Orain arte probatutako bideek ez dutenez esperotako emaitzarik eman, Luberri konpartsak herritarrengana jotzea erabaki du. Bilboko Konpartsen Federazioaren parte izan nahi dute, eta 2023an egin zuten horretarako lehen eskaria, baina orain artean federazioak ez die aukerarik eman txosna propio bat izateko. Horregatik, konpartsako kideak Arriaga plazan bildu dira, jaietan «normaltasunez» parte hartzeko eskubidea dutela adierazteko. Kulturgile esanguratsuen babesa jaso izan dute orain artean, eta aurten jakinarazi dute sinadura bilketa bat egingo dutela Aste Nagusian, «konponbidearen» alde dauden herritarren babesa jasotzeko.
Agerraldian nabarmendu dute Luberri konpartsak federazioaren parte izateko «irizpide guztiak» betetzen dituela. Konpartsa horretako Argia Kortabitartek eta Maren Martinezek irakurri dute adierazpena, eta salatu Luberriren eskaera baztertzearen ondorioz «jaietatik kanpo» uzten dituztela Bilboko ehunka gazte. «Parte hartzeko aukera sistematikoki ukatzen zaigun bitartean, nekez hitz egin daiteke jai ireki, plural eta parte hartzaileez». Horrek guztiak, Luberriko kideen arabera, «kolokan jartzen du Bilboko Konpartsen jatorrizko izaera».
«Gero eta babes handiagoa»
Nabarmendu dute Luberri konpartsak «gero eta babes handiagoa» duela, eta gogora ekarri ekainaren hasieran 450 artistak baino gehiagok Luberriren parte hartzearen aldeko agiri bat sinatu zutela. Maiatzean aurkeztu zuten ekinaldia, Bada garaia, artistok denontzako jaien alde lelopean, eta, Luberri konpartsaren egoera salatzeaz gain, gaitzetsi egin zuten Gasteizko jaietan GKS Gazte Koordinakunde Sozialista eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista txosnetatik kanpo utzi izana. Besteak beste, Anje Duhalde, Bernardo Atxaga, Josu Zabala, Roberto Moso eta Neomak daude sinatzaileen artean.
Ez da salaketa egin duten lehen urtea. 2023an plazaratu zuten eskaria lehenengoz, eta, geroztik, salatu izan dute Bilboko eta Gasteizko jaietan «beto politikoa» ezarria dietela. Luberriko kideek egoera «zentzugabea» dela esan dute oraingoan, eta hura «behingoz» amaitzeko deia egin.
Egunotan abiatuko duten sinadura bilketaren berri ez ezik, Aste Nagusian egingo dituzten bestelako egitasmoen berri ere eman dute agerraldian. Iganderako, Bada Garaia eguna antolatu dute, Luberrik Bilboko jaietan «bere espazioa izan behar duela» aldarrikatzeko. Arratsaldean Sembrando Kaos, 48280 eta Kalipotxo taldeen kontzertuak egongo dira, eta gauean, berriz, DJ Salda Dago igoko da oholtzara. Abuztuaren 28an, berriz, Luberri Eguna egingo dute Askapeña konpartsan, eta herri bazkaria eta hainbat kontzertu izango dira.