Maialen Mazonen senar izandakoak helegitea aurkeztu du Arabako Probintzia Auzitegiak iragan maiatzaren 20an ezarri zion zigorraren aurka. Zehazki, 27 urteko kartzela zigorra ezarri zioten gizonari. Maltzurkeriaz egindako hilketa delituaz gain, bi abortu delitugatik ere zigortu zuten —emakumea bikiez haurdun baitzegoen—, baita adingabe bat abandonatzeagatik ere, 2 urteko alaba amaren gorpuaren ondoan uzteagatik; hemezortzi orduz egon zen haurra amaren gorpuaren ondoan, bakarrik.Â
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko iturrien arabera, gizonaren abokatuak errekurtsoa aurkeztu du orain, Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiaren aurka.
Maialen Mazon 2023ko maiatzean hil zuen senarrak, hura bikien esperoan zela. Gizonaren kontrako epaiketa maiatzean amaitu zen, eta, bertan, fiskaltzak eta akusazioek ondorioztatu zuten akusatuak «kontzienteki» hil zuela Mazon, «berarentzat nahi zuelako». Akusatuak uko egin zion epaiketan deklaratzeari, eta akusazioek 45 urteko kartzelaldia eskatu zuen harentzat. Epaimahaiak erruduntzat jo zuen gizona, eta, horrez gain, maltzurkeria eta ahaidetasuna egotzi zizkion inguruabar larrigarri gisa, baina ez zituen aintzat hartu generoaren, ankerkeriaren eta oinaze psikiko eta moralaren larrigarriak.
Izan ere, akusazio partikularraren arabera, biktimaren sufrimendua areagotu egin zen jakinda 2 urteko alaba gelan bertan zegoela hilketa gertatu zenean. Sei epaimahaikidek ontzat eman zuten larrigarri hori, baina batek ez, epaimahaiaren irudiko ez zelako frogatutzat jo gizonak emakumeari umetxoaren aurrean eraso egin izana, eta hori bera jasotzen du epaiak.Â
Genero indarkeriaren larrigarria ere baztertu zuen epaimahaiak, haren irudiko, ezin izan baitzuten ondorioztatu hilketa «kontrol behar batengatik» izan zela.

