Arratiko Zekorrak errugbi taldearen Gabonetako Loteriak herrian eragindako «ezinegonaz» arduratuta, adierazpen instituzional bat plazaratu du Igorreko (Bizkaia) Udalak: idatzi horretan, «erantzun baten zain hilabeteak daramatzatenei lasaitasuna itzultzeko irtenbiderik onena aurkitzea» espero duela adierazi du Olatz Urkiza alkateak. Bitartean, 114 dira dagoeneko Ertzaintzan salaketa aurkeztu duten herritarrak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Loteria txartel bakoitzeko 9.600 euro zor die errugbi taldeak. Ertzaintza salaketa horiek guztiak ikertzen ari da, atestatu beraren barruan, iruzur delitu bat egon den argitzeko.
«Badakigu egoera honek kezka, ziurgabetasuna eta ezinegona eragin duela udalerriko familia eta bizilagun askoren artean; eta espero dugu gai hau lehenbailehen argitu eta konpondu ahal izatea, erantzukizunetik, gardentasunetik eta kaltetu guztien eskubideekiko errespetutik abiatuta», jasotzen du testuak. Horrekin batera, «herrira lasaitasuna itzultzea» espero duela dio Urkizak.
Kaltetu horietatik asko atzo arratsaldean batu ziren, udaletxean. Unai Zuluaga Arratiko Zekorrak errugbi taldeko presidenteak aste hasieran aitortu zuen loteria txartelak zenbatzean egindako «akatsa»: «Astelehen arratsaldera arte ez ginen konturatu oraindik 225 txartel zeudela ordaintzeko eta dagoeneko ez zegoela dirurik», aitortu zuen. Kaltetuek, ordea, ez dituzte haren azalpenak sinesten.
Haserrea
«Matematika hutsa da: dezimo bakoitzari txartel kopuru jakin bat dagokio. Hortaz, ezin da 225 partaidetza gehiago egon. 3 urteko haur batek ere kontu hori egiten badaki», adierazi zion kaltetuetako batek EFE albiste agentziari, atzo, bileratik irtetean. «Behin loteria tokatzen zaigula, horrela amaitu behar izatea ere...», deitoratu zuen hark.
Kaltetutako beste lagun batek «itxura txarra» hartzen dio auziari, «kobratu ez duenak baino askoz jende gehiagok kobratu duelako jada». «Zail xamar jarri zaigu kontua», gehitu zuen.