«Makroproiektuen kopuru eskandalagarria» salatu du Euskal Herriak Bizirik sareak, Azpeitian

Eskualdean eraiki nahi zuten zentral eolikoaren proiektua —Piaspe— orain dela urte bete bertan behera geratu bazen ere, ondorio larriak izan ditzaketen egitasmo gehiago daudela gogoratu dute, elkarretaratze batean.

Protesta, Loiolan, gaur; aurrean, ertzainak. ANDONI CANELLADA / FOKU
Protesta, Loiolan, gaur; aurrean, ertzainak. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2026ko abuztuaren 1a
12:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun seinalatua izaten da gaurkoa Azpeitian (Gipuzkoa), San Inazio egunaren bigarrena; Loiolako basilikan prozesioa egiten da, eta Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta udaletako ordezkariak izaten dira bertan. Horregatik, protestarako ere baliatzen dute hainbat gizarte mugimenduk abagunea, eta gaur Euskal Herria Bizirik sareak egin du elkarretaratze bat: «makroproiektuen kopuru eskandalagarria» salatzeko izan da. Eskualdean eraiki nahi zuten zentral eolikoaren proiektua —Piaspe— orain dela urte bete bertan behera geratu bazen ere, ondorio larriak izan ditzaketen egitasmo gehiago daudela gogoratu dute, eta horien ondorioez ohartarazi. 

Tankerako egitasmoen kontra egiteak berebiziko garrantzia duela gogoratu dute. Piaspeko egitasmoa bera, esaterako, «mobilizazio sozial zabalari esker» gerarazi zela nabarmendu dute, eta berebiziko zentzua duela gaurko protestak ere. «Beste behin ere, basoak eta soroak proiektu pribatuz bete eta industrializatzeko oldarraldia salatu nahi dugu, kapitalismo fosilaren deribazioa baitira, berriztagarriak eta berdeak izatearen eufemismoaren pean», adierazi dute. Oso ugariak direla salatu dute: «Hego Euskal Herrian, energia eolikoa eta fotovoltaikoa atzemateko zentral industrialen 330 proiektu aurkeztu dira». Horietako hainbaten berri eman dute, protestan zabaldu dituzten pankarta ugarietan. 

Lehendik beste asko badaudela gogoratu dute, eta zerrendatu egin dituzte energia berriztagarriekin propio lotuta egon gabe ere egiteko bidean dauden beste hainbat azpiegitura, izan ditzaketen ondorioengatik. AHT Abiadura Handiko Trena jartzeko lanak salatu dituzte, adibidez: «Sortzen ari den zauria zentzugabekeria natural, sozial eta ekonomikoa da». Eta, baita ere, datu zentroak egiteko lanak. Hainbat motibo eman dituzte horien kontra. Baga: «Kontrol soziala areagotuko dute». Biga: «Ezinbestekoak dira Europaren arma berrindustrializazio planetarako». Higa: «Haien kontsumoa oso intentsiboa da energian eta ur kontsumoan». Horiekin batera, biometanizazio plantak eta meategiak egiteko proiektuak ere badaudela ekarri dute gogora. 

Instituzioen erabakiak

Instituzioen abaroan loratzen ari dira egitasmo horiek guztiak, haien «laguntza eta babesarekin». Eta, hain justu ere, gaurko protestan egotzi diete egun legeak ezarrita dituen trabak atzera botatze aldera, egitasmo horiei bidea irekiko dieten legeriak lantzen eta ezartzen ari direla. Botere politikoa «elite ekonomikoekiko morrontzan» ari denaren seinale dira lege aldaketa horiek Euskal Herria Bizirik sareko kideen ustez. EAEko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legea —Tapia legea gisara ere ezaguna— eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea, adibiderako, horren erakusgarri direla salatu dute.

Borrokan jarraitzeko asmoa dute. «Gure erantzuna irmoa eta erabatekoa da. Deskonposizioan dagoen sistema elikatzen jarraitzen duten praktika ekozidak baldintzatu nahi ditugu», adierazi dute.  Piaspeko egitasmoarekin argia izan zen jokabide hori; bazterrak nahastu zituen hasiera-hasieratik Urola erdialdean. Proiektua ezagutu eta berehala, eskualdeko plataforma batzuk, Sañu Bizirik esaterako, zentral eolikoaren kontra agertu ziren, eta, handik gutxira, plataformen iritziek talka egin zuten udalen eta enpresaren iritzien kontra. Iazko abuztuan eolikoa egitearen kontrako inpaktu adierazpena igorri zuen Jaurlaritzak, errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo luketen kaltea dela eta.

 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA