ALDERDIAK

Maiorga Ramirezek hautagaitza aurkeztuko du EAko idazkaritza nagusirako

Ostiralean amaitzen da hautagaiak aurkezteko epea, eta hilaren 25ean egingo dituzte primarioak.

Maiorga Ramirez, EAk 2017an eginiko batzarrean. JON URBE / FOKU
jon olano
2019ko urriaren 9a
14:50
Entzun

Maiorga Ramirez EAko Nafarroako parlamentariak bere burua aurkeztuko du Eusko Alkartasunako idazkari nagusi izateko. Alderdia hauteskunde primarioak egitekoa da urriaren 25ean, eta, horri begira, Ramirezek esan du "ardura eta ilusio izugarriarekin" erabaki duela hautagaitza aurkeztea.

Ramirezek Onda Vascan eman du erabakiaren berri,  eta azaldu Carlos Garaikoetxea EAko buru ohi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren "pertsuasio gaitasunei" esker eman duela pausoa. Adierazi du EA "krisi guztietatik indartuta" aterako dela, eta uste du alderdiko kiderik gehienek "atsekabez" jaso zutela zuzendaritzak espedientea ireki izana Nafarroako, Arabako eta Gipuzkoako koordinatzaileei: "Tirabira horrek guztiak atsekabe handia eragin du, baina badugu gauza garrantzitsu bat: proiektu politiko demokrata bat, beharrezkoa herrialde honentzat".

Era berean, beharrezkotzat jo du "EAren jarduera aldatzea, alderdia eta EH Bildu indartzeko. [EAk] Egin dezala egin behar duen lan guztia EH Bilduk zentro-ezkerraren atxikimendua izan dezan, hori ezinbestekoa baita herri honetan gehiengo garrantzitsuak lortzeko". Ramirez idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu zuen EAk 2017ko ekainean eginiko batzarrean, baina Pello Urizar nagusitu zen bozketa hartan, hamalau botoren aldearekin.

Oraingoz, ildo ofizialeko hautagairik ez

Ramirezen pausoak jarrera aldaketa bat islatu lezake ildo kritikoaren barruan, sektore horrek esana baitzuen ez dagoela baldintzarik barne hauteskundeak egiteko. Hala ulertu du Iker Ruiz de Egino EAko zuzendaritzako bozeramaileak, nabarmendu baitu Ramirezen hautagaitzak erakusten duela hauteskunde prozesua "zilegi eta zuzena" dela. Eta azaldu  du oraingoz prozesua "normal" doala.

Ostiralean amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea, eta, oraingoz, Ramirezen hautagaitza baino ez da ezagutarazi. EAren zuzendaritzarekin kritikoa den ildokoa da Ramirez. Sektore ofizialak ez du oraingoz jakinarazi zein izango duen hautagaia. Asteburuan aztertuko dituzte hautagaitzak, eta baldintzak betetzen dituztenak astelehenean izendatuko dituzte —gutxienez 50 abal; herrialde bakoitzean, gutxienez bost—. Asteartean hasiko da kanpaina.

Pello Urizar idazkari nagusi ohiak ekainaren 24an jakinarazi zuen EAko buruzagitza uzteko erabakia, baina urak harro daude alderdian. Ildo kritikoak dio duela bi urtetik afiliatuen erroldarako sarbidea eskatzen ari zaiola zuzendaritzari. Datu basea "ezkutatzea" egotzi diote. Bestalde, alderdiko kuota ordaintzen ez dutenen errolda ere eskatu du ildo kritikoak, kopurua puztuta dagoelakoan ildo ofizialaren mesedetan. Horiek lortzeko, auzitara jo du sektore kritikoak, eta salatu Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako koordinatzaileei espedientea zabaldu dietela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.