Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak egiten ditu BAME mediku egoiliarren hautaprobak, Medikuntza ikasketak bukatu berri dituzten ikasleak medikuntzako alor jakin batean espezializatzeko azterketak. Eusko Jaurlaritzak eskatua zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako postuetan euskara jakitea aintzat hartzeko; gutun bat bidalia zion ministerioari horretarako. Gaur iritsi da erantzun irmoa: Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak ezetz esan du; haren esanetan, euskara aintzat hartuz gero «ekitatea» hautsiko litzateke.
Ministroaren iragarpena ez da berria, Jaurlaritzak aurreratua baitzuen Espainiako Gobernuaren jarrera, baina gaur eman dute erabakiaren berri publikoki. Hain zuzen, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak orain astebete esan zuen ez zuela Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan parte hartuko Espainiako Osasun Ministerioak «komunikazio eraikitzaile bat berrezarri» eta haien kezkei erantzun arte. Besteak beste, sailburuak esan zuen proposatu zutela BAMEen azterketarako deialdian euskaraz jakitea balioestea, baina ministerioak hura «gaitzetsia» zuela, «arbitrarioki».