Maiatzaren 17an eginen dute Sortzen Jaia Iruñean, 'Ele bat, milaka kolore' lelopean

Aurreko urteetan bezala, Iruñeko Taconera parkean eginen dute D ereduko eskola publikoen aldeko festa. Haurrentzako jolasak, txarangak, kontzertuak eta herri bazkaria antolatu dituzte egun horretarako, besteak beste.

Haurrak kalejiran Taconera parkean, iazko Sortzen Jaian. IÑIGO URIZ / FOKU
Haurrak kalejiran Taconera parkean, iazko Sortzen Jaian. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko apirilaren 23a
09:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ele bat, milaka kolore. Dozenaka ikastetxe, ehunka boluntario, milaka ikasle eta familia. Eta hizkuntza bat: euskara. Urtero bezala, D ereduko eskola publikoen aldeko festa antolatu du Sortzen elkarteak. Iruñeko Taconera parkean eginen dute, maiatzaren 17an. Aurten, antolatzaileek festaren ardatzean jarri nahi izan dituzte «Sortzen-ek egiten duen lana eta ikaskomunitateen parte hartzearen izaera boluntarioa». Eta baita euskara ere, noski.

Horretarako, egitarau zabala prestatu dute, goizetik iluntzera aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko. 11:00etan, kalejira musikatua eginen dute Ortzadar dantza taldeak lagunduta, Entzierroaren Monumentutik abiatuta, Taconerako jaiguneraino. Goiz osoan, umeentzako jolasak antolatuko dituzte parkean, eta Kittu txarangak giroa gozatuko du bazkalordura arte. 14:00etan, herri bazkaria eginen dute jaigunean, Ondalankoopen eskutik. Txartelak salgai dira helbide honetan, 25 euroan helduentzat eta 15 euroan haurrentzat.

15:30ean, 9 urtetik gorakoek aukera izanen dute taldekako herri-kirol probetan parte hartzeko, eta, ordu berean, kantuz emanaldia hasiko da, Kittu taldearen eskutik. 17:00etan, kontzertua joko du Hiuzz taldeak. Egun osoan, zabalik egonen dira tonbola, elastikoen salmentarako postuak eta jan-edana hartzeko txosna.

Sortzen-ek, bestalde, informazio puntu bat ere zabalik izanen du, martxan jarriak dituen egitasmoen eta proiektuen berri emateko. Besteak beste, jendaurrean aurkeztuko dituzte Euskararen Normalizazio Plana, Jauzi.eus euskarazko eskolaz kanpoko jardueren bilatzailea, SOS Arrazakeriarekin batera landutako Denon eskola, guztiondako euskara egitasmoa eta bestelako formakuntza eta aholkularitza saioak.

egitaraua

  • 11:00. Kalejira: Entzierroaren Monumentutik abiatuta Taconerako jai guneraino, Ortzadar dantza taldearekin. 
  • 11:30. Umeentzako jolasak.
  • 12:00. Kittu txaranga.
  • 14:00. Herri bazkaria, Ondalankoopek prestatua.
  • 15:30. Taldekako herri kirolak
  • 15:30. Kantuz, Kittu txarangarekin.
  • 17:00. Hiuzz taldearen kontzertua.
  • 19:00. Jasotzeko eta garbitzeko tartea.
     
  • Egun osoan: Sortzen informazio gunea, tonbola, kamiseta salmenta, barra, hanburgesak eta taloak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA