-emeki hurbildu da, eta ehunka ziren laster; milaka bat-batean, manifestazioak aitzina egiten zuela. Abiatzu aitzin, sindikatuetako bozeramaileek hitza hartu dute mikrofonoan, funtzio publikoaren greba egunetik justu aste batera. FSU sindikatuko Barthelemy Mottayk argi du langileriaren eta ikaslegoaren aldarriek badutela elkarren artean zerikusia. «Urteetan salatu ditugunak dira: baliabide eskasia, eraikinen egoera, gelak gainezka izatea... Eta langile anitz ginen ikasleei batzeko esperoan ginenak, sostengua adierazteko». Halere, zehaztu du ez dietela ikasleen mobilizazioei «gaina» hartu nahi, eta, babesa adieraztera besterik ez direla etorriak.
Ikasleek, dena den, ez dituzte sindikatuak itxaron protestan sartzeko, joan den ostegunetik ari baitira Baionako lizeo guzietan. Manifestazio inprobisatuak egin dituzte egunero, blokeoen ondotik. Poliziaren eta faxismoaren kontrako mezuak ozen entzun dira. «Argi da bortizkeria zer aldetan den. Borraz jo dituzte ikasleak; gomazko pilotak bota dizkiete; txakurrak bidali dizkiete, hau da, egiazko txakurrak; gasa bota digute...», salatu du Araitz Etxegarai Arakama IAS Ikasle Antolakunde Sozialistako kideak. Deitoratu du aldi berean diskurtso batzuk esaten ari direla ikasleak ari direla bortitz jokatzen. «Guk argi dugu gure borrokak zilegi direla eta beharrezkoak direla. Horregatik, borrokan segituko dugu. Manifestari onen eta txarren artean banandu nahi gaituzte, baina ez da halakorik; denak gara manifestari onak, gure eskubideen alde borrokatzen gareno. Eta bortizkeria erabili behar bada, erabili behar da, eta zilegi da; egiazko bortizkeria estatuaren eta Poliziaren aldean baita».
Hain zuzen ere, estatuari bortizkeria hori «ikasteko eta bizitzeko baldintzak gero eta txarragoei» lotu du Etxegaraik: «Horren adibide argia dira atera diren hainbat argazki, nola ikasgeletan arratoiak badiren, paretak zulatuak diren... Ordutegi gero eta pisuagoak dira. Aldi berean, diru laguntzak txikitzen ari dira, eta bizitegien laguntzak gero eta murritzagoak dira». Eta gehitu: «Horren parean, ikasle langileek lehen lerroan egon behar dugu, gure eskubideak defendatu behar ditugu. Gainera, mobilizazioak eteten ari dira: argiki, isilarazi nahi gaituzte. Beraz, segituko dugu karrikak eta gure ikastetxeak hartzen».
Erraterako, Frantziako Hezkuntza ministroak arratsaldean jakinarazi duenez, lizeoetako kurtsoak bertan behera geldituko dira aste bukaera arte, baita Ipar Euskal Herrian ere. Arratsaldeko manifestazioan, ikasleek «mobilizazioen deuseztatzeko ahalegina» salatu dute, lizeoak hetsiak baldin badira blokeoaren funtsa bera ezeztatzen baita halako erabakiekin. Halere, argi utzi dute, Etxegaraik bezala, borrokan segituko dutela eta mobilizazioak izanen direla berriz ere. Mottayk bat egin du deialdiekin, Frantziako gobernuaren posizioa «haizea» besterik ez baita haren ustez: «Ihes egiten ari dira, ene ustez beldurtzen baitira, halere: zerbait plantatzen ari direlako ustea zabaltzen dute, 'kurtsoak ezeztatu eta elkarrizketa demokratikorako momentu bat' aipatzen dute, baina, denbora berean, ez diete ernatzunik ematen eginak diren eskakizunei».
Hala, ikasleek Baionako fakultate aitzinean protesta egitea aurreikusi dute biharko, hura ere hetsia atzotik geroz.
Hogei atxilotu asteleheneanÂ
Baionako Paulbert eta Louis de Foix lizeoak itxiak dira joan den astetik; atzo, Cassin lizeoa ere itxi zuten. Ikastetxe bakoitzeko zuzendariek eta Frantziako hezkuntza administrazioak hartutako erabakiak dira. Ondorioz, etxetik ari dira klaseak hartzen ikasleak, baina blokeoarekin segitzeko trikimailuak asmatu dituzte. «Klaseak online segitzeko loturak banatzen dituzte konexioak huts egin dezan, edo denek batera pizten dituzte mikrofonoak», kontatu du itxita dagoen ikastetxe bateko langileak. Irakasle sindikatuek dei egin dute online klaseak ematea errefusatzera. Etxepare lizeoa blokeatua dute ikasleek, eta protestak egiten ari dira egunero. Angeluko (Lapurdi) lizeoan da mugimendurik handiena.
SAF abokatuen sindikatuak Pirinio Atlantikoetako prefeturaren jarrera salatu du. Izan ere, astearte goiz honetako manifestazioak debekatzeko erabakia hartu zuen prefetak, eta debeku horren kontrako helegitea eman zuten abokatuek. Auzitegiek arrazoi eman zieten atzo, baina prefeturak beste debeku bat eman du, desberdin formulatua. «Gauean berandu argitaratu zuen, ez genezan helegiterik emateko denborarik izan. Ikasleen kontrako errepresioarekin segitzen du prefetak, legez kanpoko prozedurak erabiliz», salatu dute.
Astelehenean istiluak izan ziren beste behin Frantziako Poliziarekin. Baionako fiskaltzak zabaldutako oharraren arabera, hogei ikasle atxilotu zituzten atzoko mobilizazioetan, gehienak adingabeak. «Azpimarratu nahi dugu gazte adingabeak direla gehienak, aurrekari penalik ez dutenak; hemendik aitzina, izanen dituzte», adierazi du fiskaltzak.Â