Statkraftek Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean (Gipuzkoa) egiteko asmoa duen Piaspe parke eolikoa egitearen kontrako inpaktu adierazpena igorri dio Eusko Jaurlaritzak, errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo luketen kaltea dela eta. Bereziki, mendialde horrek «ingurumen sentiberatasuna» duelako eta hegaztien ugalketarako funtsezko gunea delako ukatu diote baimena parkeari.
Hori dela eta, ebatzi dute proiektua «bideraezina» dela ingurumenaren ikuspegitik. Izan ere, aurreikusi dute hegaztiek «arrisku handia» izango dutela azpiegituren kontra jotzeko, eta kalteak eragingo dituela Natura 2000 Sareko guneetan. «Horregatik, ardura eta kautela printzipioak aplikatuz, eta ingurumen ebaluazioa oinarritu behar den prebentzio beharrean oinarrituta, ingurumen organo honek kaltegarritzat jotzen du Piaspeko proiektua», dio BERRIAk eskuratu duen ebazpen horrek.
Hegaztien ugalketari dagokionez, sai zurien, sai arreen eta miru gorrien hainbat habi daude haize errotak jartzekoak ziren ingurutik gertu. Statkraftek igorritako txostenean, inguruko hegaldi gehienak haize erroten palen mugimenduarekiko paraleloak zirela zioten, eta «salbuespenak» zirela perpendikularrak, baina Gipuzkoako Foru Aldundiko Fauna eta Flora Zerbitzuak gezurtatu egin du baieztapen hori, eta hegaztiei jarritako GPS aparatuen bidez lortutako datuak jarri dituzte mahaiaren gainean. Azterketa horiek hegazti harrapakarietan egin dituzte, baina zerbitzuak gehitu du babes maila handiko beste hegazti eta saguzar batzuei ere kalte egingo lieketela haize errotek.
Enpresak talken kontrako neurriak proposatu zituen, baina fauna basatia kudeatzeko eskumena duen organoak adierazi du neurri horiek ez daudela definituta, eta proiektuak, beraz, ez duela behar besteko bermerik ematen. Bestalde, landaredia dagoen 8.000 metro koadro baino gehiago lirateke betiko kaltetuak, eta «interes komunitarioko 4,6 hektarea habitat» ere betiko kaltetuta geratuko lirateke.
Hasieratik arazo
Statkraften asmoek bazterrak nahastu zituen hasiera-hasieratik Urola erdialdean. Proiektua ezagutu eta berehala, eskualdeko plataforma batzuk, Sañu Bizirik esaterako, zentral eolikoaren kontra agertu ziren, eta, handik gutxira, plataformen iritziek talka egin zuten udalen eta enpresaren iritzien kontra, Azpeitiko Soreasu antzokian egindako proiektuaren aurkezpenean.
Eta harrabotsak proiektua egitekoak ziren hiru udaletan ere izan zuen eragina, jarrera ezberdina izan baitute, nahiz eta hiru alkateak EH Bildukoak izan. Zestoako Udala, esaterako, nahiko hasieran aldendu zen proiektutik; Mikel Arregi alkateak 2022ko azaroan adierazi zuen orduan ez zitzaiela bideragarria iruditzen proiektua, baina prest agertu zen aztertzeko eta hitz egiteko.
Ez da lehen aldia Statkraften proiektu batek ezezkoa jasotzen duena Euskal Herrian. Urte hasieran, Norvegiako enpresaren Itsaratz proiektuak ere ingurumenean kalte gaindiezinak eragingo zituela ebatzi zuen Espainiako Gobernuak. Handik gutxira, martxoan, Aixeindarren Laminoria zentral eolikoari ere ezezkoa eman zion Eusko Jaurlaritzak, baina baiezkoa parke fotovoltaikoari.