Maria Txibite, Senatuko batzordean deklaratzeko eskaeraz: «Onartzen bada, joango naiz; prest nago»

Nafarroako presidenteak esan du alderdien erabakia izan zela berak parlamentuko batzordean ez parte hartzea.

Maria Txibite, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Maria Txibite, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko abuztuaren 14a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako gobernuburu Maria Txibitek adierazi du ez duela arazorik Cerdan auziaren inguruan Nafarroako Parlamentuan eta Espainiako Senatuan martxan diren ikerketa batzordeetan deklaratzeko. «Onartzen bada, joango naiz; prest nago», esan du, UPNk Senatuko ikerketa batzordean aurkeztu duen eskaeraren inguruan galdetuta.

Nafarroako Parlamentuko batzordeak uztailaren amaieran ekin zion bere bideari, eta abuztuaren 5ean egindako bileran aztertu zituzten talde parlamentarioek egindako dokumentazio eta agerraldi eskaerak. Azken horiei dagokionez, 40 izeneko zerrenda bat ondu zuten. Tartean dira auziko ikertu nagusiak: Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia, Koldo Garcia bizkartzaina eta Antxon Alonso Servinabarreko burua. Horiekin batera, baita azken urteetan ardura politiko nabarmenak izan dituzten hainbat lagun ere; besteak beste, Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilaria, eta Bernardo Ziriza, Javier Esparza, Lourdes Goikoetxea eta Francisco Iribarren kontseilari ohiak. Lehen biak PSNkoak dira, eta beste hirurak, UPNkoak.

Zerrendatik kanpo geratu ziren Maria Txibite eta Uxue Barkos, 2015etik Nafarroako presidente izan diren bi politikariak, UPNk haien agerraldiak eskatu bazituen ere. Txibitek, ordea, ukatu egin du berak erabaki horrekin zerikusirik duenik, eta alderdien gain jarri du ardura hori: «Talde parlamentarioek hartu dute erabakia».

UPNk, baina, gogor salatu zuen batzordearen gehiengoak hartutako erabakia. «Gaurkoa ikusita, argi utzi dute Maria Txibiteren gobernuak ura leporaino duela eta PSN, EH Bildu eta Geroa Bai eskutik helduta doazela», adierazi zuen Javier Esparza UPNko eledunak, bileratik atera berritan.

Erantzuna ez zen adierazpen hutsetara mugatu. Alderdi erregionalistako buru Cristina Ibarrolak jarraian jakinarazi zuen topatu zutela Txibite eta Barkos azalpenak ematera behartzeko beste bide bat: Senatuko ikerketa batzordera dei egitea. Eta haiekin batera, baita Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkari ohia, Javier Remirez senatari sozialista, Jose Luis Arasti Ogasun kontseilaria eta Servinabarreko langileak —horien artean dira Cerdanen arreba eta Alzorrizen bikotekidea—.

Gaur, Txibitek azaldu du ez duela inolako arazorik parte hartzeko, Senatuko batzordeak hala adostuz gero —PPk du gehiengoa Senatuan—. «Ni prest nago parte hartzeko, eta, noski, parte hartzea tokatuko zait talde parlamentarioek hala eskatzen badute, beste batzuetan egin dudan moduan», adierazi du presidenteak, eta gehitu hedabideek auzi horren inguruan egindako galderak ere erantzun dituela. Besteak beste, Txibitek ekainaren amaieran Belateko tunelaren adjudikazioaren inguruko agerraldi bat egin zuen parlamentuan, UPNk eta PPk eskatuta.

UPNren eskaera ikusita, PSNk ere erantzun zuen. Jakinarazi zuen Yolanda Barcina Nafarroako presidente ohiaren eta Oscar Arizkuren presidenteorde izanaren agerraldiak eskatuko zituela. Ikusteko dago, baina, horretarako nahikoa babes eskuratuko ote duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.