Lola Valverde historialariak irabazi du 2026ko Manuel Lekuona saria

Eusko Ikaskuntzak saritu egin du ««ikerketa eta pentsamendu kritikoa eta kulturaren eta emakumeen eskubideen aldeko konpromiso etengabea» uztartu dituelako.

(ID_17930882765015) (/Wikipedia) Lola Valverde historialaria
joxerra senar
2026ko urriaren 27a
09:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lola Valverde Lamsfus historialari donostiarraren ibilbide luzea aitortu nahi izan du Eusko Ikaskuntzak. Aurtengo Manuel Lekuona saria irabazi du. Euskal kulturaren alde lanean aritutakoak goratzea du xede sariak. Eusko Ikaskuntzaren arabera, Valverdek «ikerketa eta pentsamendu kritikoa eta kulturaren eta emakumeen eskubideen aldeko konpromiso etengabea» uztartu ditu.

Valverde 1941ean jaio zen Donostian. 1976ean Historia Moderno eta Garaikidea ikasketak amaitu zituen Nafarroako Unibertsitatean. Ezkondu eta ama izan ondoren lizentziatu zen, eta urte batzuk geroago lortu zuen doktoregoa Euskal Herriko Unibertsitatean. Historia Garaikideko katedradun izatera iritsi zen. «Historialari gisa geroago aztertu zituen emantzipazio eta gizarte eraldaketako zenbait prozesurekin egiten du bat bere esperientzia pertsonalak», nabarmendu du Eusko Ikaskuntzak.

Bere lanaren dimentsio unibertsala azpimarratu du erakundeak. Gipuzkoan, Nafarroan eta Euskal Herriko beste lurralde batzuetan egindako ikerketatik abiatuta, ikuspegi konparatuak garatu zituen eta bere lana Europara eta Latinoamerikara zabaldu zuen.

Era berean, azpimarratu du XX. mendeko azken hamarkadatik hona euskal historiografia berritzen lagundu duten historialari nabarmenetakoa dela. «Emakumeak subjektu historiko oso gisa txertatu zituen, eta ikerketa-ildo berriak ireki zituen familiari, jabetzari, pobreziari, ezkontzaz kanpoko amatasunari, abandonatutako haurtzaroari eta genero-harremanei buruz».

Konpromiso feminista

Haren konpromiso feminista nabarmendu du Eusko Ikaskuntzak. 1988an María de Maeztu Forum Feministaren sorreran parte hartu zuen, eta lotura estua mantendu zuen ikerketa historikoaren, kontzientzia feministaren eta jarduera zibikoaren artean.

Eusko Ikaskuntzarekin ere lotura estua izan du. Besteak beste, Historia saileko zuzendari izan da eta historia arloko hainbat argitalpen zuzendu ditu.  

Bere hautagaitza aurkeztu zenean, ideia hau ere azpimarratu zen: «Haren ondarea ez da bibliografia espezializatu batera mugatzen: kontakizun historikoa zabaldu izana, ahots berriak txertatu izana eta ezagutza berdintasunaren, euskal kulturaren eta gizartearen zerbitzura jarri izana da haren ondarea».

Berez, Manuel Lekuona saria 2027an emango diote, baina oraindik ez da data zabaldu. Iazko saria Gloria Totoricaguena Ibarrolak jaso zuen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA